GARA > Idatzia > > Mundua

Zipre batzeko prozesua bide onean dela esan du NBEren berriemaile bereziak

Zipre batzeko prozesuaren baitan Demetris Christofias presidentearen eta Mehmet Ali Talat buruzagi turkiar-zipretarraren arteko lehen bilkura «positiboa» izan dela adierazi zuen NBEren berriemaile bereziak. Dena den, egiteko duten bidea luzea dela ohartarazi zuen.

GARA |

Demetris Christofias presidente greziar-zipretarrak eta Mehmet Ali Talat buruzagi turkiar-zipretarrak uhartearen banaketaren gaineko lehen elkarrizketa amaitu zuten atzo. Hurrengo hitzordua astebete barru izango da, hilaren 18an hain zuzen. Ordura arte, bataren zein bestearen kolaboratzaileak egunero bilduko dira. Negoziazioen xedea Zipre batzea da. 1974az geroztik bitan banatuta dago, Zipre greziarra eta Zipre turkiarra.

Lau orduz bildu ziren Nicosiako aireportu izandakoan. Egun, Zipren Nazio Batuek duten misioaren egoitza da. Bileratik ateratzean ez zuten adierazpenik egin nahi izan. Australiako lehen ministro ohia eta Ziprerako NBEren berriemaile berezi Alexander Downerrek adierazi zuenez, hurrengo bileran «gobernu motari buruz jardungo dute».

Negoziazioek luze joko dutela iragarri zuen. «Eperik finkatu ez duten arren, prozesua martxa onean joan dadin ahalegintzen ari dira», azaldu zuen.

Downerren hitzetan, atzoko bilkura «baikorra izan zen, baina bidea luzea da eta hau hasiera besterik ez da».

«Oraingoz, dena ondo doala uste dut. Garrantzi handiko gaiak daude mahai gainean, hala nola, botere banaketa eta gobernu berri baten osaketa», azaldu zuen. Adituek nabarmendu dutenez, azken belaunaldiek gatazka konpontzeko ikusi duten «aukerarik onena» da honakoa. Bi eremutan banatutako estatu federala sortu nahi dute.

«Berdintasun politikoa»

«Iritzi desberdinen artean zubiak eraikitzeko eta arazoak konpontzeko gai izango garela uste dut», adierazi zuen Talatek bilera hasi aurretik. Akordioak «berdintasun politikoa» bermatu behar duela adierazi zuen.

turkiaren papera

Turkiak zeresan handia du gatazka honetan. 1974an, soldaduak Zipreko iparraldera bidali zituen. EBn sartu ahal izateko ezarri zizkioten baldintzetako bat Zipre batzeko prozesua martxan jartzen laguntzea zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo