GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Salbuespen egoerak elkartasuna kartzelatu du

Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako erasoa 21 kideren kontrako kartzela zigor gogorrean mamitu zen atzo, «erakunde armatuko kide» direla erabakita. Euskal Herriko ezker independentista ezabatu nahi duen estrategia errepresiboak, hartara, beste urrats bat egin du ideiak zigortzen. Atzokoan elkartasuna ere zigortu zuten Auzitegi Nazional espainolak kartzelarekin zigortutako lagun horien larruan. Euskaldunen giza eskubideen urraketa agerian jarri eta salatzen duen elkartasun berbera eta, hain zuzen, Estatu espainoleko eskoletan sustatzen omen duten balioa, nahiz eta, aldi berean, gustuko ez dituzten joera politikoak ez ezik, haiekiko elkartasuna ere zigortzen duten. Edozein euskal herritarrentzat ez da ezustekoa izan, ordea. Ez dago zalantza handirik aldez aurretik hartutako erabakia dela, estrategia politiko baten testuinguruan, iragarri duena auzitegi bat -salbuespen auzitegi bat- izan arren, Estatu espainolak bere buruari «zuzenbidezko» deitura esleitu baitzion orain dela 30 urte, baina amnistiaren aldeko mugimenduaren kontrako prozesuak eta estrategia bereko gainerakoek goitik behera gezurtatu dute halako izaera dagokionik.

Euskal Herria salbuespen egoeran dagoela salatu ohi dute herri honetako eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik, salbuespentzat baino ezin baitaiteke jo erakunde politiko eta sozialak legez kanporatu eta horietako kideak, delitu konkreturik aipatu ere egin gabe, kartzelatzea, edo hedabideak ixtea, edo euskal presoen kontrako neurri bereziak, edo haiekiko elkartasuna zigortzea, eta gisako jardun gutxienik irregularren segida amaigabea. Hala ere, Estatu espainolaren begietan egoera hori ez da salbuespenezkoa, normala baizik, Euskal Herriarekiko bere harremanetan salbuespena du-eta araua.

Herenegun Gobernu espainolak aurrerapausotzat jo zuen EAE-ANV legez kanpo ezartzea Euskal Herriko «egoera politikoa normalizatzeko prozesuan». Gobernu horrek berak, ordea, euskal herritar gehienek bezala, ondo asko daki normalizazio politikoa alderantzizko norabidera joz baino ezin dela lortu, hain zuzen, muga bakartzat euskal herritarren eskubideak eta borondatea dituzten elkarrizketaren eta akordioaren norabidean. Atzoko ebazpena herenegungoaren norabide berean egina da. Berriro ere, eta egoera larriaren erakusgarri, estatu arrazoia nagusitu da; alegia, desarrazoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo