GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Big bang kondenatzen dut

Ekonomia eta teknozientzia garai honetan kontrako noranzkoan doazela ematen du. Ekonomian desazelerazioa da nagusi eta tekno zer horretan, ostera, azelerazioa. Horra, kasuko, aste honetan ez dakit non abian ipini duten azeleragailu tramankulu horrena. Itzelezko muntaia lurpean! Aita gizajoa, jakintzak lekurik betetzen ez duelakoan zegoen! Bada, Lur planeta sortu zeneko «big bang» harena hobeto ulertzea helburu, omen. Amen. Diotenez leherketa handi batek sortu eta harrezkero etengabe ari da zabaltzen unibertsoa, multinazionalen planeta hau barne. Hau kolpea! nik dakidala inork ez du leherketa hura kondenatu. Tira ba, atrebentzia gero teknozale horiena! Planeta honen iragana argitzeko ez dute bada zeroz betetako diru-zifratzarra bideratuko oraindik ere planetaren gaurkoa eta, batez ere, geroa batere ezagutzen ez denean! Zertara dator sorrera horren gaineko jakin-min garesti hori ase nahi izatea petrolio-prezioaren aldakortasunaren sorrera bera non den ezin jakin direnean, horrek, ustez merkatuak berak ez dakizkien beste hainbat kausa ekonomikorekin batera, planeta honetako eremu latz askotan gosea asetzen saiatzen diren milioika nekazarirengan sortzen duen mina kontuan hartuta? Euskal lurraldeetatik ere txaloka hartu dute tramankuluaren abia, inguruan abiarazi nahi duten espalazio-iturriarekin uztartuz. Ez naiz ni Atapuercako bizimodura bueltatzearen aldekoa, hangoei noiz edo noiz kontsultatu egiten zietela nonbait irakurria badut ere, baina ezezaguna ezagun egiteko bidean zeinek jartzen du teknologikoki zuzena izatearen labela? Akaso protoiek eta neutroiek konponduko dute euroak eta dolarrak eragindakoa, azken hauen jabeen esku egonda beste haien gaineko balizko erabilpen-eremuen erabakia? Tira, azkenean behintzat ulertu dut jelkideen azken boladako diskurtsoen anabasa, talkarena eta Europakoa hain zuzen; Europako azeleragailu horretan talka eginaraziko duten protoietan omen dute jarrita itxaropena, euskal unibertsoaren arazoa konpontze aldera. Jelkoiak! Eta ustez talka horrek bero itzela sortzen duenez goi-karguen soldatak izoztea deliberatu dute, Gipuzkoako diputapena buru. Pentsatzea ere garai batean atomoa eta beheko estatua zatiezinak zirelako ustea zela! Bai zera, orain biak dira zatigarri, estatua batez ere. Eta ez jelkoien talkaz prezisamente.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo