GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel liiga

Castrok azken unean lortu du garaipena eta lider da

«La Marinera» ontziak bandera eskuratu zuen aparteko azken luzeari esker eta Urdaibaik laugarren postuan bukatu zuen San Pedroren atzetik. Kantabriarrek puntu bateko abantaila dute sailkapen nagusian

p045_f01_097x164.jpg

Ander GARTZIA | ORIO

Oriok buru-belarri prestatua zuen atzoko estropada, aurreko astean garaipena izugarri gertu izan ostean, zaleei etxeko bandera eskaintzeko asmoa baitzuen. Hala ere, historia errepikatu egin zen: gipuzkoarrek estropada guztian zehar denbora azkarrenak markatu arren, Castrok ikaragarrizko laugarren luzea burutu zuen eta, azkenean, ehuneneko apur batzuen abantailarekin, denboraldiko zortzigarren garaipena eskuratu zuen. Horrenbestez, Ligako sailkapen nagusiko lider berria da.

«La Marinera» ontziak, astebete lehenago Ibaizabaleko uretan egin bezala, bere gizonen indarra erakutsi zuen erlojupeko beste estropada batean. Kantabriarrak ez ziren estropada txikitzera atera, baina, aurreneko ziabogetan oriotarren atzetik gertu ibili eta gero, azkeneko etorrian makineria osoa jarri zuten abian. Juan Mari Etxaberen mutilek begiz jota zuten azken jardunaldietan San Miguel ligako lidergoa eta bazekiten atzokoa egun aproposa izan zitekeela Urdaibairi punturen bat jateko. Atzo, gainera, bizkaitarrak bere mailarik onenetik urruti ibili ziren, batik bat estropada eremua ibaian kokatuta izanik. «Bou Bizkaia» ontziak ez zuen aurreko egunetako paladaren arrastorik erakutsi eta aurreneko maniobratik ez zuen denbora onik egin. Denboraldi hasieratik ontzirik indartsuena izan da Bermeokoa baina azkenaldian kantabriarrak erregulartasun handiagoa erakusten ari dira; ondorioz, aurreneko aldiz, San Miguel liga irabazteko hautagai nagusiak bihurtu dira.

Oriok, berriz, buru makur bueltatu behar izan zuen lurrera bigarren astez jarraian garaipena gertu-gertu izan ostean. Hala ere, beste behin, maila oso altuan aritzeko gai direla erakutsi zuten gipuzkoarrek eta, datorren osteguneko Kontxako sailkapenari begira, punturik egokiena hartzeko zorian direla ikusi ahal izan zuten San Miguel ligako gainontzeko aurkariek.

Datorren hilabetean jaitsierako eta igoerako kanporaketetan izango diren bi ontziek, Arkotek eta Meirak, maila txukuna eman zuten atzo. Hala, ligako bi postuak garesti saltzeko prest direla erakutsi zuten. Plentziarrak ez ziren gai izan hurrengo txandetako ontzien denborak hobetzeko, baina ziabogetan denbora politak burutu zituzten. Kantabriarrek, berriz, denboraldiko estropadarik onena osatu zuten. Horren erakusle, aurreneko aldiz, ez ziren lehen bi maniobratan azkenak izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo