MOTOZIKLISMOA San Marinoko Sari Nagusia
Xanpaina freskatzen jarri du dagoeneko Valentino Rossik
Agostini herrikidearen 68 garaipeneko marka berdindu du Yamahako pilotuak eta Moto GPko txapelketa esku-eskura du atzo Stoner berriz ere erori ostean
GARA | SAN MARINO
Beste maila bat igo du Valentino Rossik motoziklismoaren Olinpoan. Atzo Misanoko zirkuituan lehen aldiz gailenduz, Yamahakoak Giacomo Agostiniren marka berdindu du: 68 garaipen. Sari Nagusi gehien irabazi dituen gidaria bilakatzeaz gain, Italiari 700. garaipena eman dio.
Eguna ezin hobea izan zen Rossirentzat. Izan ere, entrenamendu ofizialetan polea lortu arren, Stonerrek ezin izan zion emoziorik eman ez lasterketari ez txapelketari. Lasterketa buruan zela, australiarra erori egin zen zortzigarren itzulian eta bidea argitu zion bere etsai nagusiari. Hala, xanpaina freskatzen jarri dezake dagoeneko Rossik, esku-eskura baitauka txapelketa: 75 puntuko abantaila du eta, atzoko istorioa errepikatuz gero, Indianapoliseko zirkuituan txapeldun izango da. Hori bai, kontuan izan behar da AEBetako Sari Nagusia dela italiarraren palmaresean falta den bakarra.
Horiek horrela, gainontzeko gidariak bigarren postua lortzeko borrokatu beharko dira. Stoner berak, gainera, azken asteotako ibilbideari buelta eman beharko dio denboraldia bigarren postuan amaitu nahi badu, Pedrosa eta Lorenzo gero eta gertuago baititu. Yamahakoa bere taldekidearekin batera igo zen atzo San Marinoko podiumera eta Hondakoak, berriz, laugarren postua eskuratu eta bi puntura murriztu zuen Stonerrekiko desabantaila orain arte pneumatikoekin zituen arazoak ahaztuz. Hala ere, badaezpada, Indianapolisetik aurrera Bridgestonekin arituko dela aurreratu du Lorenzok.
Polemika litro erdian
Litro erdiko txapelketan, Simoncelli seigarren izan zen, Bautistak lasterketa irabazi zuen eta Barberak podiumeko azken maila zapaldu zuen. Ondorioz, italiarrak lidergoa mantendu du, txapelketako lehenaren eta laugarrenaren artean 48 puntuko aldea bakarrik dagoen arren.
San Marinon, Simoncelliren eta Barberaren arteko borrokak beste kapitulu bat izan zuen. Bi pilotuak hainbat aldiz elkar ukitu ondoren, amaierarako hiru itzuli besterik falta ez zirenean, Apriliakoa jausi egin zen. Italiarra oso haserre helmugaratu zen eta hitz gogorrak elkartrukatu zituen Barberarekin.
Litro laurdeneko txapelketan ere gauzak oso estu daude. Gabor Talcmasik garaipena eskuratu zuen Bradley Smith eta Simone Corsiren aurretik. Aldiz, Mike Di Meglio puntutatik kanpo geratu zen erorketa bat izan eta gero.
Lasterketa ezin hobea egin ondoren, hungariarrak 39 puntura murriztu du Di Megliorekiko zuen aldea; tartean, Corsik 24 puntuko desabantaila txikia du uneotan frantziarrarekiko.
Efren Vazquez bilbotarra, azkenik, puntutan sartu zen atzo hamaikagarren izan ostean.
Misanoko zirkuituan lehen aldiz gailenduz, herrikidearen marka berdindu du Rossik: 68 garaipen. Sari Nagusi gehien irabazi dituen gidaria bilakatzeaz gain, Italiari 700. garaipena eman dio. Horrez gain, txapelketa eskura du.
Simoncelliren eta Barberaren arteko lehiak beste kapitulu bat izan zuen; hainbat aldiz elkar ukitu ondoren, italiarra jausi egin zen. Seigarren postuan amaitu arren, txapelketako lidergoa mantendu du Apriliako pilotuak.