GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Danbaka lehiaketa inguruko eskualdeetara ere ireki da hirugarren txanpan

p042_f02_88x56.jpg

A. BILBAO | BILBO

Debagoienatik Debabarrena eta Durangaldera hedatu da Danbaka musika lehiaketa. Horrela, 2004an Goienak eta Elgetako Espaloiak martxan jarritako lehiaketa, hastapenetan Debagoienako parte-hartzaileei mugatu zitzaiena, hiru eskualdetara hedatu da eta aukera eman die Debabarrena eta Durangaldeko musika talde gazteei ere bertan parte har dezaten.

Parte hartu nahi duen orok, izan talde zein bakarlari legez, ez du indarrean kontratu diskografikorik izan behar, eta ez du axola aurretik diskorik plazaratu duen ala ez. Gainera, derrigorrezkoa izango da taldeko partaideren bat gutxienez aipatutako hiru eskualdeetan erroldatua egotea (2007ko urtarrila baino lehenagotik).

Izena emateko epea, berriz, hamabost egun barru, irailaren 19an bukatuko da. Data hori baino lehen, jatorrizko hiru kanta biltzen dituen CD bat (nahi izanez gero, mp3 formatua ere erabil daiteke danbaka@danbaka.com helbidera e-postaz bidaliz), igorri beharko da. Bertan, CD-arekin batera, taldearen argazkiak, biografia txiki bat, helbidea, telefonoa eta e-posta jakinaraziko beharko dira eta garrantzitsua da ahalik eta dokumentazio osatuena izatea.

Izen emateak Danbaka, 132 posta-kutxa, 20500 Arrasate helbidera bidali behar dira. Antolakuntzak, hala ere, 943 25 05 05 telefonoa du edozein zalantza argitu edo informazio gehiago behar izanez gero.

Aurreko bi edizioetako sei finalistek ezin izango dute parte hartu oraingoan. Musika estiloari dagokionez, ez da mugarik izango eta parte-hartzaileen artean 24 aukeratuko dira (euskaraz kantatzea hobetsiko da) Espaloian urritik urtarrilera ostiraletan izango diren zuzenekoetarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo