San Miguel liga
Kolpea itzuli eta eskura dauka liga Urdaibaik
Espainiako Txapelketan gertatu bezala Castrok porrot egin zuen etxean eta atzo bandera irabazi zuten bermeotarrek bost puntuko errenta dute orain
Ander GARTZIA | BILBO
Aurtengo San Miguel ligan pozek eta tristurek iraupen mugatua dute, estropada batetik bestera arraunlariek atsedena hartzeko duten denbora alegia. Herenegun Castrok sailkapena erabat irauli zuen Orion zortzigarren bandera lortu eta gero, eta aurtengo ligak faborito nagusia zuela zirudien. Atzo, ordea, traineruen errendimenduan horrenbeste gorabehera bizi dituen txapelketak beste kapitulu berri bat eskaini zuen. Lidergoa galdu berria zuen Urdaibaik egundoko erakustaldia eman zuen aurkari nagusiaren uretan eta, kantabriarrek, urduritasunak eta pirpirak jota, behea jo zuten berriz ere zaletuen aurrean. Orain hiru aste Astillero izan bazuten borrero, atzoko egunean bermeotarrek izorratu zieten herriko arraun festa.
Bizkaitarrak amorruz atera ziren hasierako txanpatik eta, lehen maniobratik atera bezain pronto, jaun eta jabe izan ziren. Azken asteotan piztutako zalantza guztiak 19 minutu eta 34 segundotan uxatu zituzten, Astillerok Espainiako Txapelketan ezarritako errekorra baino hiru segundo gehiagotan. Badirudi bizkaitarrak punturik egokiena berreskuratzean ari direla Kontxa hurbildu ahala eta, liga amaitzeko bi probaren faltan, bost puntuko errenta dute. San Pedrok, berriz, estropada txukuna osatu zuen eta, atzetik aurrera eginda, ezustekoa emateko zorian izan zen. Gipuzkoarrak denboraldi txukuna egiten ari dira erregulartasunari esker eta atzo ere merezitako garaipenetik hurbil izan ziren.
Bigarren txandako ontziek ere indarrak neurtzeko parada izan zuten ostegunean Donostiako badian jokatuko den sailkapen estropadari begira. Izan ere, traineru indartsuenen hutsegiterik ezean, beraiek markatuko dute Kontxan horren baliotsua den zazpigarren postuko muga, betiere Meira edota Kaiku bezalako traineruen baimenarekin. Atzoko azken azterketan Pedreñako traineruak maila ederra eman zuen eta hirugarrena izan zen helmugan.
Orioko bigarren taldea aise nagusitu zen bigarren egunez jarraian eta Astillerorekin batera KAE ligako aurreneko multzora igotzeko txartela eskuratu du merezimendu osoz.
San Vicente de la Barqueran jokatutako estropadan, oriotarrek aurreneko ziabogatik hartu zuten probaren burua eta ez zuten aurkaririk izan. Zierbena gogor saiatu zen, baina ezer gutxi egiteko aukera izan zuen. Portugalete izan zen hirugarrena eta Trintxerpe laugarrena. A. G