GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Gotzon Iparragirre Burgoa Herrittarron Udalaren izenean

Ondarroako Gestorak udal idazkaria eta arkitektoa kaleratu ditu

Zilegitasun gabeziaz gain gardentasun gabezia behar dute euren gestioan, eta udal langileen kanporaketak testuinguru horretan kokatu behar ditugu

Azken egunotan jakin dugunez, Ondarroako Gestorak Udaleko idazkaria eta arkitektoa kaleratuko ditu irailaren 1ean, inolako arrazoirik eskaini gabe. Eta itxura denez, ez da Ondarroako udal langilegoak jasango duen aldaketa bakarra, Ibon Aranbarri Gestorako kideak eta Lanarigoko arduradunak plantilla berregituratzeko asmoa adierazi baitzuen kargua usurpatu eta berehala. Gainera, horrelako kontuetan badauka esperientzia Lea-Artibai Mankomunitateko lehendakaria izan zenetik.

Agustin Olabarriaga Ondarroako Udaleko idazkaria da 1990eko irailetik. Bere aurretik aritu ziren idazkariek oposaketa aterata bai, baina euskararik ez zekitenez, Herri Batasunak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak Olabarriaga Ondarroako Udaleko idazkari izendatzea adostu zuten, bi alderdietako baten konfiantza galtzen bazuen kargua uzteko akordioarekin, bere aldetik. Ezker abertzalea eta alderdi jeltzalea udal gobernuan txandakatu dira 18 urte hauetan zehar, orain dela bost urte apartheid egoera ezarri zen arte. Ondarroako Udalean egoera latzak bizi izan dira 18 urte hauetan, baina horien gainetik bai ezker abertzaleak bai PNVk idazkariaren figura errespetatu dute, eta hortxe aritu izan da Olabarriaga, Loren Arkotxa zein Aitor Maruriren agintaldietan. Azken bost urteetan ere, ezker abertzalea udaletik baztertuta egon arren, ez dio konfiantzarik kendu Olabarriagari. Felix Aranbarri eta Miren Josune Ariztondok gidatzen duten Gestorak, ordea, idazkaria kaleratzea erabaki du, agintaldia hasi eta urtebete eskasera. Teknikoki, Olabarriaga ez denez Ondarroako Udaleko funtzionarioa, kaleratzea barik kontratua ez berritzea izan dela argudia dezakete, baina idazkariak lanpostuan 18 urte daramatzala kontuan hartuta, argi dago estalitako kanporatzea dela.

Ez da kanporatze bakarra izango, esan bezala Enrique Crespo arkitektoak ere maletak egiteko agindua jaso baitu Felix Aranbarriren ahotik. Honek 12 urte daramatza Udalarentzat lanean, eta hasieran kabineten baten bidez kontratatzen bazuten ere, Aitor Marurik zuzenean Udalaren bidez kontratatzea erabaki zuen azken agintaldian. Paradoxaz, Maruri alderdian berriz onartu duten une berean, Crespo kaleratu egin dute.

Zergatik? Zertarako? Lehenik eta behin, komeni da jakitea idazkari eta arkitekto berriak ailegatu aurretik, aurrekoak jada Udaletik kanpo egongo direla. Hau da, sartzen direnek ez dutela inolako informaziorik jasoko aurretik aritu direnen aldetik, beharbada euren aholkuekin berrien jarduera baldintzatu edo kutsatu dezaketelako. Azken 18 eta 12 urteotan Udal organigramaren postu estrategikoetan egon izanak eman dien jakituria eta esperientzia alboratuz, Gestorakoek berriren berri nahi dituzte langile berriak, irizpiderik gabe, informaziorik gabe, Aranbarri-Ariztondo tandemaren aginduak txistik esan gabe betetzeko prest. Gainera, lanpostu hauek esleitu gabe, ordezkoak jada izendatuta daudela jakin dugu. Nortzuk dira? Zein irizpide erabili dira hauek aukeratzeko orduan? Ez gara asko erratuko alderdi jeltzalearen orbitakoak direla pentsatzen dugunok. Laster jakingo dugu, lasai.

Ondarroako Gestorak ez dauka inolako zilegitasunik, eta eurek ere badakite hori. Horrez gain, urtebetean zehar egin duten gestioa penosoa izan da. Plan handinahiak iragarri bai, baina egunerokotasunean ez dute gestiorako gaitasunik erakutsi, aurtengo jaiak, kasu. Horregatik, ez dute nahi herriak jakitea zertan dabiltzan. Zilegitasun gabeziaz gain gardentasun gabezia behar dute euren gestioan, eta udal langileen kanporaketak testuinguru horretan kokatu behar ditugu. Informazioa ukatzen digutenez ez daukagu ziurtasunik, baina itxura denez Iturribarri-Kamiñalde aldeko etxebizitzen eraikuntza izugarrizko zuloa eragiten ari da udal ogasunean, eta hori zabaltzea ez da komeni. Ez dute nahikoa udal karguak usurpatzearekin, plenoak itxi eta herritik kanpo egitearekin, udal batzordeak deuseztatzearekin... Herritar bezala informazio eskuratzeko dauzkagun zirrikitu urriak ere ukatu nahi dizkigute, eta idazkariaren eta arkitektoaren defenestrazioa, mehatxu zuzena bihurtzen da udal langile guztientzat, hurrengoa edonor izan daitekeelako, eurak losentxatzen ez dituen edonor, noski. Euren gestioa hain da lotsagarria ez dutela nahi inortxok ere jakitea. Hobe da Jose Luis Bilbaori negar pixka bat egin, eta desobedientzialariak zigortzeko bezala, Bizkaiko Diputazioari txaplatak eskatzea, idazkaria eta arkitektoa, oraingo honetan. Baina Ondarroak ez dauka txaplata beharrik, jantzi berri baten premia baizik, norberarentzat norberak aukeratutakoa, ez Sabin Etxeko moda adituek inposatutakoa. Herrittarron Udalean horretan ari gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo