Lezoko alkate txikiek Santakrutz jaiei hasiera emango diete gaur
Kolore alaiz jantzi da Lezo. Alkate txikiek parranda abiaraziko dute arratsalde honetan, eta festak astelehenera arte iraungo du. Makina bat ekitaldi izango da adin guztietako herritarren eta bisitarien gozagarri. Gaur, musika bandaren eta txistulari taldearen emanaldia, kalejira, preso eta iheslarien aldeko enkartelada eta helduen danborrada izango dira, besteren artean. GARA antolatzaile batzuekin mintzatu da ekitaldien berri gehiago izateko.
GARA |
Lau eguneko festa dute aurrean lezotarrek. Musikaz, dantzaz eta irriz betetako ordu ugari. Otordu goxoak, jolas dibertigarriak, kontzertu eta emanaldi ugari, kirol saio ikusgarriak, ezusteko atseginak... Dena prest dago parrandari ekiteko.
Iñigo Salaberria Ixkulin konpainiako zuzendaria da. Kontatu digunez, sei egunetan egin dituzte entseguak gaur gauean jotzeko. Atzo, saio orokorrean, Lezoko abestia jotzeko bildu ziren herriko lau taldeak: Altamira, Tiñelu, Allerru eta Ixkulin. Ixkulinen ehun bat lagun dira: hirurogei-laurogei danborrari, hamar sukaldari, kantinera eta banderaduna. Gazteenek 17 urte dituzte, eta helduenek, 65. Bada 70 urtekoren bat ere. Lehen, gizonak soilik ateratzen ziren, baina iaztik emakumeek ere parte hartzen dute. Danborrak astindu aurretik, afaria egingo dute elkartean. Salaberriak aipatu digunez, 70-80 lagunentzako otordua prestatu izan dute orain arte, baina, aurten jende gehiagok izena eman duenez, ehun lagunentzako lekua egokitu dute.
Laugarren urtez egingo ditu zuzendari lanak Salaberriak, eta primeran moldatzen dela adierazi du: «Polita izaten da, batez ere jendea gogotsu eta animatuta ikusten baduzu. Danborrada dotorea atera dadin ikasi nahi izaten dute. Zaila da denek ondo jotzea, baina pixkanaka-pixkanaka lortu dugu», azaldu du. Oso animatuta daude. Zerura begiratzen dute denek, lainoak aldenduko ote diren esperantzan. Guztira, lau konpainiak zenbatuta, bostehun bat pertsona aterako dira Ixkulineko zuzendariaren arabera. Lehen, Allerruk jotzen zuen soilik, baina momentu bat iritsi zen jendeak ez zuena parte hartzen, eta 2000n bilera bat egin zuten elkarteetako kideak danborra jotzera bultzatzeko. Urte horretan Allerru danborradan atera ziren guztiak, eta hurrengoan, elkarte bakoitza bere konpainiarekin atera zen. Ordutik, lau talde dira. Bakoitzak bere ibilbidea egiten du herrian barna, eta ondotik denak elkartzen dira plazan. Salaberriak agertu duenez, orain arte bakoitzak lau abesti jotzen zituen; saio luze samarra ateratzen zen, ordea, eta aurten kantu bana joko dute.
Gazteei deia
Lezoko jaietako beste ekintza garrantzitsu bat Josetxo Etxandiren oroimenezko 33. pilota txapelketa da. Joxemi Garmendia antolatzaileak azaldu duenez, lehiaketa honek bi maila ditu. Lehenengoa herrikoa da, lezotarrek soilik parte hartzen dute, eta helburua pilotan ahalik eta jende gehien aritzea eta ongi pasatzea da. Horregatik, pilota oso bigunekin jostatzen dira, hiru kategoriatan banatuta, 12 urte baino gutxiagokoak, 12-15 urte artekoak eta helduak, aurten baita 54 urtekoak ere.
Bigarren maila federatuena da, eta ikuskizun handia izan ohi da. Puntako pilotariak gonbidatzen saiatzen dira, gazteak, 22 urte baino gutxiagokoak eta lehenengo mailako amateurrak, Euskal Herriko lurralde guztietakoak. Aurten, lapurtarrek, nafarrek, bizkaitarrek, arabarrek eta gipuzkoarrek parte hartu dute. Herri mailako txapelketari abuztuaren 4an ekin zioten. Ligaxka moduko bat egin dute, eta partida asko jokatu dute. Finalak, jaietako azken egunean izango dira, astelehenean, 18.00etan. Federatuak, berriz, abuztuaren 29an hasi ziren. Hauek partida gutxiago izan dituzte, kanporaketak jokatu dituzte, eta igandean erabakiko da zeintzuk izango diren irabazleak, 17.00etan.
