GARA > Idatzia > > Kultura

KRITIKA euskal kostaldeko musikaldia

Belfasten sortutako kamerata, Baionako antzokian

Maite IDIRIN

Baionako antzokiak eman zion hasiera, lehen aldiz, Euskal Kostaldeko Musikaldiari. Bertan, azken urteotan Barry Douglas pianistak sortutako Camerata Ireland orkestraren kontzertua izan genuen.

Kamerata gaztea 31 musikarik osatu zuten herenegun; horrez gain, Barry Douglas bera zuzendari eta pianista bakarlari gisa aritu zen. Beethovenek pianorako eta orkestrarako idatzitako bost kontzertuetatik hiru interpretatu zizkiguten. Kontzertuari hasiera emateko, bigarrena hautatu zuten. Izan ere, gaur egun katalogoetan lehena bezala agertzen denaren aurretik idatzi zuen. Nabarmen, Haydn eta Mozarten eragina du.

Hasieratik pianoaren doinu bortitza deigarri gertatu zitzaigun. Nire aburuz pianoak agertokian zuen kokapenak eragiten zuen hori. Izan ere, ohiko kontzertuetan pianoa zeharka kokatuta izaten da; herenegun, aldiz, zuzendaria eta pianista pertsona bera izanik, pianistak publikoari sorbalda ematen zion eta pianoa zuzen ageri zen oholtzan publikotik begiratzean. Dena den, batzuetan oreka falta nabaritu genuen, batez ere pianoaren forteetan.

Allegro con brio, Adagio eta Molto Allegro joaldiak aski izan ziren Belfasten berriki sortutako kameratak lan ederrak eskaintzeko kalitatea duela ikusteko. Jarraian, katalogoetan lehen zenbakia duen kontzertua interpretatu zuten. Hori ere XVIII. mendeko eraginez beterik dago. Beethovenek berak ere horrela kontsideratzen omen zuen. Aurrekoan bezala, pianistaren lana nabarmendu zen, batez ere Largo joaldian pianoak eta orkestrak klarinetearen soloarekin duten elkarrizketa zoragarrian.

Bigarren partean, pianorako eta orkestrarako idatziriko katalogoko 4. kontzertua eskaini zuten. Beethoven 1806an hasi zen lan hori idazten, baina 1808aren amaiera arte ez zen estreinatu. Pianoaren eta orkestraren arteko oreka akatsgabea nabarmentzen da. Katalogoko 3. kontzertuan bezala, Beethovenek XIX. mendean sartzen du musika. Allegro moderatoa pianoak bakarlari hasten du, berrikuntza dena, eta 5. sinfoniaren motiboa iragartzen du. Pianoaren eta orkestra eta metalen arteko elkarrizketa aberastasun harmoniko eta erromantiko handiarekin egina dago. Andante con moto joaldia pianoaren eta orkestraren literaturan maisulana da eta interpretazioa zuzena izan bazen ere, emozioz eskas atzeman genuen. Amaierako Rondo-vivace joaldia, aldiz, era bizian eta espresiboan interpretatu zuten.

Txalo anitz bildu zituen Camerata Ireland orkestrak eta, publikoa eskertzeko, azken zatiaren amaiera bi aldiz berrinterpretatu zuten. Azken-azkenean, berriz, Irlandako agurreko melodia interpretatu zuten.

Fitxa

Interpreteak: Camerata Ireland.

Zuzendaria eta pianista bakarlaria: Barry Douglas.

Programa: Pianorako eta orkestrarako Ludwig van Beethovenen 1., 2. eta 4. kontzertuak.

Lekua eta eguna: Baionako antzokia, 2008ko abuztuaren 29a.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo