GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Irailaren 14an manifestazioa deitu dute presoen eskubideen alde

Aspaldiko urteotan egin den moduan, euskal preso politikoen egoeraren salaketak bat egingo du Kontxako Banderaren egun handiarekin. Arraun munduko hainbat lagunek eta presoen senideek manifestazioa deitu dute irailaren 14rako. Beste behin konpromisoa eta bakoitzak bere eremutik euskal presoen alde egitea ezinbestekotzat jo zuten. Hori dela eta, herritarrei dei berezia egin zieten egun horretan egingo den mobilizazioan parte har dezaten.

p011_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Datorren irailaren 14an ospatuko da Kontxako Banderaren bigarren saioa. Egun horretan Donostian arraunaren festa handia izango da eta, horrekin bat eginez, azken urteotan egin den bezala, euskal preso politikoek bizi duten egoeraren salaketa ozena egingo da Donostiako kaleetan.

Hala iragarri zuten atzo arratsaldean Gipuzkoako hiriburuko portuan egindako agerraldian arraun munduko hainbat lagunek eta presoen senideek. «Gu arraunari loturik bizi gara eta arrauna herriari lotzen zaionez, gu herriari loturik bizi gara», nabarmendu zuen atzo Arkaitz Azkue Zumaiako Aita Mari Arraun Kirol Elkarteko arraunlariak. «Horregatik, kezkatzen gaituzte gure herrian daude injustiziek», esan zuen.

Azken urteotan euskal preso politikoen egoera salatzeko burutu diren ekimenak ugari izan direla gogora ekarri zuen, eta beraiek ere «herri honetako ehunka seme-alaba Frantzian eta Espainian sakabanatuta dituen espetxe politika krudelarekin amaitzeko deia» luzatu nahi dutela nabarmendu zuen.

Izan ere, «mendeku politika bat ezarri zaie euskal preso politikoei eta beraien senideei» eta horren adibidetzat jo zituzten, besteren artean, «bizi arteko espetxe zigorrak, presoen isolamendua eta sakabanaketak eragindako istripuak».

Aipamen berezia egin zieten gaixotasun larri eta sendaezinak izan arren espetxean mantentzen dituzten hamalau euskal preso politikoei. Era berean, horietako batzuk «benetako heriotza arriskuan» daudela nabarmendu zuten. «Hor dugu Mikel Ibañez, minbiziak jota Debako bere etxean espetxealdi arindua betetzen; hor dugu Juango Rego Vidal, hainbat gaixotasun izanik ere espetxean egoera larrian», aipatu zituzten adibide gisa.

Eskaera gobernuei

Halaber, euren kondena beteta ere kartzelan jarraitzen duten hogeita hiru presoak gogoan izan zituzten, bai eta bizi osorako espetxe zigorraren mehatxua bere gain izatea sentitzen duten guztiak.

Agerraldian adierazi zutenez, presoen aurka bultzatzen diren «salbuespen neurriek» helburu argia dute: «Euskal preso politikoen kolektiboarekin amaitzea», horretarako, «presoak pertsona bezala suntsituz».

Egoera horri bukaera emateko dei egin zieten gobernu espainol eta frantsesari «euskal preso politikoen aurkako jazarpen neurri hauekin amaitu eta euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzaten, gaixotasun larriak dituztenak aske utziz eta bizi arteko zigorrari amaiera emanez».

Eskaera horiek egikaritu daitezen, ordea, herritarren mobilizazioa beharrezkotzat jo zuten; «bakoitzak bere eremutik euskal presoen eskubideen alde egitea», alegia.

Euren aldetik arraunaren jai handian aldarrikapena Donostiako kaleetan presente egon dadin lan egingo dute eta horretarako manifestazioa deitu dute. Estropada amaituta, 13.30ean abiatuko da mobilizazioa Boulevardetik. Atzoko agerraldian parte hartu zutenek dei berezia egin nahi izan zieten herritarrei egun horretan presoen eskubideak eurekin batera aldarrika ditzaten.

arraunlariak

Hainbat arraun taldetako kirolariek parte hartu zuten agerraldian, besteak beste Hernani, Zumaia, Orio eta Zarauzkoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo