Sailkatze estropada
Kontxan sartzeko ohorea dute jokoan 23 traineruk
«Urduritasunaren estropada» 18.00etan hasiko da eta zazpi onenek bakarrik lortuko dute txartel desiratua
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
«Urduritasunaren estropada». Hala deitu ohi zaio Kontxako sailkatze estropadari eta ez da harritzekoa. Zazpi onenen artean sartzen direnek hurrengo hamar egunetan argazki, elkarrizketa eta animo ugari izango dituzte; kanpoan geratzen direnek etxetik segi beharko dute urteko hitzordu nagusia. Sailkatze estropada 18.00etan hasiko da eta Donostiarra da txartela ziurtatuta duen bakarra.
Aurreneko multzoan faborito nagusiak irtengo dira: Urdaibai, Castro, Orio, San Pedro, Zarautz, Pedreña, Zumaia, Hondarribia, Cabo, Tiran eta Astillero. Beste guztiak bigarren multzoan daude: Arkote, Laredo, Kaiku, Meira, Isuntza, Nautico de Vigo, Camargo, Chapela, Pasai Donibane, Rianxo, Ondarroa eta Trintxerpe. Erlojupeko estropadak ziaboga bakarra izango du, beti bezala, eta, zazpi denbora onenek lortuko dute sailkatzea.
Ezustekoa, nork?
Denboraldian zehar izandako emaitzak eskuetan hartuta, badirudi Kontxan sartzeko zazpi traineru faboritoak San Miguel Ligako sei onenak -Urdaibai, Castro, Orio, San Pedro, Zarautz eta Pedreña- eta Astillero direla. Hori kontuan hartuta, beste lauzpabost ontzi dira ezustekoa ematen saiatuko direnak.
Horien artean, eta aurreko urteetako esperientzia kontuan hartuta, Hondarribia, Zumaia, Kaiku eta Meira dira ezustekoa eman dezaketenak. Eta bereziki, hondarribiarren kasua aipatu behar da. Denboraldi hasiera oso txarra egin eta gero, oso maila ona eman dute Orbañanosenek azken estropadetan eta ez litzateke harritzekoa txartel bat Txingudi aldera joatea.
Besteen artean, Zumaiak iaz egindakoa errepikatu nahiko du, nahiz eta aurten pixka bat atzeraxeago ibili diren Ligan. Azkenik, deigarria izan zen Kaikuk aurreko larunbatean Orion egindako denbora (19.48.23), TKE Ligako lau ontzik bakarrik hobetu baitzuten marka hori.
Kantabriako eta Espainiako Txapelketak irabazita, Astillero ziurtzat jo behar da zazpi sailkatuen artean. Iaz parte hartu ezinda geratu ostean, gogotsu etorriko dira kantabriarrak.
Astillerorekin batera San Miguel Ligako sei onenak sailkatzea litzateke normalena, baina Hondarribiak azkenaldian izan duen gorakada ikusita, kiniela gehienetan sartu dira txinguditarrak.