GARA > Idatzia > Kirolak > Eibar

Lehen partida Ipuruan

Oroitzapenak eta etorkizuna, eskutik helduta

Denboraldiko lehen partida jokatuko du Eibarrek Ipuruan, lehen jardunaldiko irudia eta iaz Teneriferen aurka lortutako emaitza errepikatzeko asmoarekin

p041_f01.jpg

 

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Aurrekariek ez dute askorik balio futbolean. Hau da, taldeak zelairatuz gero, epaileak kronometroa martxan jarriz gero, istorio berri bat hasten da beti. Oroitzapen berrien sorkuntza.

Horretan arituko dira gaur Eibar eta Tenerife. Batez ere kanpokoak, iaz sekulako jipoia jaso baitzuten Ipuruan, 4-0 galtzean. Gorri-urdinek, berriz, iragana eta etorkizuna lotzea espero dute: oroitzapen berriak idatzi bai, baina zapore berberekoak edo, behintzat, tankerakoak.

Iragan gertuak oso sentsazio onak utzi ditu talde gipuzkoarrean. Asteazkenean Kopatik kanpo geratu arren, Eibarrek hasiera ezin hobea eman zion denboraldiari joan den astean, jokoa eta emaitza bateratuz. Eta etorkizunerako, datorren jardunaldirako, antzeko oroitzapenak sortzea espero dute. Batez ere gaur aurkezpen partida jokatuko dutela kontuan hartuta: denboraldiaurre itxaropentsua gauzatu ondoren, Elchen bolada onari jarraipena eman zioten armaginek, eta oraindik partida ofizialik ikusi ez duen zalego gorri-urdina irrikatzen dago bere talde berriarekin disfrutatzeko.

Ez da erraza izango eta, ildo horretan, Carlos Pousok argi utzi du kasu honetan hain gustukoa den iragana «ahaztu behar» duela bere taldeak, «futbolean balio duena oraingoa baita. Partida bakoitza azterketa bat da», azpimarratu zuen. Eta gaurkoa, «taldea indartzen jarraitzeko balio izatea» espero du entrenatzaile bizkaitarrak.

Hamaikakoa zehaztuz

Pousok, bestetik, Elchen jokatu zuen hamaikakoa berreskuratuko du. Ezinezkoa da oraingoz esatea hori denik entrenatzailearen konfiantzazko hamaikakoa -taldetik edota deialditik kanpo geratu den hainbat jokalarik asteazkenean jokatu zuenez, nekatuta egon baitaiteke-, baina itxura hartzen hasteko baliagarria izango da.

Aldaketa bakarra hegaletan izan liteke: hiru egunetan bi partida jokatu dituenez, Raul Garcia aulkian gera liteke, Alvaro Martinezi utziz lekua. Horrela ez bada, nafarra eta Txikiren artean aukeratu beharko du Pousok eskuin hegalerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo