Kirmen Uribe Idazlea
Agurra edo
Niri halaxe idaztea gustatzen zait. Ez era abstraktu batean, pertsona jakinak gogoan hartuta baino, eta horrexegatik kontatzen ditut haien istorioakRoberto Bolaño idazle txiletarrak Santiagoko «Las Últimas Noticias» egunkariko zuzendariari hauxe idatzi zion astero idatziko zituen zutabeei buruz: «Nahiago nuke nire zutabean hala Probentzako poeta ezezagunenari buruz nola Poloniako eleberrigile ezagunenari buruz hitz egin, nahiz eta jendeak oro har horiek ez ezagutu. Zutabe literarioa idatzi gura nuke».
Duela urte batzuk, GARAko iritzi saileko lagunek deitu zidatenean, antzeko erantzuna eman nuen neuk ere. Ni ez nintzela iritzi emailea, badaudela ni baino iaioagoak langintza horietan. Ez dudala neure burua iritziak emateko gai ikusten. Eta ondorioz, nahiago nuela istorioak kontatu.
Haien erantzunak lasaitu egin ninduen: «Izan ere, horixe bera nahi genuen», esan zidaten telefonoz. «Horrexegatik deitu dizugu. Igandeetan agertuko zara eta zure zutabea bestelakoa izatea nahi dugu. Nahikoa hitz egiten dugu gizarte eta politika arazoez aste guztian zehar. Zuk kontatu zure istoriotxoak Kirmen. Libre zara horretarako».
Erantzunak pozez bete ninduen, aukera ematen baitzidan nik egunero kalean ikusten nuenari buruz hitz egiteko, kezkak beste era batera azaleratzeko.
Lenini buruz, errusiar Iraultzaren buruari buruz, esaten dute sekula ere ez zuela pentsatzen makropolitikan. Estatuak neurriak hartu behar zituenean berak beti hartzen zuela gogoan pertsona jakin bat, eta pentsatzen zuen zein eragin izango zuen neurri hark berak ezagutzen zuen pertsona horrengan. Esate baterako, neurria nekazaritzari buruzkoa bazen izen-abizenak zituen baserritar batekin gogoratzen zen, eta ondoren pertsona hori gogoan hartuta neurria ona ala txarra zen esaten zuen.
Niri ere halaxe idaztea gustatzen zait. Ez era abstraktu batean, pertsona jakinak gogoan hartuta baino, eta horrexegatik kontatzen ditut haien istorioak.
Gauzak horrela, urte hauetan hainbat jenderen bizitzak ekarri ditut egunkariko zutabe honetara. Bazterreko pertsonenak gehienak, benetakoak batzuk eta erdi asmatutakoak besteak. Irakurketei buruz ere aritu naiz, bai eta bidaietan han eta hemen ikusitakoari buruz. Konturatu naiz nire eguneroko bilakatu direla zutabeok eta horiek gabe galdu egingo liratekeela nik bizitako gauza asko eta asko.
Roberto Bolañok utzi egin zion egunkarian zutabeak idazteari bere «2666» nobela erraldoia bukatzear zuela. Mila orrialdeetako liburutzarra. Haren idazketa lanak denbora guztia hartzen zion eta ezin zuen besterik idatzi.
Antzeko zerbait gertatzen zait neuri ere. Bestelako idazketek gero eta denbora gehiago hartzen didatela. Eta ezin denari eutsi. Horrexegatik utziko diot GARAn idazteari. Pena handiz utzi ere. Pozez aritu bainaiz, eta espero dut noizbait poz berarekin itzultzea, berandu baino lehen, eta istoriotxoak kontatzea zeuei. Istorioak kontatzea, besterik ez dakit egiten eta.
Eskerrik asko bihotzez.