Aizkora
Azurmendik egindako lanaren ordaina jaso zuen
Arriarangoa hirugarren zen lan erdietan, baina amaieran Gipuzkoako txapela jantzi ahal izan zuen
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Iñaki Azurmendik ezustea eman zuen, eta bigarren aldiz jantzi zuen atzo Gipuzkoako txapela. Ia amaiera arte Olasagasti joan zen aurretik, baina amaieran Arriarangoak pasa egin zuen, eta irabazi.
Donostiako Trinitate enparantzan 300 ikusle inguru batu ziren atzo Gipuzkoako final nagusia zuzenean jarraitzeko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.
Olasagastik indartsu ekin zion, eta aurretik jarri zen. Lehen enborretan Txapartegik jarraitu zion, gertu izan baitzuen igeldoarrak. Azurmendik, berriz, hasiera horretan enbor txar bat izan zuen, eta denbora asko galdu zuen harekin.
Gauzak horrela, txapela Olasagastiren eta Txapartegiren artean egon zitekeela ematen zuen, baina Aizarnakoa ere atzean geratzen hasi zen, eta lan erdiak 14 minutu eta 40 segundotan burutu zituen Igeldokoak. Txapartegik, berriz, 15 minutu eta 11 segundotan amaitu zituen, eta 15 minutu eta 59 segundotan, Azurmendik. Jexuxmari Lasa eta Fausto Mugertza, berriz, atzerago geratu ziren.
Hortik aurrera gauzak erabat aldatu ziren, ordea. Txapartegi betetzen hasi zen, eta atzeraka egiten hasi zen. Azurmendik pasa egin zuen, baina Olasagastik jarraitzen zuen aurretik.
Ohartzekoa zen, ordea, igeldoarra erritmoa jaitsiz zihoala, eta Arraiarangoa, aldiz, gero eta hobeto ikusten zen. Denbora gutxitzen ari zen, eta zortzigarren enborraren amaiera aldera, pare-parean jarri ziren Olasagasti eta Azurmendi.
Azken honek, ordea, behetik gora egin zuen, eta bederatzigarrenean bakar-bakarrik jarri zen lehen postuan, eta Olasagastik ezin izan zion jarraitu. Amaieran txapelak Arriarango bidea egin zuen, eta Olasagastik bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Txapartegik hirugarren amaitu zuen, baina amaierarako nahiko gertu izan zuen Lasa. Mugertza izan zen azken postuan.