Emakumeen aurkako indarkeriaren katea
Carlota Ortuzar, Urruñan hilik agertu zen emakumea, indarkeria sexistaren biktima izan zela baieztatu zuten atzo iturri ofizialek. Dirudienez, senarrak ito egin zuen, bere buruaz beste egin aitzin. Emakumeen aurkako indarkeria kasu guztiak zirkunstantzia partikularrek inguratzen dituzte, baina emaitza berbera da: emakumeen aurkako erasoa. Erasoak askotarikoak izaten dira, mespretxutik erailketaraino, eta badirudi halako larritasun mailaketa hotza egiten dela, non irain edo zaplastako bat zerbait arina den, bortxaketa oso larria eta erailketa larriena. Erasoek mailaketa horren arabera jasoko dute hedabideen eta, beraz, iritzi publikoaren, arreta. Urruñako kasua, muturrekoa izanik, hedabideen hizki larrietara iritsi da.
Euskal Herrian aurtengo indarkeria sexistako laugarren hilketa dela aintzat harturik, ezin esan salbuespena denik. Halere, eta emakumearen heriotza gerta litekeen emaitzarik okerrena izanik ere, eraso horien guztien maiztasunaz eta testuinguruaz ohartarazi beharra dago, egunero eta arlo guztietan gertatzen baitira: etxean, lanean, jaietan... Gainera, erasotzaileak eta biktimak adin guztietakoak izaten dira. Beraz, fenomeno deitoragarri hori da larriena, emakumea diskriminatua, jipoitua, bortxatua edo batzuetan -gehiegitan- hila izateko aukera duen herritarra dela ikusarazten duena. Hori, zorigaitzez, ohikoa da, baina -deitoratu arren- normaltzat hartzen duen gizartea ez da, inolaz ere, gizarte osasuntsua, ezin baita inolaz ere onartu emakume izateak berez arrisku horiek dakartzanik.
Emakumeen aurkako erasoak gizarte osoaren arazo larria dira eta gizarte osoari dagokio arazoari aurre egitea, instituzioei lehenik. Milaka emakumek erasoak jasan ondoren jazarpena jasaten dute, epaileen urrunketa aginduak gorabehera, legeak gorabehera. Eraso sexisten aurkako neurriek, beraz, ez lukete balio behar zerbait egiten dela adierazteko, eraginkortasuna lortzeko baizik; eta ez gertakari entzutetsu batek soilik bultzaturik. Mespretxutik hilketarainoko kate hori ezabatzeko gizartearen jarrerak erakutsi behar du, egunero, ez dela «normala». Hartara, ez da egunerokoa izanen.