Xabier Izaga Irakaslea
Konkordia eskasaren sariaren maila...
Herenegun jakinarazi zutenez, Ingrid Betancourt kolonbiarrari emango diote aurtengo Konkordiaren Asturiasko Printzea Saria, «giza eskubideen defentsan eta indarkeria terroristaren, ustelkeriaren eta narkotrafikoaren aurka borrokatzeagatik askatasunez gabeturik dauden guztiak pertsonifikatzen» dituelako. Ingrid Betancourtek, horren berri jakin bezain laster, esan omen zuen ez duela merezi halako saririk. Eta arrazoi du. Errespetu osoa merezi du, luzaroan askatasunez gabetuak izan diren lagun guztiak bezala. Egoera horretan dauden lagun guztiak bezala.
Ez ote da munduan, Latinoamerikan bertan, giza eskubideen aldeko borrokagatik sariak benetan merezi dituenik? Horrelako jende asko Kolonbian preso, hain zuzen ere. Beste asko hilda, beren militantzia politiko edota sindikala dela-eta Kolonbiako Gobernuak hilda. Hala ere, sariaren gainean erabaki duen epaimahaiak «Kolonbiako Errepublikak bezala sistema demokratikoa eta gizalegezko libertateak finkatzearen alde lan egiten duten gobernuei» bere elkartasuna agertu zien. Ez ote da mundu zabalean, Latinoamerikatik bertatik atera gabe ere, elkartasun hori merezi dutenen eredu egokiagorik? Kolonbian bake esperantza zapuztu duen gobernuak zer demokrazia klase eta zer gizalegezko libertate finkatuko ditu? Betancourt anderea Uriberen Gobernuak eta bere aurrekoek hildako milaka lagunen pertsonifikazioa ere ba ote? Gurutze Gorriak, esate baterako, badu haserre egoteko motiborik, baina ez Asturiasko Printzea Saria ez jasotzeagatik, Kolonbiako Gobernuak gerrillariak engainatzeko erakunde horren erabilera zitala egin zuelako baizik. Horra Principe de Asturias Fundazioak aldarrikatzen duen konkordia.
Azken batean, lagun batek dioen bezala, sari batzuek sarituari halako «maila» ematen diote; beste batzuek, ordea, sarituaren bizkar jaso nahi dute berea. Eta Betancourtek, zalantzarik gabe, «maila» eta ospe nahikoa bereganatu ditu, AEBek eta Europak neurrira prestatuta.