GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gaurko manifestazio deialdiak berean jarraitzen du, Lakuak debekatu arren

Lakuako gobernuak berean jarraitzen du: euskal preso politikoen eskubideen defentsan, urtero, Donostian, egiten den manifestazioari ezarritako debekua mantentzen du. Baina, deialdiak ere berean darrai: 13.30ean, Bulebarrean, manifestazio jendetsua espero da.

p017_f02.jpg

GARA |

Azken hogei urte baino gehiagotan egin bezala, gaur, Donostian, Kontxako Banderaren estropadaren karietara, euskal preso politikoen eskubideen alde manifestatzeko amnistiaren aldeko mugimenduak egindako deialdiak bere horretan jarraitzen du: 13.30ean, Bulebarrean. Aitzitik, Juan Jose Ibarretxe buru duen Lakuako gobernuak debekua ezarri zion joan den astean. Iazkoan ere, Ertzaintzaren oldartzeak zirela medio, arratsalde osoan zehar istiluak jazo ziren hiriburuko Alde Zaharrean. Eta hamarka herritar zauritu eta atxilotu zituzten.

Lakuako Barne sailak bere kabuz ezarri zion debekua, orain astebete pasatxo, urtero, iraileko bigarren igandean Donostian euskal preso politikoen eskubideen alde egiten den manifestazio jendetsuari. Aurtengoan, gainera, Kontxako Banderako estropadetan lehiatzen diren hainbat arraunlarik egin zuten mobilizaziorako deia. «Istiluak ekiditeko» aitzakiapean ezarri dio aurtengoan debekua Javier Balza sailburuordea zuzendari duen sailak.

Tabernari eta dendariak

Etxerat elkarteak, gaurko manifestazioaren defentsan, Javier Balzarekin elkartzeko asmoa zuela aditzera eman zuen. Segituan eman zien honek ezezkoa, baita hortik bi egunetara hitza bete ere; asteartean, Etxerat-ek itxirik aurkitu zituen Gasteizko Barne Sailaren egoitzako ateak.

Iaz, gaurko egunez gertatutako polizia oldarraldiaren ondorioak ikaragarriak izan ziren: hamarka zauritu, atxilotuak, gizon bati emandako bihotzekoa, etengabeko kargak Alde Zaharreko kaleetan... Eta ««tabernek eta komertzioek jasandako galera ekonomikoak».

Horregatik, Alde Zaharreko tabernariek eta komertzioek deitu zuten elkarretaratzean hirurehun lagunetik gora elkartu ziren iaz. Aurten, aldiz, bestelako protestaldia egin zuten ostegun goizean: kontzentrazio bera auzoko Bretxan, baina, oraingo honetan, «Balza jaunari iaz salatu genuen Ertzaintzaren neurriz kanpoko jokaera hura aurtengo irailaren 14an errepika ez dadin eskatzeko».

«Utzi Alde Zaharra bakean!!!» lelopean hamarka lagunek egin zuten protestaldia ostegunean. Gaurkoan, aitzitik, milaka izango dira Donostiako jai egunarekin batera, 13.30ean, euskal preso politikoen eskubideen defentsan deitua dagoen manifestazioan parte hartzeko intentzioarekin bertaratuko direnak.

KONTZENTRAZIOA

Ertzaintzak iaz izan zuen «guztiz neurriz kanpoko jokaera» ez errepikatzeko deia egin zioten Javier Balzari, ostegunean, protesta bidez, Alde Zaharreko tabernariek eta dendariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo