GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Europar hauteskundeak eta egoera soziala dira Batasunaren erronkak

Ainize BUTRON |

Udako herri eskolak antolatuz abiatu du aurten Batasunak sartze politikoa. Militanteei zuzendutako bi eguneko gogoetak burutu ostean, Xabi Larralde Batasuneko bozeramaileak alderdiaren urteko erronka nagusiak azaldu zituen. Hain zuzen ere, bi lan ardatz nagusi nabarmendu zituen: egoera soziala eta Europako hauteskundeak.

Jarduera politikoari dagokionez, kantonamendu eta herri hauteskundeetan abertzaleek izandako emaitzek «indartze etengabea» agertzen dutela azpimarratu zuen Larraldek.

Hori kontuan harturik, abertzaleen proiektua zabaltzeko «herritarrei gehiago hurbiltzea» xede dutela esan zuen Batasuneko ordezkariak; horren erakusle, herri eskoletan, besteak beste, autonomia proposamena herritarrei zabaltzeko era aztergai izan dutela argitu zuen.

Abertzale aldarrikapenetatik at, ezkerreko alderdi gisa mugimendu sozialetan aritzea garrantzitsutzat jo zuen Larraldek. Bide horretatik, egoera sozioekonomikoa kezkagarria dela esan zuen. «Krisi ekonomikoaren ondorioak langileen gain erorarazi nahi dituzte», salatu zuen. Ondorioz, sartze soziala «beroa» izango dela argitu zuen.

Lan ardatz gotorren ar- tean, Europako hauteskundeak daude. Estatu frantsesak Europako sei hilabeteko lehendakaritza hartu eta Europar Konstituzioaren ezeztatzearen ostean, «hauteskundeak giro berezian» iraganen direla azpimarratu zuen. Parean dagoen ildo «neoliberal bortitzaren» aitzinean abertzaleen inplikazioa ere goraipatu zuen. «Ustez blokeatua izan zen Eu- ropako Konstituzio neoliberalaren gauzapenak ez du lortu Lisboako Itunak aitzina egitea, Irlandak ezezkoa eman baitzuen», gogoratu zuen.

Euskara

Testuinguru horretan Euskal Herri gisa azaltzea beharrezkoa dela argitu zuen. Azken atal bat ere azpimarratu zuen Batasuneko bozeramaileak, «herri eskubideak». Ildo horretan, Estatu frantsesak euskararen gaian azaldutako jarrera sartu zuen.

2009. urterako frantses Gobernua hizkuntza gutxituei buruzko lege bat egitekotan dela gogoratu zuen Larraldek. Baina, Europako Konstituzioan gaia jorratu denean Frantziak izandako mespretxua kontuan hartuta, auziak abertzale gisa «arreta berezia» merezi duela azaldu zuen. Azkenik, euskararen ofizialtasunaren gaia mahai gainean jartzeko premia aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo