GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Busti Irratiak indartsu ekingo dio ikasturteari, Bermeoko jaietan bustiz

Ur eta ibai guztietako Busti irrati librea Bermeoko jaietan murgilduko da aste honetan indarra hartu eta ikasturte berria behar bezala hasteko. Ez da gutxiagorako; irratsaio gehiago eta ezberdinak eskaini nahi dituzte. Bien bitartean, ondo pasatzeko parada eskainiko dute Bermeon.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Bizitza laburra izan arren, tantaz tanta sortzen eta hazten doa Busti Irratia. Indarra batzeko une egokia izango dute hurrengo astean Bermeoko jaietan, antolatu dituzten ekintza ugariei esker herritarren artean ezagutzera emateko aukera izango baitute. Bide batez, oso ondo pasatzeko aukera ere izango dute, horixe baita azken finen jai ororen helburua. Jaiak amaitutakoan, ordea, lan dezente izango dute irratikoek, hainbat irratsaio eta ekimen berrirekin hasiko baitute iraila.

Edozein jaitan oinarrizkoa den elementua ere prestatu dute Busti irratikoek; txosna -Askapena elkartearekin batera ipiniko dute-. Beraz, irratikoen etxea txosna izango da jaiak iraun bitartean. «Bertan, musika zaintzen eta irratsaioak egiten saiatuko gara», azaldu du irratiko kidea den Ekaitzek.

Busti Irratiko ur-ekintzak, ordea, irailaren 7an hasiko dira, Almiako jaitsieran, hain zuzen. Bermeotar bakoitzak erabaki beharko du nola prestatu hitzordu berezi horretarako. Irratikoek, dutxa-mugikor bat eramango dute ura beraien elementua dela aldarrikatzeko.

Hurrengo egunean, hots, irailaren 8an, Busti Eguna iritsiko da; irratikoek antolatutako jardunaldi berezia. Egunez ez dute ekintzarik egingo, segur aski aurreko gauean txosnan egindako lanaren ondoren deskantsatzea beharrezkoa izango baitute... Aldiz, 20.00etan, mahai-ingurua egingo dute. «Jaiak eta sexua» izango da hitzorduan landuko duten gaia; horretarako, «Zelan busti zipriztindu barik?» galdera jarriko dute mahai gainean. «Gizarte hezitzaile bat, Bermesex sexologia aholkularitzako kide bat eta Txo Hiesa elkarteko kide bat izango ditugu besteak beste», ezagutarazi du Ekaitzek. Gau aldera, 21.30ak jota gutxi gorabehera, esperimentu edo nahasketa bitxi bat egiten saiatuko dira: reggae bertso saio bat. Ekitaldiak «Busti Sound System eta Reggae Bertso saioa» izena izango du. Irailaren 12an, preso eta iheslarien aldeko estropada egingo da txosna batzordeak antolatuta. Busti Irratiak partaidetza berezia izango du ekitaldian, zuzeneko emankizuna egingo baitu.

Ekintza zehatzez gain, jaietan zehar sinadura bilketa bat ere egingo du Busti Irratiak. Helburua Xixili ez erretzea lortzea izango da. Irratitik azaldu dutenez, kanpaina umoretsua izango da. Kontuak kontu, Xixiliren aldeko ekimenean parte hartu nahi duenak txosnara hurbiltzea besterik ez du.

Indarrak hartu ostean, ikasturtea hasiko da; bertan, irratsaio gehiago eta ezberdinak izango dira. Oraindik proposamenei irekita daude, baina honakoak baieztatuta daude jada: sexu aholkularitzari buruzkoa, zinema saioa, musika «horterapoperoa» jorratuko duena... Aurkezpenean esan bezala, «tantaz tanta sortuko dugu olatua».

JAIAK ETA SEXUA

Irailaren 8an, Busti Egunaren barruan, «Jaiak eta sexua» mahai-ingurua egingo dute. «Zelan busti zipriztindu barik?» izango da hitzordu honetan landuko den gaia eta horretarako hainbat gonbidatu izango dituzte.

BUZTIZALEAK

«Arrain txiki edo bale, egin zaitez bustizale» lelopean kanpaina bat bultzatuko dute hurrengo ikasturtean. Irrati libre bezala, herritarrei laguntza eskatu nahi diete menpekotasunik gabe bizitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo