«Bi traineru atzean ez uztea porrota da guretzat»
Kaikuko prestatzailea
2007ko neguan itzuli zen Jose Luis Korta Sestaora, 70eko hamarkada amaieran eta 80eko hasieran sekulako garaipenak eskuratu zituen lekura. Helburua arraun elkartea berriz ere goi-mailara itzultzea eta Sestao arraunaren mapan jartzea zen. Asteburuan urrats handia eman dezakete bide horretan.
Asier AIESTARAN |
Apirilean bete zituen 59 urte Ortzaikako prestatzaileak eta Kontxan patroi lanetan ikusi berri dugu. Argi hitz egiten du beti eta eskertzekoa da.
Zer moduz helduko zarete bi estropada garrantzitsuenetara?
Ustez ondo, baina ikusiko dugu larunbatean eta igandean zer gertatzen den. Urte osoko lana ondo egin ondoren, asteburu honetan gure helburua lortzen ez badugu porrota izango da. Jokatutako beste estropada guztiak irabazi ditugu, ligakoak gutxienez. Orain arte gauzak ondo joan dira, baina aste honetan bi traineru atzean uzten ez baditugu, dudarik gabe, porrota izango da guretzat. Entrenamenduetan ondo gabiltza, ilusio handiz. Badakigu ez dela erraza izango, baina gauzak ongi eginda badakigu saria izango dugula.
Zuen azken hiru estropadak erlojuaren aurkakoak izan dira. Pozik geratu al zineten emaitzekin?
Aurrenekoa Orion izan zen eta ligako ontziak ere kontuan hartuta bosgarren denbora egin genuen. Castron ilusioa irabaztea zen, baina Meira segundo bat aurretik izan zen. Azkena Kontxako kanporaketa izan da eta uste dut urteko estropadarik onena egin genuela. Suerte pixka bat falta izan genuen azken momentuan badia barruan, olatu pare batek ihes egin zigun eta hantxe galdu genituen bost segundo. Baina horiek ez dute balio, eta orain bai Bermeon eta bai Portugaleten gure lana ez badugu ongi egiten horrek ez du ezertarako balioko. Esaten den bezala, onenak irabaz dezala.
Zazpi propio sartu beharko dituzue. Eraginik izango al du?
Bai Orion eta bai Castron tripulazio berarekin jardun genuen. Ustez propio bat gutxiago sartu behar zen, baina TKE-k antolatzen zuela-eta, zazpi propio sartu behar izan genituen. Azkenean hori gertatzen da. Propioak guztiok dauzkagu, baina goi-goian dabiltzan ontzietan kanpoko jendeak hiru-lau urte egin ditu jada eta propiotzat hartzen dituzte. Hori da guk daukagun desabantaila. Kaiku elkarte berri bat da. Besteek jada propioak eginda dauzkate, nahiz eta kanpotik etorritako jendea izan. Baina bagenekien hasi aurretik zer geneukan eta dagoenarekin aurrera egin behar dugu.
Bermeon itsasoan eta Portugaleten ibaian. Zer nahiago?
Egia esan, ez dakit. Askotan gauza bat uste dugu eta gero beste aldera irteten da. Itsasoko estropada askotan ibaian baino olatu gutxiago egoten da. Non eta, Portugaleten! Askotan epaileak atzetik joaten dira bi motora handirekin edo handi bat eta beste txiki batekin. Haiek sortzen duten olatua eta kontrastearekin askotan itsasoan baino okerrago egoten da. Aurten ibili izan gara entrenamenduren batean Portugaleten eta ibaian olatu gehiago zegoen itsasoan baino. Baporeek egiten dituzten olatuengatik izaten da, errebotatuta iristen direlako. Onena da denok kale batetik joango garela eta ez dugula aitzakiarik izango kale hobea edo txarragoarekin, eta hiru minuturen barruan irtengo garela denok.
Arkote, Laredo eta Meira. Nork ematen dizu beldur handiena?
Denek, baina Laredok ematen du ahulena, azkena ibili da denboraldi osoan. Beldur handiagoa diet Arkoteri eta Meirari. Laredori errespetu osoa diot, baina igoera beste hiruron artean egongo dela iruditzen zait. Laredok orain artean erakutsitakoa baino askoz maila hobea eman beharko du beste hiruren parean ibiltzeko.
Bukatzeko, larunbatean lau autobus joango omen dira Sestaotik Bermeora. Kaiku berpiztu duzue.
Eskertzekoa da. Kanpokoak baldin badira ere bai, eta zureak baldin badira are hobeto. Ikusi besterik ez dago Castrok zenbat jende eraman zuen Donostiara aurreko igandean. Kolore hori ikaragarria izaten da eta ea jauzi hori ematen dugun. Aurten autobus mordoxka joaten badira ea hurrengo urtean gehiago diren. Kaikuk badu bere historia Bizkaian, eta berriz ere lehen zuen mailan jarri behar dugu. Badakigu muturrekoa hartuta ere itzul gaitezkeela etxera, eta gauzak asko aldatzen dira orduan. Baina zenbat eta zale gehiago ibili talde bakoitzaren atzetik, orduan eta hobeto. Hori izaten da kirol guztietan gauzarik politena.