GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Antolatzaile lana (II): Zerbait xumearekin hastea, onena

Kontzertu ederra antolatzearekin ez da nahikoa, eta emanaldia garaiz eta ondo iragartzea garrantzitsua da; horretarako, eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu (kartelak, hedabideak, ahoz ahokoa, etab.). Bestalde, agertokitik gertu barra bat jartzeak ere asko laguntzen du jendea gerturatzeko garaian (eta diru iturri garrantzitsua izan daiteke).

Aurreko zutabean kontzertua estreinakoz antolatu nahi dutenentzat baliagarriak izan daitezkeen kontuak aipatuko genituela esan genuen. Gure lehenengo kontzertua bada, zerbait xumearekin hastea komeni dela esan genuen. Ez gaitezen hasieratik bi eguneko jaialdi erraldoia antolatzen saiatu, bi talderekin kontzertua antolatzea nahiko lan bada-eta.

Lehenik eta behin helburua zehaztu eta ondoren eskura ditugun baliabideak zeintzuk diren ikusi beharko dugu. Geure baliabideak izan ezean, instituzioen parte hartzea bila dezakegu. Instituzioekiko elkarlana ia ezinbestekoa izango zaigu baimenak lortzeko garaian, emanaldia egingo den lekua, eguna eta ordutegia negoziatu beharko baititugu. Udal gehienek dute agertoki estalia eta argindarra ere euren kontura joan daiteke. Ez ahaztu negoziatzeko garaian pazientzia handia behar dela. Bilerak egiteari gustu hartu diotela dirudi eta azken uneko aldaketak ere ohikoak izaten dira. Kontu horiek borrokatzen ari garen bitartean taldeekin eta soinu eta argi teknikariekin ere harremanetan egon beharko dugu. Baldintzak negoziatu beharko ditugu; eskatzen duten diru kopurua, behar duten azpiegitura teknikoa (riderra), egin asmo duten saioaren iraupena eta ezaugarriak, taldeen ordena eta soinu froga... Teknikariei informazio hori pasatu beharko diegu eta soinu frogarako orduak zehaztu. Kontuan izan teknikariek denbora behar dutela tresneria muntatzeko eta, horrez gainera, talde bakoitzari tartea eman behar zaiola soinu frogak egiteko. Soinu frogen ordena kontzertuaren ordenaren alderantzizkoa izaten da normalean; hau da, lehenengo taldeak frogatzen du azkena. Afarirako tartea kalkulatu beharko dugu eta ez ahaztu teknikariek ere jan behar dutela. Soinu ekipoek arazoak emateko joera dute eta horrek atzerapenak ere ekar ditzake. Ezustekoetarako denbora utzi. Taldeen artean materiala partekatzen badute, askoz errazagoa da dena. Kontzertu ederra antolatzearekin ez da nahikoa eta emanaldia garaiz eta ondo iragartzea garrantzitsua da; horretarako, eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu (kartelak, hedabideak, ahoz ahokoa, etab.). Agertokitik gertu barra jartzeak ere asko laguntzen du jendea gerturatzeko garaian (eta diru iturri garrantzitsua ere izan daiteke). Azkenik, ez ahaztu antolatzaileak guztien beharretara adi egon beharko duela eta, azkenean, gutxien disfrutatzen duena izaten dela. Hau martitzea!

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetari eta

musika adiktoa

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo