Garikoitz Lekuona Izeta Hondarribia
Hondarribiko Alardea: gatazka amaitu da
«Guztion ahaleginari esker, Alardearen gatazkari amaiera eman zaio eta datorren irailaren 8an Jaizkibel konpainiak, gainontzeko konpainiekin batera, Hondarribiko Alardean parte hartuko du.
Alardea hondarribiarrek duten ondare kultural nagusienetakoa dela jakitun, Hondarribiko Udalak alde guztiak bildu eta hauen arteko elkarrizketa eta negoziaketa bultzatu ditu. Emaitza guztion artean adostutako akordioa dugu eta, akordio horren arabera, Alardea publikoa eta bakarra izango da eta soldadu bezala desfilatu nahi duten emakumeek Jaizkibelen desfilatu ahal izango dute. Gainontzeko konpainiek, barne araudia aldatuz, emakumeak soldadu bezala desfilatu dezaketela erabakiz gero, konpainia hauetan ere soldadu bezala desfilatu ahal izango dute. Beraz, aldaketa hau eman ezean, emakumeek soldadu gisa Jaizkibelen soilik desfilatu ahal izango dute.
Jaizkibelen sarrerak beste aldaketa bat ere badakar; Olearso konpainiaren ondoren Jaizkibel konpainia irtengo da eta horrela Done Pedro Itsas Gizonen Kofradia konpainiak azken konpainia izaten jarraituko du, hauen atzetik Artilleria joango delarik».
Noizko gisa honetako albiste bat? Noizko aldeen arteko akordioa? Noizko Udalaren inplikazio zuzena? Hain zaila iruditzen al zaizue? Ezinezkoa, akaso?
Hau nire iritzian oinarritutako proposamen bat besterik ez da. Balizko akordioa beste baldintza batzuetan oinarritu daiteke, noski, baina herriko arduradun politikoek dagokien arduraz jardungo balute (besteak beste, Alarde publikoa antolatuz eta alde guztien arteko elkarrizketa eta negoziaketa bultzatuz), posible litzateke.
Akordio honek ez luke emakumeak edozein konpainiatan berdintasunean parte hartzeko nire azken nahia asebeteko. Nire kide askok, berriz, gutxiegitzat jo dezakete, eta emakumearen parte hartzea kantinerarekin erlazionatzen dutenentzat, berriz, onartezina litzateke akaso.
Baina kontuan hartuz azken hamaika urteotako gertaerak eta ikusirik Alardearen ospakizunaren eta antolaketaren inguruan izandako bilakaera, une honetan gehiengo zabal batek begi onez ikusiko luke antzeko baldintzetan lortutako akordioa.
Izan ere, akordiorik gabe jarraituz gero, emakumearen parte hartzeko eskubidea bermatzen ez duen edozein alarderen ospakizuna porrota izango da herri ikuspegitik, eta denak izango gara hein batean horren errudun. Udal ordezkariak lehenak. Baina finean denak.