Arzak omendu dute 1813an izandako sutea gogoratzen duen danborradan
GARA |
Donostian 1813ko abuztuaren 31n izandako sutea gogoratzen duen danborradan 200 pertsona inguruk parte hartu zuten atzo eta ekitaldia Juan Mari Arzak sukaldaria omentzeko baliatu zuten. Dozena bat elkartetako ordezkariek parte hartu zuten desfilean eta Alde Zaharra eta Bulebarra zeharkatu ondoren, Odon Elorza alkateak oroigarria eman zion Arzaki Donostiako sukaldaritzaren ordezkari gisa.
Ohorezko aurreskua dantzatu zioten Arzaki eta, gero, sukaldariak berak hartu zuen hitza. Bihotzez eskertu zuen omenaldia eta «euskal sukaldaritza guztiari» eskaini zion: «Gure lanbidea pasioa da eta ez negozioa. Sinestezina da bizitzan gustuko duzuna egiteagatik gertatzen zaizkizun gauzak».
Omenaldia bukatuta, Alde Zaharretik jarraitu zuen danborradak. Ohitura den legez, Abuztuak 31 kalean itzalaldia egin zuten balkoietan kandelak jarriz; horrela, tropa ingeles eta portugaldarrak eragindako sutean erre ez zen kale bakarra izan zela gogoratu zuten.