7 Sois 7 Luas kultur jaialdia Euskal Herrira heldu da
Iragan mende bukaeran sortutako 7 Sois 7 Luas jaialdiko kide egin berri da Deba. Horrela eta aurrenekoz, Euskal Herrian ere ospatuko da Toskanan eta Alentexon jaio ostean Europako hegoaldeko eta Afrikako iparraldeko makina bat hiritan burutzen den jaialdia. Hasteko, Akim El Sikameya aljeriarrak Deban joko du datorren ostiralean, irailaren 5ean.
Anartz BILBAO | DEBA
7 Sois 7 Luas, Europako hegoaldeko eta Afrikako iparraldeko kultur aberastasuna azaleratu eta ezagutaraztea helburu duen jaialdia, iragan mende bukaeran sortu eta Euskal Herrira heldu da egun, Gipuzkoako Deba herria ekimeneko kide egin baita. Hala, bederatzi Estatuko hogeitaka herritan erakusleihoa duen festibalak Akim El Sikameya aljeriarra ekarriko du Debara.
Marco Abbondanza dugu jaialdiko zuzendaria, eta berak azaldu digu egitasmoaren jatorria. «Sete Sois Sete Luas 1993an sortu genuen, Europako hegoaldeko kulturen eta artisten arteko zubi bat eraiki nahian, eta Alentexoko Montemor-o-Novo (Portugal) eta Toskanako Pontedera (Italia) izan zituen lehen kokaguneak». Ideiaren sortzailearen esanetan, «Europako hegoaldea mugarik gabeko eremu gisa ulertu eta etengabeko kultur trukaketa bat sortu nahi genuen hiri txikiak kokagune hartuta; hori da gure asmoa hasiera-hasieratik».
Helburuei dagokienez, beraz, «Mediterraneoko itsasertzen arteko hartu-emana sortu nahi dugu, sorkuntza bultzatu, sarea osatzen duten herrietako artistak ezagutarazi eta jaialdi kementsu eta oparo bat antolatu betiko zentroetatik kanpo».
Aurten estreinakoz Euskal Herriratuko den jaialdiak, «musika du esparru artistiko garrantzitsuena, baina ez bakarra; arte plastikoei eta kale antzerkiari ere arreta jartzen diegu-eta».
Bertan parte hartzen duten artistei buruz ere galdetu diogu Abbondanzari, jaialdiak gure artistak kanpoan ezagutzera eman daitezen lagun dezakeela pentsatuta. «Aukeraketa egiterakoan jaialdia ospatzen den tokietatik datozen artistek dute lehentasuna, baita Mediterraneo eta Makaronesia (Madeira, Cabo Verde, Azore eta Kanariar irlak) ingurukoek ere». Jaialdiaren kokaleku diren herriek lan talde bana dute, artistak proposatu eta aukeraketa egiten duena. «Hasiberriak diren artista interesgarriei edo beraien herrietan oso ezagun izan arren kanpoan jotzeko aukerarik ez dutenei tokia egitea dugu xede».
Euskal Herriaren kasuan, «datorren urteko egitarauan makina bat euskal artistei Sete Sois Sete Luas jaialdian jotzeko aukera eman nahiko genieke, kanpora ere atera daitezen». Kultur trukaketa horretan baina, «sustraietan oinarria duten artistak aukeratzen ditugu, `world music' tankerakoak edo, eta ez rock, jazz edo talde klasikoak, jatorriarekin zerikusi zuzenik ez dutenak», esan du Abbondanzak. «Izan ere, mundu anglosaxoiaren nagusitasun kultural eta musikal ikaragarriaren haurrean gaude-eta», hausnartu du. Azken finean, «herri bakoitzeko artista eta kultur eragileek kontatzen digutena entzun eta bertan egiten diren kultur jardun interesgarrienak ezagutzera ematen saiatzen gara. Horrela, ezberdintasunari balorea eman eta herri bakoitzak gordetzen duen aberastasuna azaleratu nahi dugu, kultura ezberdinak berdintasunean jarrita».
Aurten estreinakoz jaialdia Euskal Herrian ere burutuko dela-eta, pozik azaldu da Abbondanza. «Euskal Herriko kulturak indar handia du, eta jaialdiko beste herrietara zabaldu nahi dugu. Tenerife uhartean jaialdiko ekoizlearekin harremanetan jarri ostean, Ubane Uzinek -Gaztelupeko Hotsak zigiluko partaideak-, jaialdian parte hartzeko agertu duen interes eta ilusioari esker, Debara helduko da Sete Sois Sete Luas aurten».
Bederatzi estatutako hogeita hamar herri ingurutan ospatzen da egun jaialdia. «Etengabeko hedapena izan dugu eta pozik gaude egun horrenbeste tokietara iristeko aukera dugulako. Etorkizunean ere gero eta kokagune gehiago izan nahiko genituzke Europako hegoaldean eta Afrikako iparraldean. Mediterraneo eta Makaronesia inguruan kultur aberastasun ikaragarria dago eta oso herri interesgarriak daude, elkarren berri apenas izan eta kanpora atera ezinik aurkitzen direnak», eta etorkizuneko erronkei begira, «egoitza bat izan nahiko genuke herri bakoitzean». Horrez gain, «musika ekoizpen original eta propioak bultzatu nahi ditugu, Deban joko duen 7 Sois Orkestra bezalakoak, eta noski, ikus-entzuleak harrituko dituen jaialdi eredua sortu, festibal komertzialek darabiltzaten egituretatik urruti; hau da, izar handirik, txartel garestirik... gabe».
Jose Saramagoren ohorez
Elkarrizketaren bukaerara helduta, jaialdiaren izenaren jatorria ez dugula oraindik ezagutzen konturatu gara. «Sete Sois Sete Luas izenak zazpi eguzki zazpi ilargi esan nahi du portugesez eta Jose Saramagoren `Memorial del Convento' nobelatik hartutakoa da», argitu digu Abbondanzak. «Saramagok lehen jaialdian parte hartu zuen, artean hasiberriak eta ezezagunak ginela», gaineratu du harro. «Oso gizon eskuzabala da Saramago eta laguntza eman zigun. Lehen jaialdian idazle gisa parte hartu zuen Toskanan, eta Italian oraindik argitaratzeke zen nobela bateko etekinak oparitu zizkigun. Gero, behin literatur Nobel saria irabazita, `No a la guerra' lanean antzezle legez parte hartu zuen berriro festibalean eta, 1994a geroztik, bera da jaialdiko ohorezko lehendakaria».
Ohorezko lehendakaritza Dario Fo italiar dramaturgoarekin partekatzen du Saramagok. «Dariorekin gerora egin genuen harremana, 2002an erakusketa handi batekin Portugalen parte hartu zuenean. Harrez gero, eta Fok jaialdiarekin grinatsu bat egin zuela ikusita, Saramagoren ondoan egon zedin eskatu genion, eta baiezkoa eman zigun».
Gero eta kide gehiago izanik, egitarau zabal eta oparoa aurkezten du jaialdiak. Aurten martxoaren 6an ekin zion Greziako Ioanninan. Maiatzean Portugaleko hainbat hiritatik pasatu ostean, uztailean Israel, Andaluzia eta Italian zehar ibili zen hara eta hona. Abuztuan, berriz, Marokora ere iritsi zen.
Aste honetan Euskal Herrian izango da eta gero Greziako Alimos hirira eta Alentexora (Portugal) joango da, azaroan Cabo Verde uharteko Ribeira Granden bukatzeko. Bertan Rogelio Botanz jatorri euskalduneko artistak joko du, besteak beste. Markeliñe antzerki taldeak ere hartu du parte aurtengo jaialdian.
Egitasmoko kiden diren herrialdeetako kultur aniztasuna ezagutaraztea da jaialdiaren xedea eta, horretarako, kultur trukaketa sare bat antolatu dute, artistei hiri askotan jotzeko aukera ematen diona.
