Martxel Toledo Garmendia ESAITeko koordinatzailea
Eskerrik asko Izarra, eskerrik asko Euskal Herria
Ika-mikak alde batera utzi, eta bakoitza bere eremutik abiatuz, goazen guztiok elkarlanean selekzioaren ofizialtasunaren aldeko urratsak ematera eta eskubide hori nazioartean lau haizetara aldarrikatzera, eta, bide batez, defenditzera
ESAITek antolatuta, aurreko larunbatean Izarran (Araba), Euskal Selekzioaren Eguna ospatu genuen. Egun osoko aldarrikapen festa izan zen, ekimen hau antolatzeko garaian argi baitugu aldarrikapenak izan behar duela festaren lehentasuna. Eguerdi partean, «Nazio bat, selekzio bat» lelopean, ekitaldi nagusia antolatu genuen eta bertan egon ziren, besteak beste, Arabako diputatu nagusiaren ordezkoa (EAJ), Euskara, Kultura eta Kiroletako diputatua (EA), Gazteria eta Gizarte diputatua (Aralar); Izarrako Udalaren izenean, berriz, herriko alkate ez-ofiziala (EAE-ANV) eta EAJko alkate ofiziala eta EAko zinegotziak. Eta alderdi politiko eta sindikatuetako hainbat ordezkari (EAE, EA, EHAK, LAB, HIRU...). Beraz, ordezkaritza politiko zabal eta anitza bildu zen Izarran.
Ekitaldian ESAITeko lehendakari Itziar Arratibelek azpimarratu zuen Euskal Herriko kirolari guztiak ordezkatuko dituen egitura nazionalak, hau da, federazio nazionalak, sortzeko eta nazioartean Euskal Herria ordezkatuko duen selekzio ofiziala lortzeko eman behar diren urratsak emateko garaia iritsi dela, nazio gisa eskubide hori dagokigulako. Arabako Foru Aldundiaren izenean, Lorea Lopez de Lacalle Euskara, Kultura eta Kiroletako diputatuak, berriz, Euskal Herriak bere selekzio propioak izateko daraman borroka zilegi dela esan, eta ofizialtasunaren aldeko sentimendua euskal gizartean gero eta txertatuago dagoela adierazi zuen. Beraz, ekitaldian, besteak beste, Euskal Herriak bere selekzio ofiziala izateko duen eskubidea aldarrikatu, eta horren aldeko borroka zilegia dela azpimarratuta gelditu zen.
Baina ESAITeko lehendakariak beste zerbait ere esan zuen. Guztiok hitzetatik ekintzetara pasatu behar genuela azpimarratu zuen. Eta hori da gaur hemen guk berriro gogora ekarri nahi duguna, hain zuzen, konpromisoa; finean, aldarrikatzen ari garena hori gabe ezerezean, hitz politetan geldituko delako.
Izarran berriro frogatuta gelditu da euskal selekzioaren ofizialtasuna irizpide hartuta elkarlanean aritzea posible dela. Izarrako herriak egunaren antolakuntzan parte zuzen eta aktiboa izan du eta ESAITek beraiei esker antolatu du eguna. Ekitaldian, ofizialtasunaren aldarrikapenak gizartearen eta alderdi politikoetako ordezkaritzaren babesa jaso zuen. Izarran ikusi genuen euskal selekzioak sentsibilitate politiko ezberdinetako jendea elkartzeko balio duela. Izarran sumatu genuen euskal selekzioak egun pairatzen duen egoerari konponbide bat bilatzeko, batzuen aldetik behintzat, badagoela borondatea. Eta ez da gutxi. Orain borondate hori nola gauzatu asmatzen jakin behar dugu. Eta hori guztion ardura da, instituzioena, alderdi politiko eta eragile sozialena, kirol elkarteena, kirolariena... euskal gizartearena.
Beijingen egin berri diren Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan Espainia eta Frantzia ordezkatuz aritu diren euskal kirolariek berriro erakutsi dute kirol maila handia dutela eta nazioarteko goi mailako beste kirolarien parean lehiatzeko gai direla. Baina, tamalez, ez dute euskal herritar gisa erakusteko aukerarik izan, herri honi aukera hori ukatzen dioten bi estatu horien izenean aritu direlako. Eta euskal kirolariak direnez, gehiengo handi batek behintzat, lehiakortasun hori euskal selekzioarekin erakustea nahiago izango zuten, baina zoritxarrez, oraingoan ere, ezin izan da eskubide hori bermatu. Galdera da: noiz arte horrela, Espainia eta Frantziaren menpean?
Diadan, aberri egunean, katalanek Espainiari gol bat sartzen ziotela irudikatu nahi izan zuten. Horretarako, San Jaume plazan ate bat jarri, eta barruan Espainiako futbol selekzioaren irudia zintzilikatuta, nahi zuenari gol bat sartzeko aukera ematen zioten. Eta jakina, Kataluniako gizarteak Espainiarekiko duen amorrua ikusita, ez da harritzekoa ekimen horrek izan zuen arrakasta, hedabide askotan aipatua izan delarik. Baina Kataluniak eta Euskal Herriak, biek ala biek, kirol selekzioei dagokionez egun bizi duten errealitateak ez du zerikusirik Diadan antolatutako parodiarekin, zeharo kontrakoa delako. Espainia eta Frantzia aspalditik ari baitira, bai Kataluniari, bai Euskal Herriari, «goleadaz» irabazten, politikoki bulegoetan hartzen dituzten erabaki maltzurrekin ez digutelako euskaldunei inongo aukerarik ematen geuretzat ditugun nazioa eta koloreak ordezkatzeko.
Beraz, ika-mikak alde batera utzita, bakoitza bere eremutik abiatuta, goazen guztiok elkarlanean selekzioaren ofizialtasunaren aldeko urratsak ematera eta eskubide hori nazioartean lau haizetara aldarrikatzera eta, bide batez, defenditzera. Hori delako, gure uste apalean, besteak beste, herri honek nazioarteko txapelketa ofizialetan bere selekzio propioa izateko duen eskubidea gauzatzeko aukerarik egokiena, Espainiari eta Frantziari men eginez ez dugulako inoiz lortuko.
Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna ardatz hartuta, ekin diezaiogun konpromisoari, heldu diezaiogun erronkari, eta egin dezagun aurrera, Izarran elkarlanean aritzeko gaitasuna eta borondatea adierazi genituen bezala.
Eskerrik asko Izarra, eskerrik asko Euskal Herria, eta gora Euskal Herriko selekzioa!