Laborantza Ganberako lehendakariari kereila jarri dio Baionako fiskalak
Mixel Berhokoirigoin ondoko irailaren 18an Baionako auzitegira deitua izan da. Auzia 2005ean abiarazitako ikerketa baten emaitza da, eta urtebeteko espetxeratzea eta 15.000 euroko isunak eskatzen dituzte. Horren aurrean, auziaren egunean elkarretaratzea egingo dute.
Ainize BUTRON |
Bost auzapez eta gizarte eragilez inguraturik eman zuten atzo Euskal Herriko Laborantza Ganberako arduradunek frantses justiziaren partetik izandako «erasoaren» berri. Baionako fiskalaren eskutik, Mixel Berhokoirigoinek Baionako auzitegian aurkezteko agindua jaso du ondoko irailaren 18rako.
Jakinarazi zutenez, duela hiru urte Laborantza Ganberak ateak ireki zituenean orduko prefetak bide penaletik jarritako kereilaren jarraipena da auzi hori.
Orduko fiskalak argitu bazuen ere txostenak jarraipenik ez zuela izango, maiatzean kargua beste fiskal batek hartu, eta auzia berriz aztertzea erabaki zuen. Euskal Herriko Laborantza Ganberako kideek auzitegitik eskuraturiko dokumentua azaldu zuten, eta, bertan agertzen denez, «Laborantza Ganbera» izendapena baliatzea leporatu diete.
Urtebeteko espetxeratzea
«Beste eraso hau ere onartezina da. Laborantza Ganberak hiru urte darama lanean. Gure xedea laborantza iraunkorra sustatzea da, eta gaur egun, laborantza mundua igarotzen ari den krisiari aurre egiteko alternatibak aurkitzea. Estatuak eraso egin baino, sostengatu egin beharko luke gure proiektua», nabarmendu zuen Maryse Cachenaut Laborantza Ganberako ordezkariak.
Egiturak, 2005an sortu zenetik, jasan duen hirugarren «erasoa» da. «Aurreko bi auzietan Laborantza Ganbera itotzea lortu ez dutenez, honakoan auzi politiko bat jartzea erabaki dute», esan zuen Patxi Noblia Laborantza Ganberako Lagunen elkarteko lehendakariak.
Auzibidea oinarritzeko erabilitako zuzenbide penaleko artikuluen arabera, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren lehendakaria urtebeteko espetxeratzera, eta 15.000 euroko isuna ordaintzera kondenatua izan daiteke. Egitura bera, «bortxaz itxia» izateko arriskua legoke. Bostehun orrialdez osaturiko txosten batean oinarritu da Baionako fiskala kereila luzatzeko, eta behin edukia ikusita, irailaren 18an izatekoa den auzia atzeratzeko eskatuko dute Laborantza Ganberako kideek. Irailaren 18an, ordu bietan hasi beharko luke auziak. Frantses Estatuaren «jokamoldea» salatzeko, ordu bat eta erdietan auzitegia aurrean elkarretaratzera deitu du Laborantza Ganberak.
Laborantza Ganberari dirulaguntza eman dioten hemezortzi herriko etxe auzipetuak izan ziren asteartean. Egitura abiatu zenean, hari dirulaguntzak eskaintzeko erabakia hartu zuten herriko etxeek auzia jasan behar izan zuten, Laborantza Ganbera «herriaren beharrei» erantzuten ez dien elkartea dela argudiatuz. Egoera horren aitzinean Mixel Berhorkoirigoin lehendakariak honakoa argitu zuen: «Herriko etxeei gehiago dirulaguntzarik ez eskatzea erabaki dugu, debaldetan eginak baitira». Laborantza Ganbera sortu zelarik, ehun bat auzapezen sostengua lortu zutela gogorarazi zuen berriz. «Hasieratik mehatxu gutunak helarazi zizkiguten sostengu hori eman genielako», azaldu zuen Andde Darraidou Laborantza Ganberako Lagunen elkarteko kide eta Ezpeletako auzapez ohiak. Halere, hogeita sei herriko etxek deliberoak bozkatu zituzten egituraren alde, baina, auzibide administratiboan auzipetuak izan ziren guztiak. Jean Lissar Akitaniako kontseiluko kontseilariak beraiek ere «presio» handia jasan zutela erran zuen. «Akitania eskualdean Laborantza Ganberaren alde laguntza bat bozkatzen dugularik, aldi oro, presioak jasaten ditugu», salatu zuen, egoera onartezina zela gaineratuz.
Elkartearentzat «Laborantza Ganbera» izendapena baliatzea leporatzen dio fiskalak, horrelako izena egitura publiko batek soilik balia dezakeela argudiatuz.