GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jakes Abeberri eta Peio Etxeberri-Aintxart (*) Biarritzeko eta Donibane Lohizuneko zinegotziak, hurrenez hurren

François Fillon, lehen ministro jauna

Auzitegi erabaki batek ezin du pikutarat bota aspaldiko urteetan interes kolektiboaren eta jendartearen behar premiatsuen alde hasitako lan sail balios eta ez bortitza: Euskal Herriko Laborantza Ganbera Lurralde Kontratuko diru laguntza eta neurri teknikoetatik at, galdegiten dizugu, beraz, Euskal Herrian benetako prozesu politiko bat abiatzea

Lurralde Kontratua izenpetzera etorri zara Euskal Herrira eta kari horretara Abertzaleen Batasunak herri honetako funtsezko arazoak aipatu nahi dizkizu.

Herri honetan demokrazia arazo handi bat, kasik eskizofrenia politiko bat bada! Alde batetik, herri honen etorkizunaz urraspide hitzartu errepikatuak eta, bestaldetik, adieraziak diren eskaera politikoak kontuan hartzeari eman ezezko tematua. Alde batetik, instituzio ezagutza baten aldeko eskaerak, maiz errepikatuak izan direnak, eta bestaldetik botereengandiko erantzun teknikoak.

Lurralde Kontratua ekarri duen Euskal Herria 2020 gogoetaldiari buruz, Abertzaleen Batasunak dauka urraspide hori bera baikorra dela, ehunka lagun bildu dituelako lurralde honen etorkizunaz gogoetatzeko. Nortasun eta lurralde kontzientzia azkar eta berezi baten lekuko da lurralde hau.

Haatik, lurralde hitzarmen horrek duen «xingola pollit eta estalki eder» itxurak ez du batere engainatzen AB. Lurralde hitzarmen horren inguruan egina den taulagaineratzeak ez du Euskal Herriko jendeari sinetsaraztea beste helbururik, baizik eta hemen badagoela «gobernantza» molde bat beste inon baino goragokoa eta ondoriotsuagoa dena eta, beraz, Euskal Herria hobeki ezagutua dela instituziorik gabe instituzio batekin baino! Eta bizkitartean, 2002ko deserdiratze eztabaidan, Hautetsien Kontseiluak, ia bere osotasunean, mozio bat bozkatu zuen, Euskal Herria «ezagutua eta aintzat hartua» izan zedin galdetzen zuena!

Alta, Euskal Herria 2020ko aitzinikuspenak, estali duen aldiaz baizik ez hitz egiteko, ikusi du Euskal Herriko departamendu baten sortzeaz kontsulta baten egiteko eskaera egin duela jendetzaren %16k, 32.800 sinaduren bidez. Noiz antolatuko da?

Denbora berean Euskal Herriarentzako berezko laborantza ganbera sortzeko ezetzari buru eginez, laborariek, barnealde nahiz kostaldeko jendarteko sektore zabalek lagundurik, kalitatezko laborantza sustatzeko egitura sortu dute, Euskal Herriko Laborantza Ganbera. Abertzaleen Batasunarentzat ezin onartuzkoak bezain kriminalak dira Pariseko gobernuaren ordezkaria den prefetaren errabia eta erasoak EHLGren kontra. Ez dugu pentsatzen gisa horretako metodoak, gisa bereko erakunde baten kontra erabiliak izan litezkeenik Charente-Poitou edo Provence aldean. Hala eta guztiz ere, Mixel Berhocoirigoinek ez du sostengu eskasik izango buruilaren 18an Baionako auzitegiaren aitzinean! Euskal Herriko laborantza garapen politika iraunkor baten aldeko guztiak han izango gara kopuru handian: auzitegi erabaki batek ezin duelako pikutarat bota aspaldiko urteetan interes kolektiboaren eta jendarteko behar premiatsuen alde hasitako lan sail balios eta ez bortitza.

Baina sartze honetako aktualitateaz haraindian, Euskal Herriko egoera larria aipatu nahi dizugu, eta Estatu frantsesak bertan duen erantzukizuna. Badira urteak eta urteak Frantziak Madrilen eskuetan utzi duela delako «euskal arazoaren» kudeaketa, haren politika itsuki jarraituz. Gaur egun politika horren porrota eta lanjerra argi eta garbi geratzen ari dira, oinarrizko eskubideak, Europan beste inon egiten ez den bezala, zangopilatuak direlarik. Frantses gobernamenduaren itsukeria Ipar Euskal Herriaren geroa ere Madrilen erabakitzen dela onartzeraino joan da, hots, Errepublikako lurralde zati baten gainean bere burujabetza ukatuz (behin baino gehiagotan, argudioak agorturik, «departamendua ez da izanen Madrilek ez duelako nahi», entzun baitugu frantses agintarien ahotan). Bada garaia Frantziak stop erran diezaion Madrili, ez diezaion gehiago babesa eman, Europan lotsa sortzen duen politika antidemokratiko bati. Euskal Herriko gatazka historikoari konponbide demokratikoa atzemateko Madril ez da gai. Europak gaia eskutan hartu behar du, Frantziaren iniziatibaz. Lehen urrats gisa galdegingo dizugu Hegoaldeko herritarren kanporatze eta estradizioak berehala paralizatzea.

Gatazka konpondu eta gainditu bitartean euskal presoen gaia aipatu nahi dizugu. Presoak hurbiltzea bidezko eta legezkoa bada (Sarkozyk erranik 2005ean, barne ministro zela), zergatik dispertsioa luzatu eta areagotu, familien zigorra eta sufrimendua indartuz?

Azkenik, Ipar Euskal Herriko ezagupenaz hitz egin nahi dizugu. ABk bereziki azpimarratu nahi du lurralde eta hizkuntzaren ezagupen beharra, instituzio eta koofizialtasun estatutu batzuen bitartez.

Lurralde Kontratuko diru laguntza eta neurri teknikoetatik at, galdegiten dizugu, beraz, Euskal Herrian benetako prozesu politiko bat abiatzea. Jendartetik sortu eskaerak kontuan hartu eta prozedura demokratikoen bitartez herri honen biztanleen iritzia bilduko duen prozesu honek erreforma politikoak ekarri beharko ditu, herri honen etorkizuneko kapitulu berri bat, dinamikoa bezain eraikitzailea, irekitzeko gisan.

Onar itzazu, lehen ministro jauna, gure agurrik onenak.

(*) Mikel Iturbide Angeluko zinegotziak eta Andde Sainte-Marie Abertzaleen Batasuneko bozeramaileak ere sinatu dute artikulu hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo