Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan Lizentziaduna
Berriro ez, mesedez
Arratsaldeko seiak jotzear, 2007/10/12: Hamaika itzuliren ostean, Donostiako etorbide nagusian nago. Arnasestuka nabil azken ordu eta erdia, korrika, makurtuta, ikaratuta, nora ezean. Momentuan dudan panoramika benetan oso tristea da: kalean zebilen jendea ihesi doa ikarak inbadituta. Dozena bat kaputxadun, beste hainbeste banketxeri eraso egiten ari da, bakoitza bere aldetik, bakoitza bere erara.
Kristal soinua da nagusi; harriak, lurreko azuleju zatiak... edozerk balio du herritarren kontura hainbesteko diru irabaziak dituzten entitate hauen aurka. Baina aurrez pentsaturiko ekintza baino, momentuko amorruak eragindako inprobisazio librea besterik ez dela iruditu zait. Alde guztietan sakabanatuta dago jendea, non sartu, nora joan ezjakin, bata besteari begira. Batzuk izututa, besteak zur eta lur, gutxi batzuk erabat aztoratuta.
Nik egia esan, ez dakit zer sentitu, baina pena ematen dit egoerak. Urduri eta nekatuta nago. Denbora gehiegi daramat oihuka, hitzak elkar josiz, beltzez jantzitakoen pilotakada amaigabeak ekidin nahian. Bi aldetan ikus daitezke kaputxadunak: batean, uniformedun indar polizialak; bestean, ez dakit... agian uniforme gabeko agenteren bat ere egongo dela uste dut mesfidati.
Eta tartean, aurpegia estali gabe daramagun ehunka herritar, hitzez soilik armatuak, inpotentzia barrena jaten ari zaigun arren. «Independentzia», «Faxistak kanpora!» leloak ozen entzuten dira, pilotakadak eteten diren une laburretan. Etorbidera hiru furgona hurbiltzen ikusi orduko, jende multzoa korrika hasi da berriz ere, elkar joaz, oztopatuaz, beldurrak gidatuta. Istiluek oraindik ere luze iraungo dutela dirudi; nik ordea, ezin dut gehiago. Nahi eta uste baino gehiago ikustea suertatu zait; nahi baino indarkeria gehiago pairatzea. Gehiegizko dosia lasai manifestatzera etorri den edonorentzat.
Amararaino iritsi eta bueltako autobusa hartu dut. Atzeko aldean, odolez zipriztindutako gazte bat erdi etzanda dagoela ohartu naiz. Dagoeneko autopistan, leihotik atzera begiratuz, lur jota geratu naiz: Donostia sutan dagoela dirudi, zientzia fikziozko film bat bailitzan. Errealak dira ordea zerurantz igotzen diren eta hiriko gainontzeko paisaia ezkutatzen duten kezko mendi erraldoiak. Negargura ematen dit ikuste hutsak. Azken bi ordutako gertaerak asimilatu nahian nabil. Lan zaila ordea. Demokrazian gaudela eta hau edonola babestu behar dela dio irratiko ahots arraroak. Leihotik begiratzen dut berriro. Oraindik ere kezko mendiak urrutian. Bai; demokrazian bizi gara...
Bakarrik etorri naiz. Espainiar ultraeskuindarren probokazio-bisita dela-eta, iragan hurbilean hainbesteko sufrimendua eragindakoak ongi etorriak ez direla azaltzeko elkarretaratzea antolatu du koordinakunde antifaxistak. Eragile soziopolitiko ugarik bat egin dute ekimenarekin. Bideo emankizunen ondoren, kontzertuen unea da. Bigarren taldea jotzen hasi denean, bat-batean inguruko jende guztia korrika hasi da Kontxa aldera. Ez dut ezer ulertzen. Musika taldekoak ere azkar urrundu dira. Ezkerrera begiratu eta ertzain ugari ikusi ditut hurbiltzen. Pilotakadak, bata bestearen atzetik. Jendearen izu oihuak. Adinekoak parte zaharrerantz doaz babes bila. Pilotakada gehiago. Korrika hasi naiz ni ere, jende multzoari jarraituz.
Bihotz-bihotzez, gaur iazko urriaren 12an gertatutako istilu larri eta lotsagarriak ez eragitea eskatuko nieke, pertsona zehatzei hitz egiteko atea irekitzeko ere gai ez diren herritarron ordezkari jakin batzuei. Euren erabakiek izan ditzaketen ondorioez, kalteez hausnartu eta arduraz eta etikaz jokatzea ere exijituko nieke eta behin, behin besterik ez bada ere, honako galderak egitea: Manifestazioak debekatuz, istiluak ekidin ala eragin egiten dira? Noiz gertatu ohi dira istiluak, manifestazioak normaltasunez egiten uztean ala hauek debekatu eta erreprimitzean? Bakean elkartu eta herritar batzuek bizi duten egoera salatu eta hauen eskubideak bermatuak izan daitezen aldarrikatzea delitua al da? Aski da.