Arantxa Agirreurreta Ihaben-Basaburua
Zergatik eraman dute Amaia?
«Zergatik eraman dute Amaia?», egin zuen galde bost urteko haur batek. Helduetatik inork ez zuen erantzun egokirik ematen asmatu. «Noiz arte edukiko dute poliziek? Noiz etorriko da etxera?», eta helduen artean inork ezin izan zion erantzun. «Nik ideia bat izan dut: turuta handi bat hartuko dugu, polizien etxera joango gara eta Amaiari esango diogu soka luze-luze-luze bat dugula, eta han, kanpoan, denok gaudela sokatik tiraka, eta polizien etxeko paretak botako ditugula. Eta, orduan, Amaia aterako da». Eta nagusiek barre txiki bat egin zuten. Baita negar pixka bat ere. Isiltasuna zabaldu zen. Disgustua, estutasuna, beldurra, ezina... korapiloa handiegia zen gehienen eztarrietan.
Handiek bazekiten poliziek, epaileek, agintariek, politikariek beren zabarkeria eta oldarkortasun guztia erakutsi nahi zigutelako eraman zutela Amaia. Hemen haiek agintzen dutela gogorarazi nahi zigutelako. Eta aitzakiarik ez dutelako behar gau ilun batean edozein bortxaz hartu eta hainbat egunez bahituta edukitzeko. Eta helduek bazekiten poliziek Amaia nahi adina denbora edukiko zutela gatibu. Bazekiten ezer gutxi egin zezaketela Amaia etxera ekartzeko. Eta bazekiten oihuak ozen zabal ditzaketen turuta guztiak aspaldi daudela isilarazita. Baina helduei sarri ahazten zaie egon badagoela urrutitik eta aspalditik datorren soka luze bat, eta hartatik elkarrekin gogor tira eginez soilik apurtuko direla kartzeletako harresiak. Orduan Amaiak ez du finantzarik ordaindu beharko kartzelatik ateratzeko.