GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Zesta-Punta Enpresen arteko Munduko Txapelketak

Arrakastaren bikoteari heldu zaio banantzeko garaia

Enbil herrikidearekin azken bost txapelak jarraian eskuratu ostean, Cisneros mexikarrarekin jokatuko du Goikoetxeak. Bakarka ere faborito da zumaiarra

p046_f01_111x111.jpg

GARA | BILBO

Profesional mailako pilotan txapelak pilatzen artistarik bada, hori Iñaki Osa, Goikoetxea, dela esan dezakegu, ez baititu alferrik azken zazpi urteetan hamar Munduko Txapelketa irabazi; bost bakarka eta beste hainbeste binaka. Azken hauek, gainera, Enbil herrikidearekin jarraian irabazi ditu zumaiarrak. Aurten ordea, txapelketari bizitasuna emateko eta orekatuagoa izan dadin edo, antolatzaileek historiako bikoterik arrakastatsuena banandu dute eta, horrenbestez, aurrelariak Cisneros mexikarrarekin jokatuko du eta atzelariak Zelaia izango du aurrelari.

Dena dela, Buruz Burukoarekin ekingo zaio asteburu honetan Miami, Dania, Orlando, Master Jai eta Eusko Basqueko pilotariak elkartuko dituen enpresen arteko txapelketari.

Iazko txapelketan irabazle atera ostean, azken zazpi txapelketetatik bost irabazi ditu (2004ean Bereikuak eta 2005ean Landerrek jantzi zuten txapela), Goikoetxea finalerdietarako sailkaturik dago zuzenean, baina gainerako zortzi lehiakideek partida bakarrera jokatuko den ligaxka batean hartu beharko dute parte, geratzen diren hiru txarteletako bat eskuratzeko. A multzoan Enbil, Lander, Irastorza eta Baronio arituko dira eta B-an, aldiz, Arriaga, Zelaia, Elizegi eta Hormaetxea. Multzo bakoitzeko bi onenak elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan eta bi multzoetako bigarren onenak egungo txapelduna izango du aurkari, urriaren lauan jokatuko den finalean leku bat lortzeagatik.

Bi berrikuntza binakakoan

Urriaren 10ean hasiko den Binanakako txapelketan, aro berria irekiko duen bikotearen haustetik haratago, bi izango dira aurtengo Munduko Txapelketaren berrikuntzak.

Goikoetxearen bikote izango den Joey Cisneros izango da horietako bat, izan ere, Paueko Kiniela Mundialean laugarren izan zen mexikarrak ez baitu sekula hego Euskal Herrian jokatu. Goikoetxearen anaia, Luis, izango da beste nobedadea. Bera ere Floridatik etorriko da eta Irastorzaren aurrelari lanetan arituko da zumaiarra.

Binakakoan ez da egongo aurretiaz inor finalerdietarako sailkatuta. Baina hemen ere lauko bi multzo egongo dira eta bi onenek izango dute finalaurrekoetan jokatzeko eskubidea. A multzoan Goikoetxea-Cisneros (Miami), Zelaia-Enbil (Dania), Lander-Felix (Master Jai) eta Alberdi II.a-Alberdi III.a (Master Jai) lehiatuko diren bitartean, B multzoan Luis-Irastorzak (Miami), Arriaga-Oiarbidek (Dania), Baronio-Elizegik (Orlando) eta Olha-Alliezek (Donibane Lohizune) hartuko dute parte.

Binakako txapelketa hau urriaren hamarrean hasiko da eta finala Gernikan jokatuko da, hilaren 26an. Buruz buruko finala, aldiz, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan izango da eta gainontzeko partidak Berriatuara, Munitibarrera ere eramango dituzte antolatzaileek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo