GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Joxe Iriarte, «Bikila» Zutik-eko kidea

Militantziaren aldeko aldarri xumea

Guztientzat eskubide guztiak bermatzea eta naturarekiko oreka ekologikoa ziurtatzea ezinezkoa da neoliberalismoaren markoan, baita kapitalismo abegikorrago batean ere

Duela zenbait urte Rossana Rossenda italiar emakume ezkertiarrari galdetu zioten: «Zertan datza, zure ustez, komunista edo ezkertiar edo iraultzaile edo dena delakoaren izatearen benetako arrazoia edo mamia?». Berak erantzun zuen: «Injustiziaren eta zapalkuntzaren aurrean, datorrenetik datorrela, ozen eta garbi esatea: hau ez da onargarria! Eta kontsekuenteki obratzea edo jardutea!».

Eta gure gizartean zapalkuntza, miseria eta desberdintasun handia dago, ikusi nahi duenarentzat, bederen. Alabaina, gure inguru nazional, estatal eta europarrean gehiengo soziala asebetea egongo balitz ere, ezkerreko jendeok, munduaren bi heren prekarietatean, are miseria gorrian, bizi direla eta gure ongi-egotea horrekin lotuta dagoela jakinik, ezin gara goxo egon gure gizartearekin, muturka baizik.

Duela urte batzuk idatzi nuen honakoa: Munduan zehar, egunero, goseak eta parasitoek handitutako sabelen jabe diren milioika haurren begi ederrak hutsaren ortzian galduta daudela jakiteak adierazten dit mundu honetan bidegabekeria eta injustizia gehiegi dagoela, eta ez dela patu txarren ondorioa, mundu osoan nagusi den sistema baten eragina eta ondorioa baizik.

Hori garbi ikusi dugu duela gutxi Erroman egin den biltzarrean. Mandatariek ez dute bukatu nahi izan gosearekin, negozioa egin baizik.

Horra arrazoi garrantzitsu bat borrokan jarraitzeko.

Eginahal horretan ez gaude bakarrik, ez hemen, ezta munduan ere. «Beste mundu bat posible da!» aldarria azkenaldi honetan munduan zehar hedatzen ari den mugimenduaren nortasun-adierazlea bihurtu da. Mugimendu apala da oraingoz, baina, «ez dago zer eginik» dioen marmar desmobilizatzailea gezurtatu egin duena.

Mundu berri hori gauzatu ahal izateko gizaki eta herrien arteko berdintasuna dugu helburu eta helmuga. Horregatik, sozialismoak, edo jartzen diogun izena jartzen diogula, egungo gizartea baino harantzago begiratzeko balio digu, etorkizun post-kapitalista batera, zeinean jabetza sozialak pisu garrantzitsua izango duen eta ekonomia pertsonen zerbitzura eta naturarekiko orekan izango den.

Gure asmoak utopikoak al dira? Bai. Baina ez eskuraezinak. Horrez gainera, utopia zerumuga dugu, norabidea markatzen digun horizontea, eta badakigu hurbiltzen garen heinean urrutiratu egiten zaigula. Fukuyama eta enparauek esango dute nahi dutena, baina historia ez da inoiz amaitzen.

Utopia helburu, oraina abiapuntu. Gaur egun, horrek atxikita dakar garapen iraunkorrarekin bat datozen ongizatearen estatuaren lorpenak defendatzea. Alabaina, ahaztu gabe, pertsona guztientzat eskubide guztiak bermatzea eta naturarekiko oreka ekologikoa ziurtatzea ezinezkoa dela neoliberalismoaren markoan, baita kapitalismo abegikorrago batean ere.

Hitz egin dezagun argi eta garbi. Gure mandatariak, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta Europako nagusiekin jarraituz, bai justizia sozialaz, bai garapen jasangarriaz hitz egiten dutenean gezurretan ari dira. Asmo horiek eta sistema kapitalista bateraezinak baitira!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo