«Gaitzak kutsatutako aberea txertatu gabe badago, bi egunean hil daiteke»
Urduñan bizi da eta baserritarra da. Martxoaren hondarretik, Bizkaiko EHNEko lehendakari kargua hartu zuen. GARA berarekin hizketan egondakoan, 8 serotipoa Estatu frantsesetik Euskal Herrira heltzear zegoela aurreikusi zuen eta, ordu batzuk geroago, Ipar Euskal Herrian agertutako lehen kasuen berri eman zuten.
Ruben PASCUAL |
«Mihi urdina» izenez ezaguna den gaitza eragiten ari den iskanbila eta urduritasuna direla-eta, Mikel Kormenzana Bizkaiko EHNE sindikatuko lehendakariaren iritzia ezagutzeko aukera izan dugu.
Esan digunaren arabera, iaz indarrean jarritako protokoloa modu egokian betez gero, «mihi urdina» eragiten ari den kaltea ez litzateke hain handia izango.
Gainera, elikadura subiranotasunak eta bertako nekazaritzaren sustapenak izango luketen abantailaz hitz egin digu.
Zelan doa animalien txertaketa?
Egia esateko, nik uste dut ondo doala. EHNEko kideok egon gara baserritar askorekin, eta Urduña inguruan txertoak jarri dituzte, eta Durangaldean ere bai, eta Lea-Artibain... Kontua aurrera doa, egia da korrika dabiltzala eta gauzak beste modu batean egin zitezkeela, baina, behintzat, konpromisoa aurrera doa.
Esan zenutena gogora ekarriz, zailena mendian dauden abelburuak txertatzea izango omen zen. Zertan da kontu hori?
Bada, egia esan, ez daukat daturik, baina imajinatzen dut gaizki joango dela, uda aldera abelburuak mendira eramaten dituztelako. Kontuan hartu behar dugu mendian hazitako ganaduak duela kalitate gehien. Arazoa da animalia horiek batzeko menditik jaitsi egin behar direla, eta hori izango da zailena.
Zelan daude baserritarrak gaitzaren aurrean?
Jendea urduri eta kezkati dago. Horregatik eskertzekoa da txertaketa modu azkar batean egitea.
Hedabideetan zabaldu zutenez, Bizkaian soilik aurkitu ziren kasuak. Hala al da?
Ez. Kontua da, Gipuzkoa izan dela lurralde bakarra 1 serotipoaren aurka ardiak eta behiak aldez aurretik txertatuak zituena. Horregatik da normala ia kasurik ez agertzea. Hala ere, guk dakigunaren arabera, kasuren bat edo beste ari da agertzen. Araban, Bizkaian moduan, ardiak txertatu zituzten, baina behirik ez. Esan zuten behiak ez zituztela txertatuko 8 motako serotipoaren kontrako txertoa eduki arte. Kontua da, txertoa izan dutenean ere, eta arrazoi bat edo bestea dela medio, ez dietela abelburuei txertorik jarri, harik eta iskanbila hau guztia gainean izan duten arte. Ziur nago hurrengo egunetan gaitzaren kasu gehiagoren berri izango dugula, lurralde guztietan.
Hasieran esandakoaren arabera, Bizkaian aurkitutako kasuak oso gune zehatz eta definituetan agertu ziren. Zein da gaur egungo egoera?
Une honetan kasuak eskualde guztietan eta esplotazio pila batean ari dira agertzen. Gaitza oso hedatuta dago.
Hil al da abererik?
Bai. Kontua da, ardiei iaz jarritako txertoek ondo funtzionatu dutela, baina badaudela ardi gazteak eta artalde txikiak txertatu barik gelditu direnak. Horiek guztiak hiltzen ari dira.
Zein neurrira arte eragiten du gaitzak abereengan?
Gaitzak harrapatzen duen aberea, txertatu gabe baldin badago, hil egiten da zuzenean. Ez dago erdibiderik. Oso epe motzean hiltzen dira, gerta daiteke aztertzen dituzunetik bi egunera ardiak jada hilik egotea.
Bizkaiko lehen kasuak agertu zirenean, panorama nahiko zaila aurreikusi zenuten. Halakoa izan al da?