Garmendia kontent dago herritarren parte-hartzearekin. Orain dela hamar urte hasi ziren helduen txapelketa antolatzen, eta aurten inoiz baino jende gehiago ari da jokatzen. Gazteei dagokienez, gogoan du duela hamabost urte beherakada nabarmena izan zela. Azken bost urteotan herritar gehiago animatu da pilotan aritzera, eta maila ere asko hobetu da, maila oneko pilotari gehiago dago.
Etxandiren esanetan, pazientzia handia eta denbora behar da txapelketa hau antolatzeko. Ez da zaila, baina finalak jaietan jokatu nahi izaten dituztenez, partidak udan jokatzen dituzte, hain zuzen, jendea kanpora ateratzen den sasoian, eta horrek arazoak ekartzen ditu. Egutegia egokitu behar izaten dute.
«Antolatzea lan handia da, eta gogoa behar da. Lehen, lan taldeak izaten ziren, jende gehiagok parte hartzen zuen antolaketan. Azken bost-hamar urteotan, ordea, beherakada izan da. Jende gutxi ari gara lehiaketa prestatzen, eta nekatu samar gaude, urte asko daramagu dagoeneko honetan. Herriko gazteei eskatuko nieke antolatze lanak egitera animatzeko», azaldu du. Gero, jaietan ikusle asko izaten da pilotalekuan, federatuen partidetan 600 pertsona inguru, eta herrikoenetan, 400.
Baserritarren Eguna
Astelehenean, Baserritarren Eguna ospatuko dute. Ixkulin elkarteak antolatzen du jai hau urtero. Bertako presidenteak, Patxi Intxaurrandietak, azaldu duenez, goizean ganadu feria egingo dute probalekuan, goiko plazan. Abuztuko azken igandean bilera egin ohi dute baserri bakoitzak zenbat abelburu eramango dituen erabakitzeko. Guztira, hogeita hamar buru izaten dira normalean.
Aurten ere bost ganadu mota jarriko dituzte ikusgai, eta bakoitzetik onena edo itxurosoena aukeratu eta sarituko dute. Eguerdian, idi-demaren aurreneko saioa egingo dute, hau ere probalekuan, eta jarraian bazkaria izango da bertsolariekin Tiñelun eta Ixkulinen.
Bapo jan ondotik, bigarren idi-demaren txanda iritsiko da, eta proba bukatzean sariak banatuko dituzte. Bertsolarien bigarren saioak biribilduko du eguna.
Gaur Modesto izango da gaueko giroa alaitzen; bihar rock kontzertua emango dute Saldise plazan Des-kontrolek, Skatik eta Ekintza Zuzenak; eta etzi Erdizka Lauetan taldeak jarriko dio doinua ilunabarrari.
Igande eguerdian Olasagasti eta Mindegia lehiatuko dira, eta Ezpeletak erakustaldia egingo du esku bakarrarekin. Goenatxo II.a eta III.a aita-semeek eta Agustin Landarbidek jasoko dute harria.
Jaizkibel Allerru Ehiza eta Arrantza Elkarteak plater-tiro lehiaketa antolatu ohi du urtero. Igandean izango da, 10.00etan Arkalen federazioko zelaian, Oiartzunen. Gainera, beste ekitaldi batzuk ere prestatu dituztela azaldu du bertako kide batek, Jesus Mari Galdosek. Adibidez, saiheskia erreko dute elkarteko atarian, eta tokan jolastuko dira zaldi ferrarekin. Lehenbiziko aldiz, 8 eta 12 urte arteko umeentzat eta 12 eta 16 artekoentzat diana jarriko dute. Aire konprimitua erabiliko dute.
Ohi bezala, mus txapelketa ere jokatuko dute. Gaur arratsaldean izango da VI. lehiaketa. Laurogei lagun dira elkartean, eta azken urteetan gazte jendea batu zaiela nabarmendu du Galdosek. Santakrutz jaietatik aparte, maiatzean izango diren pentekosteetara begira, arrantza txapelketa prestatzen ari direla ere jakinarazi du. Horren bidez, herriaren arrantzale izaera berreskuratu nahi dutela azaldu du. «Erreka bizirik dago orain, arrainak ikusten dira, eta txapelketa egin nahi dugu umeekin», esan du.