GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Hogeita hamaika eskutik

Horren zaila ote da kontuak, batuketak eta kenketak egitea beste zailtasunik gabekoak, atera eta haien arabera jokatzen hastea? Hiru aste behar ote dira Georgiako krisian hogeita hamaikako jokoa daramala Errusiak eta, gainera, eskutik dagoela jabetzeko, Europar Batasunari gertatu bide zaion bezala? Ez ote dira konturatzen Mendebaldean biraoka dabiltzan horiek Saakashvilik botatako hordagoa probestea besterik ez duela egin Errusiak, eta galera hori itzulezina dela jada?

Hiru aste behar izan ditu Sarkozyren Europak hasierako puntura itzultzeko, errieta eta mehatxuen itzulinguru guztia ahitu ondoren (eta Moskuren aurkako aliantza handia eskatzen jarraitzen du oraindik Millibandek; aitak ikusiko balu!). Hiru aste ohartzeko energiaren alorrean ezbairik gabeko dependentzia duela Errusiarekin; Kosovon arestian berretsitakoak, baina baita ere Europa Ekialde osoan 90ko hamarkadan gertatuek, atzera ezinezko bidea zabaldu dutela muga sagaratuen zorigaiztorako; garai bateko SESBaren eta egungo Errusiaren aurkari izatea beste helbururik ez duen NATO barrabiletatik harrapatuta daukala Putinek, Afganistango abenturari esker; eta... Hogeita hamaika eskutik, muslaririk kaikuenak berehalaxe sumatuko lukeen legez. Baina «gure» agintariek hiru aste behar izan dituzte Errusiarekin bakea behar dugula erabakitzeko.

Txundigarriagoa da gauzak oraindik gehiago gaiztotuz (adibidez, Kaukaso aldeko saltsan gehiago murgil dadin, edota Sebastopoleko basea Errusiari ken diezaion, Ukraina xaxatuz) azkenean auzitik zerbait onik atera dezakeela Mendebaldeak uste dutela diruditen horiena. Egia da beste nahaspiletan ere (Iraken, Afganistanen) errezeta bertsua darabiltenak direla... Deigarria gertatzen da, edonola ere, halakoek Saakashviliri kritikarik txikiena ere ez diotela egiten ikustea; ezta haren estrategia ontzat emanda ere arbuiatu beharko litzaizkiokeenetan: esate baterako, georgiar armadak erakutsi duen ezgaitasun lotsagarria, gerra ahalik gehien luzarazi eta Mendebaldearen babesa aldarrikatzea ezinbestekoa zutenean; Tskhinvaliko sarraskia ez aipatzearren.

Errusofobo konpultsibo hauek ez dute ohartu nahi Castrok Kuban egindakoa alderantzikatzea besterik ez litzatekeela Saakashviliren egitasmo estrategikoa... Baina Castrok ez zuela inoiz Guantanamo erasotu eta, aldiz, Bahia de Cochinosen eraso ziotenak zukutu egin zituela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo