GARA > Idatzia > > Kultura

KRONIKA | Azkena Rock Jaialdia

Sex Pistols, edo nola atera etekina «etorkizun ezari»

Viva España» oihukatuta hasi zuten ostiral gaueko emankizuna. Eta zalantzarik gera ez zedin, ingeles ulerterrazez «`Viva España' esan dut» errepikatu zuen abeslariak, jendearen txistu eta ha- serreari erantzuteko (bide batez esan dezagun, egun sarritan horren ohikoa ez den kexua).

p050_f01.jpg

Anartz BILBAO

Baina ez dadila inor kezkatu, ez. Gure aurrean haserre aurpegiarekin genuen morroia Johnny Rotten Lydon genuen, «Ustela» ezizena bere egin eta 1970eko hamarkadan britainiar musikagintza astindu zuena, Sex Pistols laukote zikin eta amorratuarekin. Horien aurretik, The Kinksen kantu zoragarriak entzun genizkion taldeko buru Ray Davies aitonari. Aurreko bisitan bezain eroso ikusi ez genuen arren, azeri zaharra dugu Davies, eta bere ahots galdua ezkutatzeko, zaleei behin eta berriro eskatu zien «You Really Got Me» edo «Sunny Afternoon» gisako kantu ezagunak abesteko.

Punkiengana bueltatuz, telebista saio batean «kaka» esan eta hurrengo eguneko egunkari guztien arreta bereganatu zuen taldeak bere garaian. Batek baino gehiagok barre egingo du, egun ohikoa dugulako telebistan sekulakoak entzutea. Baina Sex Pistols-ek Ingalaterrako erregina bera ere iraindu zuen, «God Save the Queen» abestian mespretxuz «atzeratu mentala» zela oihukatuz (eta ezagun da espainiarren Estatuan, esaterako, gaur egun oraindik ere zer gerta daitekeen umorezko aldizkarietan haien printze-printzesak larrutan margotuz gero). Kontu berririk ez, beraz, gure aurrean zegoen morroia begira zituen milaka gazte eta ez hain gazteak oldartu eta lotsagabeki asaldatu nahian ari zelako. Sex Pistols ziren bai, hogeita hamar urteko isilunearen ondoren punk eztandaren etekinak jasotzera ateratako laukotea, «Aberaste zikina» izeneko biran.

Bitxia da, oso, ikustea, aurretik egindako guztia apurtzera zetorren laukotea (musika jotzen piperrik jakin gabe amorruz oholtzara atera eta guztion kontura barre egiteko), zertan den egun. Izan ere, «Never Mind the Bollocks, here´s the Sex Pistols» dugu Londreseko taldeak bizirik zela (lau urte baino ez zuen iraun) plazaratu zuen lehen lana eta ... bakarra! To, rock izarra, inor izatekotan. Bizitza osoan egindako lan bakarra ustiatu, eta nahieran bizi hil artio!

Erasoa edo planta hutsa

Sex Pistols-ek ez zuen Daviesek besteko arazorik izan ahotsarekin, bost axola beraiei ondo ez afinatzea, Rotten «letxe-txar» aurpegi eta zoro begiradarekin txerriak hiltegian bezala garrasika zebilen. «No Fun» (ez da dibertigarria) izan zen orain hogeita hamar urte taldea desegin aurretik laukoteak zuzenean jo zuen azken abestia. Atzo, ordea, Rotten, Cook, Jones eta Matlockek (jatorrizko baxu-jotzailea da berau, gazte zintzoa zenez eta The Beatles gustuko zuelako taldetik bota eta Sid Vicius zoritxarrekoak ordezkatu zuena) beldurrik ez zuten ematen. Ikusleen artean jakin-min hutsa zen nagusi, zirrara berezirik gabe.

Xelebre jantzita -koadrodun prakak (eskoziarrak?), pijama zirudien alkandora nasai bat, eta zintzurreko botoia baino lotuta ez zeraman txaleko urdin batez-, Rottenek erakartzen zituen begirada guztiak. Alboan, bakoitza bere lekuan tinko eta ikur britainiar mordoa soinean, taldekideak. Esana zuen Rottenek Julian Templeren «The Filth & the Fury» pelikulan: «Gu edozein modutara, edozerekin janzten ginen, eta bat-batean, punk orrazkeraz eta bota militarrez, denak berdin jantzita etortzen hasi ziren gure zuzenekoetara. Gudaroste bat ziruditen, eta ez zuten ezer ulertu».

Inguruan sortu zitzaien mitoa («belaunaldi berri bat sortu nahi baduzu, suntsitu aurrekoa», esan omen zien McLaren managerrak) eta denok ondo baino hobeto ezagutzen ditugun oinarrizko kantu errazak ditu lagun Sex Pistols-ek. Baina gure harridurarako, inork pentsa dezakeena baino hobeto jo zuten, soinu egokiz gainera. Ez ziren horren txarrak, beraz, edo musika tresnak jotzen ikasi dute hiru hamarkada hauetan. Hasierako harridura gaindituta, eta zintzoak izateko, dibertigarria izatetik luze eta astun xamar izatera ere iritsi zitzaigun zuzenekoa. Tartean norbaitek sakelakoa bota, eta begian jo omen zuen Rotten. Beldur ginen zuzenekoa bertan behera geldituko ote zen, baina sekulako irainak bota eta gero, aurrera jo zuen «Ustelak». Laburtzeko, kontzertu zintzoa eman zuen Sex Pistols-ek. Etekinak jasotzera etorri ziren, eta gustura jaso zituzten.

Bukaeran, «Bilbo» eta, baxu-jotzaileak belarrira zerbait argitu ondoren, «Vitoria» aipatu zituen. «Basque people» ahotan hartu (lotsatiak ginela esan zuen), eta zalantzan utzi gintuen, hasierako «Viva España» gorazarre itxurako hitzak jarraitzaileak asaldatzeko baino ez ote zituen erabili Rotten oker horrek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo