Astelehenean Aian desagertutako gizonaren gorpua aurkitu dute
Aian astelehenean desagertutako gizonaren gorpua aurkitu dute Ertzaintzako kideek. Bizi zen zaharren egoitzatik 600 metro eskasera dagoen ibar batean aurkitu dute, sasi artean. Pelayo Eizagirre istripu baten ondorioz hil zela uste du Ertzaintzak.GARA |
Ertzaintzako kideek atzo aurkitu zuten astelehenean Aian desagertutako gizonaren gorpua. Ibar batean zegoen, sasi artean.
Lakuako Herrizaingo Sailak jakitera eman zuenaren arabera, atzo goizean bertan behera utzi zuten gizona aurkitzeko DYAk, Gurutze Gorriak eta Ertzaintzak elkarrekin martxan jarritako operazioa. Jarraian, Ertzaintzaren Talde Mugikorra eta Laguntza Txakurren Taldea aritu ziren «intentsitate txikiagoko» bilaketa lanak egiten, gorpua aurkitu zuten arte.
Eguerdi aldera aurkitu zuten talde horietako kideek 85 urteko Pelayo Eizagirreren gorpua. Gizona bizi zen Agerre zaharren egoitzatik 600 bat metrora dagoen ibar batean aurkitu zuten, sasi artean. Ibar hori, bide aldapatsu baten amaieran dago. Eizagirre Agerre zahar-etxean bizi zen eta joan den astelehenean sumatu zuten bere falta.
Gorpua Donostiako auzitegiko patologia zerbitzura eraman zuten, heriotzaren arrazoiak ezagutzeko autopsia egin ziezaioten. Lehen zantzuen arabera, Ertzaintzak Eizagirre istripu baten ondorioz zendu zela uste du.
Zahartzaroko dementzia
Pelayo Eizagirre Zestoako Arroa auzoko bizilaguna zen eta duela hogei bat egun ingresatu zuten Aiako Agerre zahar-etxean. Maite Orbegozo zentroko zuzendari eta gerenteak atzo adierazi zuenaren arabera, Eizagirrek zahartzaroko dementziaren zantzuak zituen. Horrez gain, egunean bi pilula hartu behar zituen, bat nerbioetarako eta bestea bronkioetarako.
Pelayo Eizagirreren semeak hasiera batean azaldu zuenez, aita etxera bueltatzen saiatuko zela uste zuten. Maite Orbegozo Agerre zahar-etxeko zuzendariak nabarmendu zuenez ere, gizonak sarri egiten zituen Itziarrera, Arroara... joateko planak.
Eizagirrek bizkarrezurreko arazo bat zuenez, indar gutxi zuen hanketan. Hortaz, etxera bueltatzeko autoren bat edo trena hartzen ahaleginduko zela uste zuten.