GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ibai Redondo Euskal Herriak Bere Eskola

EAJ-PNV, eskolak euskalduntzearen aurka

Orain ulertzen dugu 26 urteotan EAEn ikasle gehienak euskara ezagutu gabe gelditzearen atzean zein politika eta zein alderdi egon den. Aski da, ez dugu onartuko beste 25 urtetan belaunaldi berriak euskara ezagutu gabe bizitzera kondenatuko dituen politikarik.

Iraila, ikasturte berria, asmo berriak, gimnasioak eta eskoletako patioak jendez betetzen diren garaia. Haurrak eskoletara doaz motxila bete libururekin, gehienak atzerriko historia gaztelaniaz edo frantsesez kontatzen duten liburuekin, ez gaitezen engaina, ikasleen erdiak baino gutxiagok ikasten du euskaraz historia, atzerriko historia.

Hala ere, historia egiten saiatzen ari gara hezkuntzako hainbat pertsona eta eragile, euskaraz eta Euskal Herrikoa, munduari irekia, noski.

Aurten, hezkuntzan irail beroa izango dugula dirudi, Euskal Curriculuma eta Euskal Unibertsitatea gisako proiektuak, hezkuntzaren iragana eta, bereziki, geroa aldatzeko sortuak edo sortzear baitira. Hala ere, badago iraganean bizitzera kondenatu nahi gaituenik, Espainiaren handitasun edo Frantziaren askatasun handiaren historian, euskara eta euskal kultura historian gal daitezen ahaleginek hor baitiraute. Hor dira oraindik indarrean hizkuntza eredu glotozidak (euskara desagerrarazteko pentsatuak) eta aurten Hego Euskal Herrian «Educación para la ciudadanía» (Espainiar konstituzioaren baloreak transmititu, Monarkiaren demokratikotasuna azaldu, etab). Horretaz gain, EAEn «Educación para la paz» delakoa estreinatuko da (edo ikasleek filmeko onak eta gaiztoak bereizten ikas dezaten ikasgai berria).

Udan, normalean hezkuntza munduak oporrak hartzen ditu, aurten aldiz, batzuek oporrak baliatu dituzte hezkuntzan eta, bereziki, EAEko hezkuntza sisteman (Espainiako hezkuntza sistemaren baitakoa, ez ahaztu) egiteko omen den aldaketa bat zapuzten ahalegintzeko. PP eta PSOE, «El Correo» eta «El Diario Vasco» etengabe aritu dira, Tontxu Camposek aurkeztu behar duen Hizkuntza Ereduen Politika gainditzeko proposamenari erasotzen.

Ez dute, euskara eta gaztelania EAEko ikasle guztiek ezagutzea begi onez ikusten, proposamenak dioen moduan; euskara ardatz, ikasgaien %60 gure hizkuntzan ematea gehiegizkoa iruditzen zaie. Eta uste dugu honek ez duela herri honetan ia inor ezustean harrapatu, euskararen etsai amorratuak izan direnak, goizetik gauera euskaltzale ez baitira bilakatuko.

Hori bai, EAJk Tontxu Camposek aurkeztu dien proposamenaren gainean hartu duen jarrera lotsagarria da. Hasteko, Hezkuntza Sailak idatziz soilik EAJri eta Ezker Batuari aurkeztu dien proposamena «El Correo Español» hedabidera filtratuz. Zein helbururekin filtratu zuen EAJk dokumentu pribatua egunkari espainiarzalera? Hezkuntzan euskarak bizi duen zapalkuntzari irtenbidea emateko ez behintzat! Egun batzuk aurrerago EAJren jarrera ezagutu genuen, proposamenarekin ezadostasun sakonak zituela plazaratzean.

Orain ulertzen dugu 26 urteotan EAEn ikasleen gehiengoa euskara ezagutu gabe gelditzearen atzean zein politika eta zein alderdi egon den. Aski da, ez dugu beste 25 urtetan belaunaldi berriak euskara ezagutu gabe bizitzera kondenatuko dituen politikarik onartuko.

Ez dugu zer esan handirik Hezkuntza Sailaren proposamenaren inguruan, ez dugulako ezagutzen. Proposamena ezagutzeko ate ugari jo ditugu, baina proposamen idatzia lortzerik ez dugu izan, proposamenaren kudeaketa sekretupean eramaten saiatzen ari diren seinale.

Gure iritzia uztailean genuen bera da. EAEn eta Euskal Herri osoan eskolak ikasle guztien euskalduntzea bermatzea eskubide ukaezina da eta euskara berreskuratzeko lehentasunezko beharrizana. Euskal Herriak Bere Eskolak eta hezkuntzako beste hainbat eragilek antzeko proposamenak plazaratu ditugu:

- Orain arte euskalduntzetik gertuen egon den eredua D eredua da (ikasgai guztiak euskaraz Gaztelania eta Ingelesa izan ezik). Eredu honetan ikasleen %66k lortzen du B2 maila (First-aren parekoa) eta selektibitateko azterketan gaztelaniazko emaitzak A eredukoen (gaztelania hutsekoen) parekoak dira. Gure uste apalean D eredua ardatz gisa hartu eta berau hobetzetik letorke konponbidea.

- Bestelako neurriak. Ebaluazio sistema, ikasleak ebaluatuz sistema ebaluatuko duena, behar diren zuzenketak eginez; pedagogia eredu parte-hartzailea, ikaslea ikasketa prozesuaren protagonista izanik; gela bakoitzeko ikasle kopurua murriztea, parte-hartze aktiboa bultzatuz; euskara euskal kultura eta identitatearen parte gisa transmititzeko Euskal Curriculumaren aplikazioa egitea; irakasle euskaldunak behar dira eta erdaldun elebakarrak soberan daude: irakasle eskoletan erdal adarra desagertu eta euskaldundu ez diren irakasleak euskalduntzeko neurri egokiak proposatzea.

- Noski, hau guztia egiteko baliabide ekonomiko egokiak beharrezkoak dira. Hori, Euskal Herrian posible da, lehenengo munduko herri aberatsenetakoak bere errekurtso ekonomikoen zati txiki-txikia hezkuntzara eta gai honetara bideratzea nahikoa litzateke, borondate politikoa besterik ez da behar.

Goian duzue gure uste apalean Euskal Herri osoko haur guztiak euskaldunak izan daitezen errezeta. Istorio hau ongi amaitu eta historia egin dezagun guztiok izan behar gara protagonista, zabaldu mezua zazpi haizetara. Aldarrikatu, borrokatu eta eraiki eskola euskalduna, Hezkuntza Sistema Nazionala!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo