Sokatira Munduko Txapelketa
Hiru euskal talde arituko dira Suedian dominen atzetik
Goiherri, Gaztedi eta Getxo asteartean heldu ziren lehiaketa jokatuko den Stenungsund herrira. Erandioko taldea da zerbait egiteko aukera gehien duena, Euskal Herriko Txapelketan jokatutako txapel guztiak etxeratu baitzituen. Gaztedi ere aurrean ibil daiteke
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Gohierri, Gaztedi eta Getxo gaurtik aurrera Lur Gaineko Munduko Txapelketan arituko dira Stenungsund herrian, Suedian. Euskaldunak gaur eta bihar bakarrik lehiatuko dira, klub mailako lehiaketetan.
Lur gainean talde gutxik hartu zuten parte Euskal Herriko Txapelketan ere eta horietako bik, Mutrikuk eta Aresok, Suediara ez joatea erabaki dute. Horrenbestez, hiru talde bizkaitarrak bakarrik arituko dira.
Hiru taldeek hirugarren eguna dute gaur Suedian eta, beraz, prest daude dagoeneko dominen bila abiatzeko. Dudarik gabe, Goiherri eta Gaztedi dira aukera gehien duten bi taldeak. Jose Antonio Goirigolzarri, Gaztedi taldeko prestatzailea, itxaropentsu zegoen Munduko Txapelketa hasi aitzin. «Ilusioa eta itxaropena ez zaizkigu falta. Suediara dominaren bat lortzeko asmoarekin etorri gara gu. Bi pisutan lehiatuko gara eta badugu zerbait lortzeko asmoa», esan zuen bizkaitarrak.
«Guk 560 eta 640 kilotan hartuko dugu parte eta, dudarik gabe, aukerarik gehien pisu txikian ikusten dut. Hor zerbait lortuko dugulakoan etorri gara», erantsi zuen Goirigolzarrik.
Hala ere, Euskal Herriko Txapelketako emaitzak kontutan hartuta, Goiherri taldeak du, dudarik gabe, aukera gehien. Etxean lau txapel jantzita joan dira erandiotarrak Suedia aldera eta han ere zerbait egiteko asmoarekin dira, horretarako gogor prestatzen aritu baitira.
Getxo da hiru euskal taldeen artean aukera gutxien dituena. Bizkaitarrek bere lana egin eta eskarmentua hartu nahi dute nazioarteko talde handien aurka lehiatuz. Horrez gain, esperientziak ikasteko ere balioko diela uste du entrenatzaileak. Sokari heldutakoan, berriz, ezustea ematen saiatuko dira.
Leku polita
Taldeek jada izan dute gaurtik aurrera lehian arituko diren Stenungsund herria ikusteko aukera, eta leku ederra dela azaldu zuen Goirigolzarrik. «Lekua oso polita da. Kanpotik begiratuta txikia ematen du, baina bestela oso ederra da», esan zuen.
Sokatirako giro bikaina ere topatu dute. «Atzo jada talde guztiak hemen geunden eta tiralariak korrika, prestatzen... ikus zitezkeen. Giro oso polita dago. Aspaldian Munduko Txapelketan izan gabe geunden eta aurten berriz itzultzea eta hau dena bizitzea oso ederra da», esan zuen Jose Antonio Goirigolzarrik Gaztediko prestatzaileak.
Munduko Txapelketa gaur goizean abiatuko da eta, euskal taldeentzat, egun aproposena izango da dominaren bat lortzeko. Izan ere, gaurkoan mutilen pisu txikia jokatuko da, 560 kilokoa, eta, dirudienez, maila horretan dituzte aukera handienak euskal taldeek.
Gaztedi eta Goiherri neurtuko dira 560 kilotan. Bi talde bizkaitarrek itxaropen dezente jarrita dituzte lehen egun honetan, baina zortea ere lagun izan beharko dute, zer esan handia izaten baitu txapelketetan. Gaur 680 kilokoak ere neurtuko dira, tartean Getxo.
Emakumezkoen 560 kiloko txapelketa eta gazte mailakoa ere gaur jokatuko dira. Hala ere, kontuan izan behar da bi txapelketa horietan ez dela euskal ordezkaririk izango.
Biharko egunari begira jarrita, mutilak 640 eta 720 kilotan lehiatuko dira. Goiherrik bi talde aterako ditu 640 kiloko mailan eta Getxok eta Gaztedik, berriz, bana. Pisu handian, ordea, ez da euskal ordezkaririk izango. Hasiera batean, euskaldunek aukera gutxiago dituzte 640 kiloko txapelketan. Gaztedik garbi utzi du maila honetan zerbait egitea zaila izango dela, pisura ere ez direlako heltzen. Goiherrik itxaropen gehiago ditu, baina beraientzat ere ez da lan samurra izango. Horiez gain, nesken 520 kiloko lehia izango da, baina, aurrez aipatu bezala, euskal ordezkaririk gabe.
Larunbatean eta igandean, berriz, selekzioen arteko lehiaketa jokatuko da. Gaurko pisuetako taldeak larunbatean lehiatuko dira eta, biharkoak, igandean. Bi egun horietan ez da euskaldunik izango. Izan ere, joan diren euskaldunek Espainiako selekzioaren izenean arituko beharko lukete.
Suitza eta Ingalaterrako taldeak dira faborito nagusiak gaur Suedian hasiko den Munduko Txapelketan, hori diote behintzat adituek. Hala ere, Herbeheretako eta Suediako taldeak ere kontutan hartu beharko dira, baita Irlandakoak ere. Klub mailan, Euskal Herriko taldeak ere faboritoen artean daude adituen iritziz.
Munduko Txapelketa gizonezkoetan eta emakumezkoetan jokatzen da, baina nesken artean ez da euskal ordezkaririk izango. Euskal Herrian bertan ere, lur gaineko nesken txapelketarik ez da egiten, talderik ez baitago. Horrenbestez, Munduko Txapelketan ez da euskal ordezkaririk izango. Emakumeen artean ere Suitzako eta Ingalaterrako taldeak dira faborito nagusiak.