Salbuespen egoera salatuko dute EAJ eta PSEren egoitzetan eta Iruñean
Nafarroako azken atxilotu eta kartzelatuen senideak, Berriozarko kontzertuan zauritutakoak, udaletan deseginak izan diren taldeetako zinegotziak eta Udalbiltzaren kontrako epaiketan auzipetuak elkartu, eta Euskal Herrian gogortzen ari den errepresioa salatu zuten atzo Iruñean. Manifestazioa egingo dute larunbatean horren guztiaren aurka. Egun bat lehenago, aldarrikapen hori bera PSEren eta EAJren egoitzen aurrera eramango dute.
Jasone MITXELTORENA |
Iruñean agerraldia egin zuten atzo azken atxilotu eta kartzelatuen senideek, Berriozarko kontzertuan foruzainen kargaren ondorioz zauritutakoek -tartean Iker Isiegas, ospitalera eraman behar izan zuten gaztea-, hainbat udaletan desegindako EAE-ANVren taldeetako zinegotziek eta Udalbiltzaren kontrako operazioan auzipetutakoek. Elkarrekin salatu zuten Euskal Herrian bizi den errepresioa gogortuz doala, batez ere, «demokraziak bermatzen dituen ideia eta jarduera politikoen berdintasuna ahalbideratzeko herri honek behar duen marko-aldaketa posible egiteko lanean dihardutenen kontra».
Horren adibide, gogora ekarri zituzten azken atxiloketen inguruan izandako gehiegikeriak, GALen garai ilunak berritzen ari direla ohartaraziz. Alberto Lopez Iborra bost egunez «bahiturik» edukitzeak eta atxilotzeko bere ibilgailua joz istripua eragiteak «aurrekaririk ez» duela nabarmendu zuten. «Zeinen ardura litzateke zerbait larria gertatu balitzaio istripuaren ondorioz? Eta torturatua zen bitartean hilez gero?». Kartzelatzeen irregulartasuna ere egoeraren adierazle dela azaldu zuten: «Sei lagun torturatuak izan dira euren kontrako frogak bilatzeko, eta horietatik bost kartzelara bidali dituzte azalpen zehatzik eman gabe, frogarik aurkeztu gabe». Era berean, ehunka lagun «beren lan publiko eta politikoagatik» espetxean direla salatu, eta iragarrita dauden epaiketak, horien artean, Udalbiltza instituzio publikoaren aurkakoa, aipatu zituzten.
Salbuespen egoera arlo guztietan islatzen dela salatu zuten, Berriozarko kasuan argi geratu denez: kultur ekitaldia izanik, onartezintzat jo zuten «abertzale erradikalen kontzertua» izan zela argudiatuz foruzainen jokabidea ontzat ematea, gazte batek, ospitalean izan, eta hiru eta sei hilabete artean bajan egon beharko duenean horren ondorioz. Nafar Gobernuko ordezkariaren hitzak gogora ekarriz, halako gertaerak zoritxarrez «arruntak» direla esan zuten.
Egoera horri amaiera emateko eskatuz larunbatean manifestazioa egingo dute Iruñean, 17.00etan Autobus Geltokitik abiatuta. Ildo berean, ostiralean PSOEren eta EAJren erantzukizuna salatuko dute «Salbuespen egoerari STOP. Euskal Herriak autodeterminazioa» lelopean. Donostiako Prim kaleko PSEren egoitza aurrean elkartuko dira 19.30ean, eta Bilbon ere ordu berean jarri dute elkartzeko hitzordua, Sabin Etxean.
Euskal Preso Politikoen kolektiboak azken hileetan jasan dituen hainbat erasoren berri eman zuen atzo Askatasunak. Horiei aurre egiteko hainbat dinamika daramatzate barruan, eta horiek ere ezagutzera eman zituen. Soto del Real-en Eneko Galarraga bakartuta daukate bere moduluan istiluak izan zirelako; Zigor Goikoetxea eta Iñigo Gutierrez atera egin zituzten espetxez aldatzeko eta furgoira igotzean guardia zibilek zaplaztekoak eta hanketan ostikoak eman zizkieten. Fresnes-en, Mikel Albisuk uko egin zion miaketetan betaurrekoak kentzeari, beste aldi batean kendu eta puskatu egin zitzaizkion-eta. Orduan, indarrez kendu zizkioten eta modu txarrean sartu zuten furgoian, berak uko egitean. Puerto III.ean itxialdia egin dute, Asier Tapia asteburu batez han izan zenean galeria batean bakarrik utzi eta patioa garbiarazi ziotelako.
Mila Ioldi bakartu egin dute preso arrunt batekin jartzeari uko egin ziola-eta zigortzeko. Dueñas-en emakumeek bularretakoa kentzeko gela bat prestatu dutela jakinarazi zuten, sakelako telefonoa gorde dezaketela argudiatuz. Kalean, presoen aldeko protestak izan ziren atzo. Ondarroan 93 lagun bildu ziren, Santurtzin 100 -Mamarigako jaiak zirela-eta-, Laudion 47, Iurretan 62, Altzan 28, Berangon 27, Otxarkoagan 23, Zaldibian 20, Añorgan 17, Abadiñon, Astigarragan eta Ataunen 15na, Legorretan 10 eta Euban 9.