Jendeak berriro ere argi dio: Bai Euskal Selekzioari!
«Nazio bat, selekzio bat» lelopean antolatu zuen atzo ESAIT-ek euskal selekzioen aldeko eguna Izarran. Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, jendearen erreibindikaziorako gogoak aise irabazi zion pultsua zerutik erortzen zen euri eta Gorbeialdetik jotzen zuen haize hotzari.
Koldo AKORDARREMENTERIA
Goibel argitu zuen atzokoan Arabako mendebaldean. Euria ustekabeko protagonista bihurtu zen, guztien atsekaberako. Baina jendeak argi zeukan atzo Izarran aldarrikapen huts bat baino gehiago zegoela jokoan; askok esaten duten moduan euskal selekzioaren aldarrikapena, erreibindikazio huts bat baino, amets bat delako.
Jendeari kostatu zitzaion etxetik atera eta Izarrarako bidea hartzea. «Eguerdi partean hasi dira sartzen autoak» zioen Izarrako sarreran trafikoa zuzentzen boluntario lanean zebilen gazte batek. Baina behin Izarrara helduta, bertaraino joateak merezi izan zuela ikusi zuten guztiek. ESAITek askotariko jarduerak prestatu zituen ahalik eta jende gehienaren nahiak asetzeko.
Gazteenek goizean goizetik gozatzeko aukera izan zuten, frontoian jarritako gaztelu puzgarriekin lehendabizi, eta Txan Magoaren emanaldiarekin ondoren. Kirola gustuko dutenek ere parada bikaina izan zuten Goenatxok eta Miren Urkiolak egindako harri-jasotze erakustaldiarekin.
Azokako gazta, barazkiak, pastelak eta taloak gosearen kontrako sendagairik onenak ziren, edo hala zioen marketinaren arauak ondo ikasiak zituen baserritar batek. Eta egun-pasa joan zirenek ere giro onaz gozatzeko aukera izan zuten, txistulariekin, zanpantzarrekin, txalapartariekin eta bertsolariekin.
Helburua: ofizialtasuna
Eguneko ekitaldi nagusian Lorena Lopez de Lacalle, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Itziar Arratibel ESAITeko lehendakariak hartu zuten hitza. Biek salagarriak diren gertakariak aipatu zituzten, eta biek izan zituzten ahotan jokatu berri diren (eta paralinpikoen modalitatean jokatzen ari diren) Pekingo Olinpiar Jokoak.
Lopez de Lacallek behin eta berriz aipatu zituen euskal selekzioaren ofizialtasunari jartzen zaizkion oztopoak. Baina horren atzetik mezu optimista bat utzi nahi izan zuen, «batetik selekzio bat izateko borroka zilegi delako, eta bestetik ofizialtasunaren aldeko sentimendua gizartean gero eta txertatuago dagoen mezua delako». Gainera, argudio gisa Pekinen euskal atletek lortutako emaitza onak ere aipatu zituen. Hitzaldia bukatzeko, Kataluniako diada egunean ezaguna egin zen esaldia erabili zuen: «Sar iezaiozu gol bat Espainiari».
Ondoren Itziar Arratibelek hartu zuen hitza. Argi adierazi zuen benetan euskal selekzioaren alde lan egin nahi baldin bada, benetako urratsak ematen hasi beharra dagoela, esaterako, «egitura nazional sendoa duen federazio bat eraikitzea, lehen pauso gisa». Horrez gain ESAIT elkarlanean aritzeko prest dago, «gure helburua ahalik eta hurbilen izateko». Hau da kirolari euskaldun guztiek munduko txapelketa, Olinpiar Joko edota edozein lehiaketatan euskal selekzioaren koloreekin jokatzeko eskubidea bermatua izan dezaten. «Eta zein itxaropen etorkizunerako? Hemendik hamar urtera nahiago nuke era honetako ekitaldirik antolatu behar ez izatea. Hori seinale ona litzake», zioen txantxetan Arratibelek.
Jone Goirizelaia abokatu ezaguna ere Izarran izan zen euskal selekzioari bultzadatxoa emateko asmoz. Bere esanetan, ez da behar beste lan egiten euskal selekzioaren alde, eta «lotsagarria» iruditu zitzaion Gasteizko Gobernuaren jarrera Pekingo Olinpiar Jokoetan. «Alde batetik kanpaina mediatiko zabala egin zuten, euskal atletak euskal nazioaren alde lehiatzen ari zirela esanez. Baina, bestetik, guztiok ikusi genituen gure atletak Espainiako txandala jantzita eta Espainiako banderaren alde jokatzera beharturik.
Atzeko lan handia
Jendea gogotsu inguratu zen Izarrara. «Hauxe da euskal selekzioaren alde egin dezakegun gauzetako bat» zioen, semea arretaz zaintzen ari zen ama batek. «Urtean zehar Gabonetako euskal selekzioaren partida eta egun hau dauzkagu selekzioari gure laguntza emateko».
Baina Itziar Arratibel ez dago horrekin ados. «Gure lana egunerokoa da; behin eta berriz biltzen gara federazioekin, politikariekin hitz egiten dugu, eta jendeak jakin egin behar du gure lana ez dela mugatzen urtean bi ekintza antolatzera», argitu nahi izan zuen.
Arratsalde parterako jende gehiago hurbildu zen Izarrara, eta bertso-poteoak jai giroa handitu baino ez zuen egin. Ondoren, egunari bukaera emateko, Zea Mays, Idi Bihotz eta Besterik Gabe-ren kontzertuaz gozatzea aurreikusita zegoen.