Eraikitze lanak amaituta zabalik da dagoeneko Ekainberriko erreplika
Azken urteetan luzatu diren lan gehienak amaituta, Ekainberrik ateak ireki dizkio munduari. Instituzio desberdinetako ordezkariak bertan zirela, jendaurrera begira egindako ekitaldi ofizial batek inauguratu zuen erreplika. Ibarretxe lehendakariak, gainerako gonbidatuek bezala, egitasmoak ekarriko omen dituen «onurak» nabarmendu zituen.
Ariane KAMIO | ZESTOA
Urte honetan zehar data desberdinak aurreikusi izan dira Ekainberriko erreplikaren irekierarako. Hasiera batean, martxoa aldera zabalduko zela baieztatu zen eta, geroago, uda parterako prest egotea espero bazen ere, atzo arte ezin izan zituen ateak ireki.
Antxieta kultur taldeko Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek Ekaingo kobazuloko labar pinturak aurkitu zituztenetik 40 urte itxaron behar izan dira barruan gordetzen duena herriari zabaltzeko, baina itxaroteak merezi izan duela nabarmendu zuten atzo Zestoan egindako ekitaldi ofizialera bertaratutakoek.
Lakuako Kultura sailburu Miren Azkaratek, Ekainberri Fundazioko presidente Maria Jesus Aranburuk, Zestoako alkate Alazne Olaizolak, eta Jesus Altuna arkeologoak burutu zuten inaugurazio ekitaldia. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria azken orduan iritsi zen, eta erreplikak Zestoako herriari zein bailarari ekarriko omen dizkion «onurak» nabarmendu zituen.
Aurpegi ezagun asko gerturatu zen Zestoaraino; kasik kazetariak bezain beste. Desberdintasun txiki batekin, hori bai; lehenengoek eraikin barruan ikusi zuten inaugurazioa eta, besteek, bideokonferentziaz jarraitu zuten, ondoko areto batean sartuta.
Argazkilari eta kameralariek ere tarte txikia izan zuten irudiak hartzeko. Zehaztasunez kontatutako minutuak egin beharrekoak egin eta eskaileretan behera berriro kalerako bidea hartzeko.
Helburua betetzeke
Komunikabideen arreta bereganatzeko deitutako ekitaldian egitasmo berriak Zestoan zein bailara osoan izango duen onura ekonomiko eta turistikoa azpimarratu zituen Azkaratek, baita Unescok Gizateriaren Ondare izendatu izanaren garrantzia ere.
Bestalde, Jesus Altuna arkeologoak hiru helburu zehatz finkatu zituen egitasmo berriaren baitan. Berezko kobazuloa babestea, batetik, barruan duen balio historikoa bizirik mantentzeko, eta ondarea herriari hurbiltzea, bestetik, arbasoen bizimodua ezagutzeko. Erreplikaren irekierarekin bi horiek betetzat eman zituen, baina hirugarren bat oraindik egiteke dagoela nabarmendu zuen; Ekaingo ingurua bere horretan mantentzearena, hain zuzen.
Sastarraingo bailarako eraikin berrira ez dago autoz joaterik, oinez gerturatzea da dagoen aukera bakarra. Horren harira, Altunak bide hori hobetzea beharrezkotzat jo zuen, beti ere bertako berezko ingurumena errespetatuz.
Gaurtik aurrera mundu zabalari irekiko zaio Ekainberriko erreplika. Hala ere, webgunerik ez izateak areago zailtzen du kobazuloaren labar pinturen balioa hedatzea.
Jendaurrera begira egindako ekitaldia izan zen atzo instituzioek Sastarraingo eraikin berrian egin zutena eta, hizlariek, erreplikak izango omen dituen «onurez» hitz egiteko baliatu zuten aukera
Lekua: Sastarraingo bailara, Zestoan.
Antolatzailea: Ekainberri Fundazioa.
Sarreraren prezioa: 5 euro.
Kobazuloaren erreplika Sastarraingo bailaran kokaturik dago eta, eraikin berria, Zestoatik 800 bat metrora dago. Oraingoz, bertaratzeko aukera bakarra oinez joatea da. Autoa, beraz, herrian utzi behar da eta, Lili Jauregitik aurrera dagoen bidea egin Ekainberrira iristeko. Ekainberrik egunero zabalduko dizkio ateak publikoari, 10.00etatik 18.00etara, astelehenetan izan ezik. Sarrerak, 5 eurotan.
A.K.