Unai Larreategi EHEko kidea
Bidea, hizkuntza burujabetza
Eraikitzen ari diren Europar Batasunak ere hizkuntza komunitate gutxituak desagertzeko bidera daramatza Herri eta komunitateen hizkuntzaren garapena, transmisioa eta normalizazioa lortzeko beharrezko diren baliabideak kudeatu ahal izateko behar dugu hizkuntza autodeterminazioa
Europako Jendarte Foro berri bat hasi berri da. Bestelako Europa bat eraiki nahi dugunon amets, lan zein borroken erakusleiho izango den elkargunea. Hamaika gairen inguruan beste hainbat irakaspen jaso, eman eta eztabaidatzeko gune aberatsa bihurtuko da aurten Malmo (Suedia), bertan hasi baita aurtengo Jendarte Foroa, irailaren 17tik 21era.
Euskal Herritik ere bertaratuko gara, kontu ezberdinen inguruan jarduteko gogo biziz bertaratu ere. Gure kasuan, hizkuntza gutxituen gaian sakontzea izango dugu helburu nagusi. Estatu hizkuntzak ez diren hizkuntzen zapalkuntza agerian uzteko eta alternatiba herrien Europan kokatzeko.
Gaur egun eraikitzen ari diren Europak, mendeetan Europan izan diren inperioek bezala, mapatik desagerrarazi nahi gaitu lurralde honetako hainbat hizkuntza-komunitate eta, ondorioz, hainbat herritar.
Europa berri baterako pausoak eman nahi baditugu, ezinbestekoa da herritar guztien arteko berdintasuna zutabe izatea eta Europako berezko hizkuntzak kontuan hartzea, Europa diskriminatzaile baten sorrera sustatu nahi ez badugu behinik behin.
Estatu gehienek, bai eta egun Europar Batasuneko instituzioek ere, joera arras baztertzailea agertu izan dute, eta geure hizkuntzetako asko hiltzeko zorian jarri izan dituzte. Gutaz urtean behin besterik ez dira oroitzen ekitaldi ikusgarriren batean. Hala ere, gu ez gara museoan ondare gisa erakusteko altxorrak, geure hizkuntzak biziak dira eta geure hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugun herritarrak gara.
Horrela, estatuetan oinarritutako Europak estatuetako hizkuntzak besterik ez ditu kontuan hartzen eta, beraz, Europako berezko hizkuntzei existentzia aitortu ere ez digu egiten. Halaber, estatuen esku uzten du estatu barneko hizkuntza-politika, gehienek lurraldeko berezko hizkuntza komunitateen aurkako eta hizkuntzen desagerrarazteko politikak darabiltzaten arren.
Eraikitzen ari diren Europar Batasunak ere hizkuntza komunitate gutxituak desagertzeko bidera daramatza. Herritarren oinarrizko eskubide diren hizkuntza-eskubideak ez ditu bere egiten, hizkuntza komunitateetako lurralde naturalak zatitu egiten ditu, gure hizkuntzak zokoratu egiten ditu, hizkuntza-eskubideak ez ditu oinarrizko eskubidetzat hartzen... Atzerritar bihurtu nahi gaitu geure lurraldean.
Ohikoa izan baita munduan estatu edota inperioek herri eta hizkuntza komunitateak estatu egituretara makurtuak izatea. Kolonialismo honen lehen biktima herrien autodeterminazio eskubidea da. Zapalketa hori identitate eskubidearen ukazioan oinarritu izan da, munduan zehar giza kulturaren dibertsitatea osatzen duten herri eta komunitateen hizkuntza autodeterminazioaren ukazioan, hain zuzen.
Herri eta komunitateen hizkuntzaren garapen, transmisio eta normalizaziorako beharrezko diren baliabideak kudeatu ahal izateko behar dugu hizkuntza autodeterminazioa. Hau da, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea.
Aldarrikapen hau izango da, beste hainbat herritako ordezkariekin batera (Herrialde Katalanak, Gales, Kurdistan eta Flandria esaterako), Malmon egingo dugun eztabaida saioaren ikur nagusia. Egoera soziolinguistiko zein politiko ezberdinak izanagatik, guztiok ikusten baitugu ezinbestekoa eskubide horren alde indar egitea. Bakoitzak, bere herritik bere herrira egingo dugunaz gain, guztiok batera egin dezakeguna zehaztea izango delarik erronka nagusia.
Oinak lurrean eta burua bere lekuan noski, baina gaur egungo egoera iraultzeko asmo zintzoarekin. Izango duzue bertako berri.