Euskal Herriko estreinaldian 7 Sois 7 Luas jaialdiak Akim El Sikameya aurkeztuko du Deban, irailaren 5ean. Biharamunean Ostolaza eta Pujana trikitilariak izango dira bertan, 7 Sois Orkestrarekin batera.
XX. mende bukaeran Italian jaiotako jaialdia bederatzi Estatuko hogeitaka hiritan ospatzen da; Cabo Verde, Kroazia, Espainia, Frantzia, Grezia, Israel, Italia, Maroko eta Portugal dira herrialde horiek. Jaialdia egitasmoko kide diren herrialdeetako kultur aberastasunaren ispilu dugu. Bertan, musika, kale antzerkia eta arte plastikoa lantzen dira eta aurten estreinakoz izango da Euskal Herrian, Gipuzkoako Deba herria jaialdiko kide egin berri baita.
Europar Batasuneko Caleidoscopio, Cultura2000 edo Interreg IIIB Medocc programen laguntza jasotzen du 7 Sois 7 Luas jaialdiak, duen hedapen zabala eta kalitate kulturala dela-eta.
Jaialdiko ohorezko lehendakariak bi literatur Nobel saridun dira; Jose Saramago idazle portugaldarra bata (bere obra batetik atera zuten jaialdiari izena ematen dion 7 Sois 7 Luas) eta Dario Fo antzerkigile italiarra bestea.
Europako hegoaldeko eta Afrikako iparraldeko hirietan ospatzen den jaialdiak egitasmoko kide diren herrialdeetako kultur aberastasuna plazaratzea du xede eta kultur trukaketa sare bat darabil horretarako, estatuak gainditu eta herriei protagonismoa ematen diena.
Jaialdia: 7 Sois 7 Luas.
Lekua: Alameda (Deba).
Irailak 5:
22.30ean, Akim El Sikameya.
Irailak 6:
18.30ean, Ostolaza eta Pujana + 22.30ean, 7Sois Orkestra.
Sarrera: Doan.
Informazio gehiago: www.7sois7luas.com.
7 Sois 7 Luas jaialdiak Euskal Herrian egiten duen lehen edizioak Akim El Sikameya aljeriarra hurbilduko du Debara, data bakarrean. Sikameyak raï doinuak (XX. mende hasieran Oran inguruan sortuak), kanta arabiar-frantziarrak, Marokoko kantu herrikoiak eta klezmer musika (Europa ekialdeko judutar askenaziena) nahasi ohi ditu.
Oranen jaioa, Nassim El Andalous musika eskolan ikasketak burutu zituen txikitan Sikameyak, eta kantatzen zein arrabita jotzen ikasi. Doinu arabiarrei ez ezik, flamenko, bossa, zeltiar eta ijito musikei ere jarri izan die arreta aljeriarrak musika egiteko. Egun Marseillan (Frantzia) bizi da eta 1999an «Atifa-Oumi» estreinako lana argitaratu ostean «Aïni-Amel» izan zuen bigarrena. Oholtza gainean Cesaria Evora, Khaled edo Noa artistak izan ditu lagun. Gainera, Peter Gabrielek gonbidatuta Womad jaialdi entzutetsuan ere izan da behin baino gehiagotan. Hirugarren lana plazaratu berria du, «Un chouia d'amour» izenekoa. Egun Marseillan bizi denez, bere kantuetan bertatik salatzen ditu jaioterriko fundamentalismoa eta boterearen ustelkeria.
Debako kontzertua datorren ostiralean, irailaren 5ean, izango da; 22.30ean, Alamedan eta doan. Biharamunean, bertako ordezkarien txanda izango da, Ostolaza eta Pujana trikitilariena. Beraiekin batera 7Sois Orkestra izango da, hainbat jatorriko musikariek osatu eta Mediterraneoko doinuak lantzen dituena.
A. B.