Bai, eta bada oraindik ere. Gure ardura nagusia gaitzaren kontrola zen eta, kutsatutako abelburuak bakartzea, hori ere iaz onartutako protokoloan jasota dagoelako, izan ere, protokolo horrek ez zituen bakarrik txertoak jasotzen.
Espero al zenuten gaitza hain arin hedatzea?
Ez. Uste genuen adostutako protokoloa martxan zegoela; eta egon bada, eraginkorragoa izango zela uste genuen. Esan zuten, 8 serotipoa lortu arte atzeratuko zutela txertaketa.
Eta, jarri al zituzten orduan txertoak?
Ez. Badira hiru hilabete txertoa badaukatela. Zertan aritu dira orain arte? Agian arazoren bat izan dute. Baina, uste dugu arazoa nahiko larria dela, ahalik eta indar gehien jartzeko.
Protokoloan izandako akatsei leporatzen al diezue gaixotasuna hedatu izana?
Bi aukera daude: edo protokoloan akatsak egon dira; edo protokoloa ez da nahikoa izan. Ezin dut esan zergatik izan den, baina horren gainean hausnartu egin beharko da.
Uste al duzue kasuak agertzean hartutako neurriak egokiak izan zirela?
Gaur egun daukagun egoerak argi adierazten du ezetz. Bestela gaitza ez litzateke hain arin zabalduko. Egia da txertoak arin jartzen ari direla, baina lehenagotik egin beharrekoa kontrol lana zen.
Zertan datza kontrol lan hori?
Kanpotik ekarritako ganadu guztia dagozkion frogekin, desinfektatuta eta ahalik eta baldintzarik onenetan datorrela egiaztatzean.
Behin gaitza zabalduta, balio al du oraindik kontrol lan horrek?
Bai, noski, beste serotipo batzuen agerpena eta kutsadura zabaltzea ekiditeko. Gainera, gaur egungo sistema kanpoko elikagaiei dagokionez hain liberal eta menpekoa denez, bertoko baserritarrak izorratzen ditugu. Kanpoko haragia, kanpoko prezioak eta kanpoko elikagai-krisia ekartzeaz gain, kanpoko gaitzak ekartzen baditugu...
Orduan, zer egin daiteke?
Pentsatu beharko genuke zein nekazaritza eredu daukagun, zein kontsumitzeko eredu daukagun eta zein zentzu daukan honek guztiak. Ingurumenaren gaian, politikoek, ematen ez den iraunkortasunaz hitz eginez betetzen dituzte ahoak. Ematen du hemengo sektoreak abiatzen direla lehenengoa hondoratzen, oreka bat bilatu beharrean.
Zer proposatzen duzue zuek?
Guk aspalditik esan dugu Europako ereduak ez digula balio. Merkatura eta lehiakortasunera zuzenduta dago eta hori ez da gure errealitatea. Geure errealitatean oinarritutako nekazaritza politikak nahi ditugu. Guk ekoitzi nahi dugu, baina geure merkaturako. Horren oinarria elikadura subiranotasuna da.
Serotipoak direla-eta, zein izango litzateke 8 motakoa hedatzearen ondorioa?
Iparraldeko jendea oso larrituta dago, 8 serotipoa ardietan nahiko ahula delako, baina behietan oso indartsua. Ardiekin 1ak egiten duena egiten du behiekin 8ak: bi egunetan hil egiten dira.
Egoera larria da, beraz.
Oso. Nahiz eta txertoak izan. Txertoa irtenbide bat da, baina ezin gara haien menpe izan. Txertoa urtero-urtero eman beharko da eta aurten Aldundiak ordaindu du, baina, hemendik aurrera nork ordainduko du? Bada, sektoreak, beti bezala. Nekazari askori, aurtengoaren moduko urte batean kostu hori gaineratzea, «puntilla» ematea bezala da. Sektorea errentagarritasun asko galtzen ari da.
Horretaz aparte, gaitzak beste eraginik izan al du sektorean?
Ez, oraingoz ez. Oraingoz beldurra dago, ezjakintasuna. Ez dakigu kontua zelan joango den eta entzuten duguna oso gogorra da. Honakoan txertaketa egin izan arren, gogoan izan behar dugu 1 eta 8 serotipoen aurkakoak ditugula soilik, eta gaixotasunak 24 mutazio dituela. Beraz, arriskua handia da eta ez da erraza geureganatzea.