Zazpi Herrialdeak
Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoa, faboritoak
J.L. | DONOSTIA
Dena prest dago Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketa, edo Euskal Olinpiadak jokatzeko. Bihar izango da Donostian, 17.00etatik aurrera. Lekua, berriz, eguraldiak esango du. Ona egiten badu, Saguesen izango da. Iragarpenak betetzen badira, eta txarra egiten badu, berriz, Atano III.a pilotalekuan jokatu beharko dute.
Hamar kirol izango dira, honako hauek: ingudea, lokotx-biltzea, harri-jasotzea, lasto-jasotzea, txinga, orga-jokoa, trontza eta aizkora. Hauek guztiak bakarka lehiatuko dituzte, eta sokatira eta zaku lasterketa, berriz, taldeka.
Herrialde bakoitzak, Zuberoak eta Nafarroa Behereak ezik, kirol guztietan parte hartuko dute. Zuberoak, taldekako bi lehietan ez du hartuko parte, eta Nafarroa Behereak, aldiz, harri-jasotzen. Zein arituko diren ere eman dute ezagutzera denek, bai behintzat banakakoetan, eta izenak, herrialdez herrialde, eta kiroleko aurrez aipaturiko hurrenkeran, hauek dira:
Zuberoa: Bidegainberri, Etxegarai, Ostiz, Teilagorri, Cazenave, Capitain-Souervielle eta Irigoien. Gipuzkoa: Mugartegi, Larrañaga, Ostolatza, Ituarte, Agirregabiria, Urreisti, Esnaola anaiak eta Olasagasti. Nafarroa Beherea: Ehieramendi, Dufau, Ipharragerre, Ehieramendi, Mendibil, Kassuso, Etxeberri-Bidarte eta Maillot.
Araba: Franco, Ibañez, Lopez, Velez de Mendizabal, Hierro, Fernandez de Retana, Perez de Heredia-Altzola eta Jauregi. Lapurdi: Iriarte, Gilçou, Martikorena, Arbenoitz, Etxebeste, Lartzabal, Duhalde-Olaizola eta Juanikotena.
Bizkaia: Lapazaran, Onaindi, Zelailuze, Atutxa, Urpe, Perez, Intxaurbe-Olivares eta Atutxa II.a. Nafarroa: Jimenez, Bertiz, Bereau, Sukuntza, Petrirena, Barberena anaiak eta Nazabal. Beste bi kiroletan, zaku-lasterketan, herrialde bakoitzak hirunako taldeak izango ditu, eta sokatiran zortzinakoak. Bi hauetan ez da Zuberoa arituko, eta harri-jasotzen, berriz, Nafarroa Beherea izango da arituko ez dena.
Faboritoak, aipatzerakoan, Nafarroa izango da faborito garbia, berak irabazi baititu azkeneko lau ekitaldiak, baina Bizkaia aurkari gogorra izan da beraientzat. Aurten Gipuzkoan izanik, etxekoak ere aurrean ibili nahi dute eta 2001ean lortutakoa errepikatzen saiatuko dira.
Txapelketa bera 17.00etarako dago iragarrita, baina ordubete lehenago hasiko dira ekinaldiak kale animazioen bidez, eta ondoren aurkezpena egingo dute.