GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Sistemak

Krisia, behin eta berriz errepikatzen digutena, ez da ekonomikoa, mentala da. Ez gara inguruaz, errealitateaz jabetzeko gai, ez dakigu diagnostiko zuzena egiten, ez dugu idearik ere.

Bagara edo ez gara? Eta bagara, nor gara? Zu, zu eta ni, gu. Eta ni noiz? Izan nahi duguna izateko ezinbesteko baldintzatzat dugu izan ginenaren ezagutza, eta ni noiz? Zu bertan izan al zinen? Ni ere ez.

Gaur egun... Gaur ez den beste egunik ezagutzen, ala? Bihar hobe, ezta? Eta noiz da bihar?

Ez dakizue nondik noan eta zuek aukeratutako bideaz damu zarete dagoeneko. Ez esan ezetz, badakit baietz! Sinesten ez genuena aireratu genuenon klubaren zerbitzaria naiz, noski, eta izango naiz, traidorea nork bere baitan dugula ezkutatzearen alferrikako jolas honetan. Jolas gaitezen bada edo joka dezagun, baldin eta batuaz jostatuko bagara euskara olgeta den garai ustel honetan.

Iraultza? Beste mundu bat? Askatasuna? Demokrazia? Justizia?

Hiztegiak urtean behin eguneratu eta argitaratzen badituzte hitz hauen definizioaren aldakortasunaren ondorioz da, gehienbat. Baina ez hitz hauena bakarrik, jakina! Gudaria, ezkertiarra, anarkista, intsumisoa, ona, jatorra, eskuzabala, bihozbera, euskaltzalea... Ez dakizue nondik noan, ezta? Normala! Tontakeriak dira hitz horiek, eta tontakeriago beraien oinarrizko erran-nahia. Guda, guda ez da maiuskulaz idazten jada, ez da izen propioa nonbait, arrotza ondorioz. Gurea ez bada, kanpokoa baita hasierako galderari erantzun gabe abiatu ginelako lasterketan. Nor gara? Hori zen galdera. Zergatik daude preso? Galdera den erantzuna!

Eta ez, mesedez, ez! Ez lurreratu kontzientzian eraiki dizuedan zama eroa naizela edo hitz hauen batura poesia dela aitzakiatzat erabiliz, ederki baitakizue orain nondik noan eta nondik natorren. Nondik gatozen sinestearen beldur ihes ibilitakoa bainaiz zuen aldabak jo eta babesik aurkitu ez dudan hau, neroni; beraz, gu.

Ez da poesia ero honen gabezia -zioen Xabierrek, Letek edo Silveirak, ez dakit-, ez da poesia neuronen anorexia. Zeren krisia, behin eta berriz errepikatzen digutena, ez da ekonomikoa, mentala da. Ez gara inguruaz, errealitateaz jabetzeko gai, ez dakigu diagnostiko zuzena egiten, ez dugu ideiarik ere.

Orain egun guti lagun batek halaxe erran zidan: «Sistematik at egoteko modu bakarra diru pila bat edukitzea da». Nik, nire ahotik, ez nion erreparorik jarri hitz sorta hari. Nirekiko pentsatu nuen: nola lortzen da diru pila bat? 4-4-2! (Futbol entrenatzaile izatea modu bat da!). Lana ez da bidea sistema honetan, sistema da bidea, lan honetan behintzat. Baina lan egitea lehen baldintza bada pertsona izateko, nola izan pertsona? Nola aldarrikatu beste mundu bat garen bezalakoak bagara? Ni eta nire neska, nire mutila eta bere kotxea, nire lana eta nire titiak, nire ekipoa eta nire perika... Zeren... independentzia nork? Eta zeri sozialismoa? Noiz, nork eta nola? Erotuta nagoela? Eskerrak! Bestela «Diario de Noticias»en idatziko nuke! Portzierto, zuk erosten duzulako!

P. D.: Beti izan dut post datarekin idazteko gogoa. Maketagileari barkamenak. Orain serio: Egiatan ez gara ohartzen gertatzen ari denaz edo galdu dugu guda eta bortz axola zaigu? Maiuskulaz bai, barkatu, GUDA.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo