Georgiako krisialdiak Ukrainako «koalizio laranja» leherrarazi du
Ukrainan 2004ko «iraultza laranjatik» agintean den Mendebaldearen aldeko koalizio ahulduak ez du Georgiako krisialdiaren eragina gainditu, eta apurtu egin da. Yushenko presidenteak Errusiarekin bat egitea leporatu dio Timoshenko lehen ministroari.
GARA |
Mendebaldearen sostenguarekin «iraultza laranja» egin zuen koalizioa apurtutzat jo du Viktor Yuhsenko presidenteak, bere taldeak bezperan Parlamentuan (Rada) egindako bozketa garrantzitsua galdu ostean.
Julia Timoshenko lehen ministroaren taldeak eta Eskualdeen Alderdiak eta komunistek osatzen duten oposizioko koalizioak bat egin zuten presidentearen ahalmenak murriztuko dituen lege berria onartzean.
Yushenkok «estatu-kolpe parlamentario bat» eman dela ohartarazi du eta hauteskundeak aurreratzearekin mehatxatu du. Ukrainako Konstituzioak dioenez, edozein koalizio berrik hilabeteko epea du izena emateko. Bestela, presidenteak Rada desegin lezake.
Errusiaren aldeko taldeekin koalizioa osatzeko inolako asmorik ez duela iragarri du Timoshenkok. Hobe luke ez egitea, bere ondare politiko guztia kolokan jarriko bailuke.
Mendebaldearen zale porrokatua izan da orain arte Timoshenko. Hala ere, badirudi beraren eta Yushenkoren artean ondo konpontzeko ezintasuna nabarmenagoa dela.
Georgiako auziaren ondorioak
Bi politikarien arteko tirabirak aspaldikoak dira. Hala ere, Georgiaren auzia dela-eta berriro azaleratu dira. Yushenko presidentearen taldeak Errusiak Georgiaren aurka egindako erasoa salatu nahi zuen baina ez zuen lehen ministro Timoshenko buru duen blokearen babesa lortu.
Bestetik, Yushenkok egunotan kolokan jarri du Errusiar Armadak Sebastopolen duen itsas-basearen alokairua. Timoshenkoren alderdiak asmo horretan ere ez dio babesik eman.
Horiek horrela, Errusiarekin ituna sinatu izana leporatu dio presidenteak lehen ministroari.
Bitartean, Errusia eta Georgiaren arteko lehia hor dirau, maila diplomatikoan bada ere. Errusiak itxi egin du Tbilisin zuen enbaxada, eta Georgiak txanpon berarekin erantzun dio. Aurrerantzean Moskuk ez die georgiarrei bisarik emango, eta hori bera iragarri du Tbilisik ere.
AEBetako Etxe Zuriak 100.000 milioi dolarreko laguntza agindu dio Georgiari, Dick Cheney presidenteordea bertara iristear denean.
Moskuk biharko gailur batera dei egin die garai bateko Sobietar Batasuneko eta egun ere Errusiaren lagun diren herrialdeei, hau da, Elkarren arteko Segurtasunaren Itunaren Erakundea osatzen dutenei.
Transdniesterreko agintaria, Igor Smirnov, Moldaviako Gobernuarekin negoziazioak hasteko prest azaldu da Errusiak bere oniritzia azaldu eta gero. Lurralde hartan errusiarrak eta ukrainarrak dira gehienak.