Antonio Banderasek eta Liam Neesonek irekiko dute Zinemaldia
Kanadako «Maman est chez le coiffeur» eta Estatu frantseseko «Louise-Michel» filmek osatzen dute Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren 15 pelikulen multzoa. Lehiaketatik kanpo, Antonio Banderas eta Liam Neeson protagonista dituen «The Other Man» filmak irekiko du jaialdia, eta Adrien Brody eta Rachel Weisen «The Brothers Blomm» lanak itxiko du. Zabaltegiren inaugurazioan Woody Allen eta Penelope Cruz izatekoak dira.GARA | DONOSTIA
Egutegiaren poderioz, Zinemaldiaren hasiera hurbiltzen doan heinean, gero eta xehetasun gehiago ezagutzen ari dira. Jakinak dira, esate baterako, jaialdia zabaldu eta itxiko dituzten filmak. Antolatzaileek aurpegi ezagunez betetako bi lan aukeratu dituzte bi ekitaldi hauetarako. Hilaren 18an izango den inaugurazioan, Britania Handiko «The Other Man» ekoizpenak irekiko du aurtengo Zinemaldia. Liam Neeson -«Schlinder's List» pelikularengatik Oscar sarirako hautagaia-, Antonio Banderas eta Laura Linney antzezleak Richar Eyreren zuzendaritzapean ikusteko aukera izango da. Hiru erpineko amodioren nondik norakoak deskribatzen duen lan hau, beti ere intriga handiz josita, Bernand Schilink idazle alemaniarraren «Liebesfluchten» liburuan oinarritzen da.
Amaiera ekitaldian, ordea, «Brick» miretsiaren zuzendariaren bigarren lana izango da, hots, «The Brothers Bloom». Komedia honetan, genero nahasketa bitxi baten bidez, Bloom anaia iruzurtien abenturak jarraitu ahalko dira. Horretarako, Oscar sariaren jabe diren Adrien Brody -«The Pianist» filmeko protagonista- eta Rachel Weisz -«The Constant Gardener»ekoa- antzezleek parte hartu dute.
Sail Ofiziala
Urrezko Maskorra lortzeko lehian, aurretik iragarrita zeuden hamahiru filmei beste bi gehitu zaizkie: «Maman est chez le coiffeu» eta «Louise-Michel». Léa Pool zuzendariaren azken lana dugu lehena. Kanadatik datorren artista honen «Lost and Delirios» (2001) eta «The Blue Butterfly» (2004) filmak azpimarra daitezke, besteak beste. Sail Ofizialeko hamabosgarren partaidea Benoît Delépine eta Gustabe Kervenek idatzi eta zuzentzen duten «Louise Michel» komedia beltza da. Estatu frantsesetik datozen bi zuzendari hauek emakume langile matxinoek eragindako lan doikuntzaren ondorioei umore beltzez ekiten diete, abentura erdi anarkista eta erdi burlatia azalduz.
Baina bi lan hauek ez dute erraz izango Urrezko Maskorra lortzea, aurtengo edizioan kalitate handiko Sail Ofiziala osatu baita. Japoniatik, Horikazu Kore-eda jaialdira itzuliko da «Aruitemo, Aruitemo» lanarekin. Kim-Ki-duk lehenik parte hartuko du Sail Ofizialean «Bi Mong»ekin. Samira Makhamalbaf iraniarrak bere laugarren lana, hots, «Two-Legged Horse» aurkeztuko du; Turkiatik Yesim Ustaoglu iritsiko da «Pandora's Box» filmarekin eta Rashid Masharawiren palestinarraren «Eld milad Laila» lana ekarriko du.
Ameriketatik bi proposamen heldu dira aurten, bata Estatu Batuetatik eta bestea Argentinatik. Courtney Hunten lehen lanaren -«Frozen River»- alboan Daniel Burman beteranoa dator bere «El nido vacío». Danimarkatik Kristian Levringen «Den du Frygter» lana dator eta Britania Handitik Michael Winterbottom, «Genova»rekin. Estatu frantsesari dagokionez, zuzendari ospetsuenetako bat lortu du Zinemaldiak, Christophe Honoré, eta «La belle personne» erakutsiko du berak. «Camino» (Javier Fresser), «El patio de mi cárcel» (Belén Macías) eta «Tiro en la cabeza» (Jaime Rosales) izango dira, azkenik, estatu espainoletik etorriko direnak.
Sail Ofizial honen epaimahaiko lehendakaria Oscar bat irabazi duen Jonathan Demme izango da. Zuzendari honek «Rachel Getting Married» eta «Neil Young Trunk Show: Scenes from a Concert» lanaren amaitu gabeko bertsioa aurkeztuko ditu.
Mark Hermanek zuzendutako «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» filma, hau da, John Boyneren eleberrian oinarrituta dagoena, Zinemaldian aurkeztuko da lehenengo aldiz mundu osoan, lehiaketatik kanpo.
Hilaren 18an, Zinemaldiaren 56. edizio hau hasiko den egunean, Sail Ofizialaz gain Zabaltegi-Perlak sailak ere bere inaugurazioa izango du. Hitzordu hau Woody Allenek zuzendutako «Vicky Cristina Barcelona» filmak inauguratuko du. Zuzendaria eta Penelope Cruz han izatekotan dira. Ez da baztertu, gainera, Javier Bardem, Rebeca Hall eta Scarlett Johansson ere bertaratzea.
Aurtengo Zabaltegin, Allenez gain, Coen anaiak («Burn After Reading»), Laurent Cantet («Entre les murs») eta Mike Leigh («Happy-Go-Lucky») zuzendariak izango dira, besteak beste. Munduko zinema jaialdi nagusietan parte hartu, saritu eta nazioartean oihartzun handia izan duten pelikulak osatzen dute sail hau, beti ere Euskal Herriko aretoetan oraindik estreinatu ez diren arren. Zabaltegi-Perlak saileko filmak Publikoaren TCM saria eskuratzeko lehiatuko dira. Sail honetan izango da, horrez gain, epaimahai ofizialeko presidente Jonathan Demmeren azken bi filmak eskainiko diren lekua, hau da, «Rachel Getting Married» eta «Neil Young Trunk Show: Scenes From a Concert».
GARA