GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Galdeketa Zapaterok dei dezan proposatu dio EAk PSOEri

Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketak deitzeko eskuduntza Gobernu espainolarena baino ez dela adierazi ondoren, honakoa proposatu dio EAk PSOEri: Lakuak antolatu nahi zuena Madrilgo gobernuak bultza dezala. Mikel Irujo eledunak adierazi duenez, horrela frogatuko luke Jose Luis Rodriguez Zapaterok euskal hiritarren hitzari ez diola beldurrik.

GARA |

Lakuak urriaren 25ean egin na- hi zuen herri galdeketa bertan behera utzi ondoren, gobernuko alderdi batek dei zuzena egin dio Madrilgo gobernuari, ekimen hori abiatzen duena bera izan dadila. EAk egin du eskaera hori, nahiz eta Juan Jose Ibarretxe buru zuen galdeketa hori, hain zuzen ere, Gobernu espainolaren helegitearen bidez debekatu duten.

Hori proposatzeko, debekua ezartzeko Estatu espainoleko Auzitegi Konstituzionalak erabilitako argudioetako bati heldu dio Mikel Irujo EAk eledunak: herri galdeketa deitzeko eskuduntza Gobernu espainolarena baino ez dela. «Arazoa eskuduntza mailakoa bada, Zapateroren Gobernuak izan behar luke honelako prozesu bat abiatuko duena», azaldu zuen Donostian egindako agerraldian.

EAren proposamenaren arabera, honela froga lezake PSOE alderdiak euskal hiritarren erabakiari beldurrik ez diola. Irujoren esanetan, euskal hiritarren gehiengoak «oraingo estatusetik haratago joan nahi du eta bere etorkizuna erabaki behar du». «Baina ezetz esatea oso erraza da herri honentzat inolako alternatiba politikorik ez dagoenean», leporatu zion Zapateroren alderdiari.

Ezker abertzaleari ere zuzendu zitzaion Mikel Irujo. Honen ustez, oker dabil bide honek ez gaituela inora eramango uste badu. «Galdeketarena prozesu zabalago baten hasiera baino ez da, eta autodeterminazio eskubidearen aitortza eragin behar du», adierazi zuen.

Hori guztia esanda, ez zuen ekimen berririk iragarri EAk. Ibarretxek ostiralean esandakoa berretsi zuen: «Ez gaude ados, eta ez gara geldirik geratuko; alternatiba berriak bilatuko ditugu, jende guztiak argi izan dezala hori. Gu ez gara eserita egon- go, PSOEk, PPk, bai eta ezker abertzaleak ere egiten duten moduan».

Lakuako goGernuko beste kide batek, Ezker Batuak, autokritika puntu bat sartu zuen eztabaidaren zurrunbiloan. Javier Madrazo agintari nagusiaren ustez, hirukoak ez du «PPk eta PSOEk erabilitako gezur multzoari aurre egiteko gaitasunik izan. Ondorioz, galdeketa ekimen apurtzaile gisa ulertua izan da, kontrakoa bada ere: herritarren parte hartzea ez da legez kanpokoa, ez da demokraziaren aurkakoa», erantzun zuen.

PSE: «Demokraziari mehatxu»

Beste aldean, pozaren pozez jarraitzen dute PSOEko eta PPko ordezkariek Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiaren ondoren. Gasteizen PSOEk egindako ekitaldi batean «demokraziari mehatxu egitea» leporatu zion Txarli Prietok Juan Jose Ibarretxeri. «Joko arauak» Madrilek finkatu dituenak direla nabarmendu zuen: «Demokrazia sistema antolatua da, joko arau batzuetan oinarritua; horiek onartzen edo errespetatzen ez ditue- nak mehatxu egiten dio», aipatu zuen agintari arabarrak.

Orain Europako epaitegietara jotzea «tontakeria» dela gaineratu zuen Prietok: «Europak ezin ditu euskal hiritarrak errespetatu negarrez eta gure herriaz gaizki esaka joaten bagara», adierazi zuen.

Horregatik guztiagatik, hurrengo hauteskundeetan PSOEk Ajuria Enea eskuratzea behar-beharrezkoa dela nabarmendu zuten Prietok eta haren alderdikideek. Honen esanetan, Ibarretxeren jokabideak «erakundeen arteko liskarrak baino ez ditu eragiten» eta hori moztu beharra dago.

LEGEAREN BARRUAN

EBren ustez, Madrilen ez dute ulertu beren galdeketa legediaren barruan dagoela. «Ez zen erreferendum bat eta ez zegoen oraingo legedia gainditzeko asmorik, kasu horretan EBk ez zukeen onartuko», aitortu zuen Madrazok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo