GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Operazio bikaina eta eskubide urraketa

Orain dela zenbait egun ez zitzaidan burutik pasatu ere egin zutabe honetan Nafarroako azken atxiloketez idatziko nuela. Gobernu espainolaren Nafarroako ordezkariaren arabera legea erabat errespetatu duten atxiloketez ari naiz; Perez Rubalcaba ministroaren operazio bikain horretaz, alegia. Baina ia bi astez luzatu da, Barne Ministerio horretatik esan zutenez, polizia-ikerketa zorrotz baten ondorioz hasi bazen ere. Horregatik, hain zuzen, bitxi samarra da atxilotuak bost egunez bakartu behar izatea.

Operazio bikain horrek egunero ezusteren bat eman digu; ez, ordea, agintari espainolen adierazpenek, ez baita torturak ezkutatzen saiatu diren lehen aldia. Ezta bahiketa bat antolatu duten lehenbizikoa ere -gainera, Gobernu espainolaren ardura alderdi berberak zuenean-, baina bai epaile batek parte hartu duen lehenbizikoa. Ez da jokaera berria Gobernu batek tortura sustatzea, garai batean Europako estatu askotan edo Latinoamerikako hainbat diktaduratan egin zuten moduan, gaur egun Estatu Batuetan egiten duten moduan, torturatzaileei zigorgabetasuna eskainiz eta tortura bidez lortutako emaitza onak erabiliz.

Eta agintari espainolek bezala, euskal agintaritxoek ere ez digute ezusterik eman. Operazio bikainaren gainean ez dute txintik ere esan. Hala ere, ikasturte politikoaren lehen egunean -eta ez dakit zergatik esaten dioten ikasturte ikasteko hain gutxi eskaintzen duen instituzio-aldi horri-, hau da, oporren ostean, Ajuria Eneko maizter Juan Jose Ibarrretxek Giza Eskubideen Europako Itunaren urraketa idoro zuen: Kontsulta Legearen debekua. Oraindik ez dute galarazi, baina hala egingo duten susmoa du, nonbait, lauko Hirukoak. Fede ahuleko jendea, gero. EAJk, beti legea betetzeko zale, berarekin itunak egin eta egingo dituen alderdiaren esanetara ebatziko duen tribunalari itsuskeriarik egingo al dio?

Gasteizko Gobernuak ez ote du eskubide urraketarik sumatzen igandeko presoen aldeko manifestazioaren debekuan? Hau galdera ergela. Iaz bezala Ertzaintza istiluak sorraraztera bidali eta eskurik altxatu ez duena, berriz, kartzelara bidaltzeko prest?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo