«Artzainek inbertsio handiak egin dituzte mundu globalizatura moldatzeko»
Goierritarra, Seguran jaioa da Isabel Elorza. Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziaduna da eta Erizaintzan diplomaduna, eta Donostiako Erizaintza Unibertsitate Eskolako irakasle titular gisa lan egiten du. Besteak beste, artzaintzaren hiru dimentsioen -ingurunea, ardia eta artzaina- azterketa sakona egin du EHUn aurkeztu duen «Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko artzaintza» doktore-tesian.
Imanol CARRILLO |
Artzaintza moldatze-prozesu batean murgilduta dago, iraganeko jakintza eta eskarmentua egungo merkatuaren eskaerarekin bateratu nahian. Isabel Elorzak Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko artzaintza ikertu du bere tesian. Tradizioz beteriko lanbide eta bizimodu honen egungo eta etorkizuneko egoeraz hitz egin du elkarrizketa honetan. Gaiari buruzko jakinduria azalduz gauza interesgarri eta garrantzitsuak azaldu ditu.
Galdera saihestezina. Zerk bultzatu zintuen tesia egitera?
Zegamako Udalak 2004an Zegama, Aizkorri eta Urbiako artzaintza ikertzeko I. Xabier Azurmendi Beka deialdia egin zuenean, nire ahizpa Liernik eta biok proiektua aurkeztu genuen, eta 2006an «Zegama, Aizkorri eta Urbiako artzaintza» izenburua duen liburua argitaratu zuen Zegamako Udalak.
Lan honekin arlo etnografikoa landu genuen, baina irakurketa antropologiko sakonagoa behar zela argi geratu zitzaigun, eta asmo horrekin egin nuen doktore tesia. Hasierako lana zabala zenez, hau sakonagoa izateko ikerketa mugatzea interesgarria iruditu zitzaidan.
Zer-nolako harremana eduki duzu artzaintzarekin?
Ezin daiteke esan orain arte artzainekin harremanik izan dudanik. Gaur egun, artzainen historia eta hainbat istorio ezagutzen baditut ere, argi dago artzainek badutela esatekoa. Horrexegatik beraiek dira tesi honetako protagonista handienak, eta beraiei eman zaie hitza ahal izan den modu egokienean duten jakinduria zabala eta aberatsa kaleratu nahian.
Zein izan da Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoa aztertzearen arrazoia?
Partzuergo hau bi lurralde hauetako mugan kokatzen da eta 1430. urteko hitzarmen baten ondorioz Gipuzkoako eta Arabako herri batzuek erabil ditzaketen lur komunak dira. Gipuzkoako herriak: Zegama, Segura, Zerain eta Idiazabal; Arabako herriak Asparrena Zalduondorekin batera eta Donemiliaga. Lana lur honetara mugatzearen arrazoi nagusia artzaintzaren lekukotasunean sakontzea izan da, lan orokorrak eginak direlako (Leizaola, Manterola...). Gainera, une honetan Gipuzkoako artzain multzo handienetako bat Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoan aurki daiteke. Dena dela, lur hauek udarako lurrak dira, negurako artzain bakoitzak artegiak baititu bere herrian.
Artzainen arteko harremanak ere aztertu dituzu.
Familia harremanak lantzeaz gain, era batean edo bestean egon diren aldaketak ere aztertu dira: familia, auzolan edo gaur egun feria edo festen bidez ematen diren harreman berriak. Zuhaitz genealogikoa egiteak jatorri anekdotikoa du ia. Artzainekin harremanetan jarri ginenean izen-deitura bera zutenak bazeuden, eta senar-emazte batzuek izen berak zituzten (Urbian batera egon ziren hiru Domingo hiru Anttonirekin ezkonduta). Hau nahasia zen familia jatorria ezagutzen ez genuenontzat eta horregatik egin genuen zuhaitz genealogikoa.
Zein ondorio atera duzu?
Hemendik ondorio ugari atera daitezke, baina Urbian artzaintzak duen familia lotura indartsua azpimarratuko nuke. Izan ere, txabola gehienetako artzainek familia loturak dituztelako. Horrez gain, zuhaitz genealogikoa aztertzerakoan argi geratzen da guraso biak artzain izan direnean jarraitu duela indartsu artzaintzak. Bietako bat ez bazen artzain sentitzen, bizibide honek ez du aurrera jarraitu familia horretan.
Artzainek nola ikusten dute gaur egun artzaintza?
Banan-banan egon gara beraiekin. Artzain bakoitzak artzaintza modu berezian bizi duen era berean, artzaintza ikusteko era ezberdinak daude. Beraz, ezin da esan ikuspuntu bakarra dagoenik. Batzuek ilun ikusten dute artzaintza, etorkizunik gabe, oztopo asko jartzen dizkietelako askotan administrazioko burokrazietatik. Beste batzuek, aldiz, itxaropentsu, eta horretarako inbertsio handiak egin dituzte gaur egungo mundu globalizatura moldatzeko helburuarekin.
Eta, zure ustez, zein da artzaintzaren egungo egoera?
Partzuergoko artzaintza oso une aberatsean dago bertan hiru artzaintza motak aurki daitezkeelako. Alde batetik, lege zaharreko artzaintza: orain dela 100 urteko artzaintzaren antzekoa dela esan daiteke, puntu batzuetan moldatua. Artzaintza modu hau desagertzeko zorian dago.
Bestetik, zubi egiten duen artzaintza dago: antzinako hainbat ohiturari eutsiz gaur egungo eskakizunari aurre eginez lege zaharreko eta gaurko artzaintzaren arteko oreka mantendu nahian dabilena. Eta hirugarrena, etorkizunari begira dagoen artzaintza: enpresa munduari lotuta dago. Artisautzatik zer edo zer galdua du eta beharrezkoak diren teknologietara, osasun eta garbitasun eskakizunetara erabat moldatua.
Eta artzaintzaren etorkizuna?
Partzuergoko artzaintzaren historia gatazka eta aldarrikapenez beteta egon da, bertako artzaintzari nortasun berezia emanez. Honek guztiak artzaintzaren etorkizuna sustatu egin duela esan genezake eta hainbat inbertsio eginak dira artzaintza profesio duin bilakatzeko. Artzaina, orokorrean, harro sentitzen da duen bizibidearekin eta gizartean berari buruz zabalduta dagoen estereotipo nagusienetakoa era bat baztertu behar da: berekoia, isila, bakartia... denekoa. Gaur egun, gainera, badaude artzain gazteak gurasoekin, amarekin batera artzain dabiltzanak... Etorkizuna izango ote dute?
Artzaintza eskolak ere abian jarri ziren duela urte batzuk...
Tesian artzain eskola aipatu besterik ez da egiten. Bi orrialde inguru besterik ez zaizkio ematen. Dena dela, Partzuergoko artzain batzuk bertan egonak direnez, euren esperientzia aipatu nahi izan dugu. Artzainek orokorrean esaten dutenez, batez ere kudeaketarekin eta antolakuntzarekin erlazionatutako hainbat gaiez asko ikasten da artzaintza eskolan, baina argi dute hau ez dela behar den guztia eta etxean guraso artzainengandik ikasten dena ez dutela han ikasi.
Mihi urdinaren gaixotasunak zer-nolako eragina izan dezake artzaintzan?
Ardiaren gaitzak artzainaren ikuspuntutik aztertu dira eta orain arte ez zuten arazo kontsideratzen mihi urdina. 1959ko dokumentu baten arabera, ardiek mihi urdinaren txertoa jasota dute, baina gaur egun beldur handia dio artzainak txertoari, ardiak lur jota uzten baititu. Ez dakite zer den okerragoa nekez iritsi den mihi urdinaren gaitza edo epe batez ardiak zutik egon ezinik uzten dituen txertoa.
Eztabaida sutsuak egon dira gazta izendapen ezberdinen artean ardi israeldar baten erabilerarengatik...
Partzuergoko artzaina oso pozik eta gustura dago ardi latxarekin, primeran moldatu delako hemengo lur heze eta harritsuetara. Ardi erraza omen da eta artzain gehienek ez dute oraingoz besterik ikusi nahi. Gainera, hobekuntza genetikoak edo elikagaiekin lotutako hobekuntzak direla-eta, gero eta ardi hobea omen du artzainak, gero eta esne gehiago ematen duena eta kalitate handiagokoa. Beraz, artzaina pozik dago bere ardi latxarekin. Anekdota hutsa besterik ez da eta ez dut sumatu artzainen aldetik arrazaz aldatzeko gogo handiegirik.
«Artzainek ikuspuntu ezberdinak dituzte etorkizunari buruz: iluna eta, aurkakoa, itxaropentsua»
«Gizartean zabalduta dagoen artzainaren estereotipoa baztertu behar da»
«Artzainek argi dute artzaintza eskoletan ikasten diren gaiak ez direla eguneroko lanerako nahikoa»