Juan Jose Rego, presoen osasun eskubidea errespetatzeko borroka latzaren erakusgarri
Atzo, gose eta egarrri greba hasi eta hirugarren egunean, utzi zuen Juan Jose Rego euskal preso politikoak jarrera hori, bere osasun egoera bideratzeko konpromisoa lortu ondoren. Berehalako arriskua, dirudienez, desagertu da, baina ez hartara eraman zuen egoera. Gaixorik dagoen lagun batek gose eta egarri grebari ekiteko eta behar dituen botikak hartzeari uzteko erabakia latza da, zalantzarik gabe, horrelako erabakia hartzera bultzatu duen egoera ere latza baita. Juan Jose Regoren kasua preso gaixoen muturreko egoeraren erakusle da, osasun eskubidearen urraketaren adibide. Zorionez, preso donostiarrak bere helburua, legez dagokiona, epaileak berak onartu ziona, lortu du. Nolanahi ere, galdera saihestezina da ea zergatik euskal presoek bizia arriskuan jarri behar duten osasun eskubidea errespeta diezaieten.
Gobernu espainolak, bitartean, bestelako kezkak ditu, eskubideei baino botereari lotuagoak, eta lotura horri eusteko presoen kontrako zapalkuntza areagotzea baino ez zaio bururatzen. Ez da euskal presoen kontrako jokaera ankerra duen bakarra, ordea; askoz hurbilago, Gasteizen, hain zuzen, haien eskubideen aldeko agerpenak debekatzen baitituzte.